IRITZIA

Antzerkia (hala eta guztiz ere) ez dago krisian

Jose Antonio Vitoria
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Zerbaiti buruzko munduko egunek urte osoa estaltzen dute, santu-izendegi laiko berri bat bezala, gure kezka-sorta zabal osoarekin. Hormatxoriek ere badute beraien eguna, hilabete honetan bertan ospatu berri dena. Hormatxoriak, gure haurtzaroko zumardiak beraien txio karrankariekin gainezka betetzen zituztenak, dirudienez gaur egun gutxiago dira, %10 gutxiago (Aurreko urtearekin alderatuta? Gure haurtzaroarekin alderatuta?), eta atzerakada hori gure ingurunearen narriaduraren adierazle argia da.

Geuk ere, duela 57 urtez geroztik, Antzerkiaren Munduko Eguna ospatzen dugu. Gutxiago al gara? Zer ehunekotan? Zer garairekin alderatuz? Nolanahi ere, gaur, Antzerkiaren Munduko Egunean, milaka ahotsek, artistek, teknikarik eta ikuslek elkarrizketa bera izango dute dozenaka hizkuntzatan. Erritu baten, Arte Eszenikoen errituaren konplize dira (gara), jainkoen eta mitoen istorioak josiz hasi zena eta, hiru mila urte geroago, gizakiari eta ulertzeko eta eraldatzeko duen grinari lotuta jarraitzen du. «Giza bitartekoa definizioz», adierazi zuen Camusek.

Eta urteroko hausnarketa hori antzerkiaren, artearen eta gizartearen arteko harremanean oinarritzen da nahitaez, norberaren azalpena egiteko elkarrekiko premia duten hiru errealitate. Hiruetako edozeinek bere funtsa galduko luke beste biak desagertuko balira. Aliantza horri buruz hitz egiten du Simon McBurney eszena-sortzaileak aurten idatzi duen manifestuak, honako hau adierazten duenean: «Diplomaziak eta politikak oso beso motzak eta ahulak dituzten une honetan, artearen irismen delikatu baina zenbait kasutan luzeak giza komunitatea elkarturik mantentzeko zama jasan behar du».

Zeregin hori betetzeko, antzerkia ez dago krisian. Ezta euskal antzerkia ere ez, azken urteotan zumardi hauetatik iristen diren txioekin fio bagara. Ez dago krisirik bere aniztasun narratibo eta estetikoan, eta, gainera, une honek bere une onenetako bat dirudi produkzioari (tituluen eta emanaldien kopurua), bere proposamenen gai-pluraltasunari eta antzezleen eta teknikarien kalitateari dagokienez. Zorionez, hormatxorien aurkako noranzkoan goaz, edota ameskeria besterik ez da?

Antzerkiaren Eguna San Joan bezperan ospatuko balitz, argi dago sutara bota beharreko deabruak ez liratekeela falta izango: merkatu eszenikoaren (emanaldiaren, hobeto ulertzeko) zailtasunak, kultura-lanerako babes-esparru egoki baten premia, edota finantzaketarako bide berrien bilaketa eta fiskalitatea, adibide batzuk jartzearren. Baina urgentzia guztien artean, batek protagonismo nagusia du: ikusleak. Are ikusle gehiago. Ikuslego berria. Ikuslego berriak. Txio gehiago zumardietan.

Gure autonomia-erkidegoan, Arte Eszenikoei buruzko politikek bi mugimendu handi sustatu dituzte. Batek udal-kudeaketako gune eszenikoen sare trinkoa garatu du, SAREA markaren gerizpean taldekatutako guneak, eta euskal geografia ia osorik estaltzen dutenak. Besteak konpainien inbertsio pribatua sustatzeko linea bat bideratu du, produkzio eszenikorako laguntzen bitartez; laguntza horiek ez dira inoiz ere nahikoak, baina hala eta guztiz ere gero eta asmo handiagoa duten erronkei aurre egiteko gai den produkzio-sare bat finkatu dute.

Iritsi da bi ildo handi horiek bat egiteko unea, kupula honi eusten dion funtsezko harrian: hau da, ikusleengan. Gure ikusleekin daukagun harremanari buruzko I+G+Bren garaia da, etengabeko asalduran dauden estimuluez gainezka dauden une honetako kultura-ohituren aniztasunarekin lehian aritu ahal izango den agente publiko eta pribatuen estrategia bateratu batean. Erronka paregabea da, arlo eszenikoa norbanakoen ongizaterako eta gure gizarteak aurrerantz jarraitzeko aukera esanguratsu bat bezala aldarrikatzea dakarrena.

Hori lortzeko, ezinbestekoa da urte anitzetarako estrategia bat prestatzea, tokiko ekintzak sustatuko eta, aldi berean, hiru lurraldeak herrialde-ikuspegiarekin koordinatuko dituena, agente guztiak tartean sartuz, bakoitza bere jardun-eremuan. Eta erronka hori Administrazio Publikoek hartu behar dute beren gain, ia emanaldi eszeniko guztiak arlo publikotik gauzatzen direlako, eta administrazioak dira hirugarren mugimendu hori gidatzeko beharrezko egiturak eta baliabideak dituztenak. Maila politikoari espazio publikoaren eta gizarte-bizitzari zentzua ematen dioten elementuen defentsa dagokio, elementu horien artean Arte Eszenikoak egonik.

Eta nola ez, ikusleak liluratzea maila pribatuaren nahia ere bada. Rosa Monterok kontatzen duen elezahar arabiar batean, merkatari batek eskaleari galdetzen dio: «Zer egin zenuen eman nizkizun txanponekin? - Batekin ogia erosi nuen, bizi ahal izateko zerbait edukitzeko; beste txanponarekin arrosa bat erosi nuen, bizitzeko arrazoi bat izateko». Egungo sisteman, sortzaileei zergatiak (arrosak) proposatzea dagokigu; eta maila publikoari, herritarrek (ikusleek) zergati horietarako sarbidea izan dezatela. Eta guztioi, buru-belarri lankidetzan jardutea bi gauza horiek gerta daitezen. Guztioi dagokigu adarrak txioez betetzea, askoz gehiago eta inoiz baino indartsuago izango bagina bezala. Denoi elkarrekin entzun diezagutela, abesbatza bakar nahasi bat osatuz. Antzerkiaren Eguna urtean behin izan ordez egunero dela aldarrikatzen duen zalaparta bakar bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.