Ez dago hobeto hasterik

Tom Dumoulinek hegan egin du Jerusalemgo kaleetan, eta lider jarri da Italiako Giroan. Chris Froomek 37 segundo galdu ditu

Ez dago hobeto hasterik.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Iazkoa bukatu bezala ekin dio aurtengo Italiako Giroari Tom Dumoulinek: arrosaz jantzita. 9,7 kilometroko erlojupekoarekin hasi zen atzo Giroa, Jerusalemen, eta Sunweb taldeko herbeheretarrak aurreikuspenak bete zituen. Hura zen erlojuaren kontrako saioa irabazteko hautagai nagusia, Rohan Dennisekin (BMC) batera, eta ez zuen hutsik egin. Alde horretatik, espero bezalako gidoia izan zuen aurreneko etapak: Dumoulin izan zen azkarrena, 12.02ko denborarekin, eta Dennis izan zen bigarren, bi segundora. Ordea, ezusteetarako tartea ere izan zen. Esaterako, kale egin zuen Chris Froomek (Sky). Erori egin zen ibilbidea aztertzen ari zela, eta akaso horrek eraginda, saio eskasa osatu zuen gero: 21. postuan sailkatu zen, Dumoulinengandik 37 segundora. Hortaz, hasi orduko kolpe gogorra eman dio iazko txapeldunak haren aurkari nagusiari.

Inondik inora ez zen espero Froomek hainbesteko galera izatea. Britainiarrak esana zuen Girora sasoiko iritsiko zela, Alpeetako Tourrean laugarren izan ondotik. Gainera, txirrindulari fidagarria da erlojupekoetan. Dumoulinen atzetik izatea espero zen; ez, ordea, ia 40 segundo galtzea. Atzo, baina, azkenaldiko saiorik txarrena osatu zuen, eta, hala, okerreko hankarekin hasi Giroa aurrenekoz bereganatzeko erronka. Hori bai, oraindik ia lasterketa osoa dauka aurretik, eta etapak sobera ditu atzo okertutakoa zuzentzeko. Hala nabarmendu zuen Froomek berak: «Dumoulinek denbora irabazi du, baina Giroa bide luzea da». Herbeheretarrak, berriz, betetzat jo zuen helburua: «Etapa irabazi eta sailkapen nagusiko aurkariei alde polita ateratzea desiratzen nuen».

Eguneko beste ustekabe handietako bat Simon Yates (Mitchelton) eta Domenico Pozzovivoren (Bahrain) jardun distiratsua izan zen. Ahulgune dute erlojuaren kontrako lana, italiarrak batik bat, baina atzo, haiek izan zuten galerarik txikiena igotzaileen artean. Yates zazpigarren izan zen, 20 segundora, eta Pozzovivo hamargarren, 27ra. Ziklista txiki eta meheak dira biak, potentzia gutxikoak, baina atzoko saioak, wattak baino gehiago, teknika eskatzen zuen. Ibilbide bihurria zuen, bihurgunez eta gorabeherez josia. Thibaut Pinotek (FDJ) ere nahiko ondo hartu zion neurria, eta 33 segundo galdu zituen.

Hautagai nagusien artean, Esteban Chavesek (Mitchelton), Fabio Aruk (UAE) eta Miguel Angel Lopezek (Astana) galdu zuten denbora gehien: 45, 50 eta 56 segundo, hurrenez hurren. Chavesek eta Aruk badakite zer den Giroko podiuma zapaltzea, baina sasoi hasiera eskasa osatu dute, eta atzo ezinari segida eman zioten. Lopez hobeto ibili da orain arte, baina atzo, Froomeri bezala gertatu zitzaion: erori egin zen prestaketa saioan, eta gero ez zuen maila eman. Kanstantsin Suitsu (Bahrain) ere lurrera joan zen erlojupekoaren aurretik, baina zorte txarragoa izan zuen hark, etxerako bidea hartu behar izan baitzuen. Mendiko etapetarako taldekide garrantzitsua galdu du Pozzovivok.

Bilbao, bikain, seigarren

Astana ez da kontent izango, galera handia izan zuelako taldeko liderrak. Bederen, bikain aritu zen Pello Bilbao. Espezialista izan gabe, seigarren izan zen, hemezortzi segundora. 12.20ko denbora egin zuen, eta helmugaratu zenean bigarren kokatu zen behin-behinean. «Ibilbidea ondo egokitzen zen nire ezaugarrietara, eta, azterketa egin ostean, erabaki dut saioa bete-betean egingo nuela», azaldu zuen etapa bukatu berritan.

Faboritoen lehia hasi arte, erlojupekoak ez zuen mami handirik izan. Dennisek behin-behineko denborarik onena egin zuen, ibilbidea 12.04an osatuta. Hortik aurrera, espezialista ugari saiatu ziren australiarraren marka ontzen, baina azken uneraino hura egon zen eserita irabazlearen aulkian, Dumoulin helmugaratu arte, hain zuzen. Aurretik, Victor Campenaerts (Lotto Soudal) Dennisen denbora berean sartu zen helmugan.

Bihar, esprinterren txanda iritsiko da. Tropelak 167 kilometroko egin beharko ditu, Haifatik Tel Avivera; gehienak ordekan, laugarren mailako mendate bat eta koska txiki batzuk kenduta. Azken kilometroak erabat lauak dira, kontrol lanerako ezin hobeak. Begirada guztiak Elia Vivianiri (Quick Step) zuzenduko zaizkio. Hura izan beharko litzateke, ustez, behintzat, azkarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.