Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. IRITZIA

Herensugeen amaren rolean

2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Azken boladan gazteluak eta herensugeak tarteko, ezagun (ezagunago) bilakatu da Zumaia, Game of Thrones telesailaren grabaketa dela-eta. Bertso eskola emankorra, bertsozale aditu andana eta bertsolaritzari hainbat arlotan bultzada eman dioten zenbait pertsonaren sorleku da, ordea, ezer baino lehenago guretzat Zumaia. Edozein kasutan, saioa baino lehen Itzurun hondartzan udazken argi goxotan egindako osteratxoa eta gero Aitzuri pilotalekura sartu eta Nerea Ibarzabal halako nagusitasunez saioa irabazten ikusteak ekidinezin bilakatu zuen konparazioa egitea: han zegoen, oholtza gainean, Markina-Xemeingo gure Khaleesi, Herensugeen Ama, bere ahots eder eta bertso zorrotzez herriari zuzenduz...

Bertso kritiko puritanoek esango dute teknikoki bertsoak fintzea falta zaiola edo baita noiz edo noiz zabarkeriaren batek ihes egiten diola ere. Litekeena da hori ere hala izatea. Baina genioen ateraldiak dauzkala ez du inork zalantzan jarriko. Eta seriean ekoiztutako bertso homogeneo xamarren aroan bizi garen honetan, basamortuko bidaideak ur tragoxka nola, halaxe eskertzen dugu bizkaitarraren freskotasuna. Nahikari Gabilondorekin zortziko txikian egindako bertsoaldia aipa genezake adibide gisa, baita kartzelan kantaturiko bertso lotsagabeak ere. Konplexurik gabeko saioa osatu zuen, labur esanda.

Nahikari Gabilondo eta Miren Artetxe sailkatu ziren markinarraren ondotik, puntutan berdinduta, gainera. Akatsik gabeko saioa egin zuen zarauztarrak; hendaiarrak bertso oso bisualak kantatu zituen une oro, puri-purian dauden erreferentzien bitartez entzulea kitzikatuz. Bien artean egon zen parekotasunaren seinale, zortziko nagusian osatu zuten bertsoaldia, hoteleko gelak garbitzen ari ziren garbitzaile biren rolean. Miren Artetxeren hirugarren bertsoa, errealitatearen islada gordina: «Besteen poza bilakatzen da / gu biontzako desgrazi / egoerari buelta ematen / oraindik ez dut ikasi / artrosian ta lunbareetan / hobe ez pentsatu kasi / hotelekoak bukatzen dira / eta etxekoak hasi».

Saioko hiru gizonezkoak nabarmen atzerago geratu ziren, puntuei erreparatuz bederen. Saioaren amaieran, irteerako korrotxoetan, Arkaitz Oiartzabal Xamoa goraxeago kokatzen zuenik ez zen falta. Bertsotan egoki egin zuen, ohi duen moduan, baina gose eta amorru pixka bat falta izan zitzaizkion agian, hiruzpalau dozena puntu gehiago pilatzeko. Asier Otamendik oso gorabeheratsu hasi zuen jarduna, kantaturiko bere lehen bertso puntuagarrian deskuidoan kantukideari bidea oztopatzeraino, baina ariketaz ariketa gorantz egin zuen, eta kartzelakoan helduleku originala eta freskoa aurkitu zion gaiari, ez gainera ariketa horretako lehen bertsoaren bukaerak iradoki zezakeen arinkeriaz segida emanaz bertsoaldiari. Ibon Ajuriagojeaskoa ere paretsu puntutan, bizi kantatuz eta baita tarteka zertzelada ederren bat utziaz ere, Nahikarirekin hamarreko txikian egindako bertsoaldian, kasurako. Alabaina, Herensugeen Amaren azpitik denak ere. Tolosako hitzordua baino ez zaigu falta lehen txanpari akabera emateko. Jon Snowren rola joka dezakeen bertsolariaren bilaketa abian da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.