Brasilgo Munduko Kopa. Honduras 0. Suitza 3. Ekuador 0. Frantzia 0

Xerdan Xakirik hurrengo fasean sartu du Suitza, Frantziaren atzetik

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Xakirik (6. min); 0-2: Xakirik (31. min); 0-3: Xakirik (71. min).

Xerdan Xakirik Suitzako jokalari onena dela erakutsi zuen berriz ere, eta atzo bere selekzioa final-zortzirenetan sartzeko ardura hartu zuen. Jatorri kosovarreko erdilariak partida bikaina egin zuen, eta hiru gol sartu zizkion Hondurasi. Horrekin, baina, ez zen aski, Ekuadorrek ez irabaztea behar zuen Suitzak, eta Frantziak mesedea egin zion. Emaitza horiekin, Frantziak bukatu du E multzoko lehen postuan eta Nigeriaren jokatuko du final-zortzirenetan, ekainaren 30ean. Suitzak, aldiz, Argentinaren aurka jokatuko du, uztailaren 1ean.

Suitzak irabazi eta itxaron egin behar zuen, eta badaezpada ere etxeko lanak goiz hasi zituen. Xakirik gol ikusgarria sartu zuen 6. minutuan eta Ekuadorren gain utzi zuen presioa. Munduko Kopako gol onenetarikoa izan zen. Ezkerrez jo zuen, areaz kanpotik, eta gurpilaren eraginez eskuadratik garbi-garbi sartu zen. Bigarren zatian sufritu arren, Suitzak aurkaria baino hobea izan zen. Ordu erdira sartu zuen bigarrena Xakirik (31. min), interes guztia beste partidan utziz.

Ekuadorrek garaipena behar zuen sailkatzeko baina lehen zatian merezimendu gutxi egin zuen. Frantziak ere, ez ohiko jokalari askorekin, Munduko Kopako partida ilunena jokatu zuen. Hondamendi batek bakarrik utz zezakeen final-zortzirenetatik kanpo eta erlaxatu egin zen. Ekuadorrek, bere aldetik, ez zuen argirik izan, baina bigarren zatian gora egin zuen. Valencia egotzi zutenean hobeto jokatu zuen eta aukeraren bat edo beste izan zuen kontraerasoan. Xakiriren hirugarren gola (71. min), baina, kolpe latza izan zen. Ekuadorrek bi goleko aldearekin irabazi behar zuen, eta presak ez ziren lagun ona izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.