Dokumentatzea, arte

Berenice Abbott argazkilariaren ibilbidea ikusgai jarri dute 'Topografiak' erakusketan, Donostian. Argazkigintza dokumentalean aurrendaria izan zen

Dorothy Whitneyri egindako erretratua, Parisen, 1926an. KUTXA KULTUR ARTEGUNEA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Dokumentu historikoa eta artea gurutzatzen diren lekuan dago Berenice Abbott. Aitzindaria izan zen argazkilaritza dokumentalean, baita lehenengo emakume argazkilarien artean ere. Erretratuak egiten hasi, arkitektura argazkiekin segitu, eta argazki zientifikoekin osatu zuen obra, eta ibilbide horren erakusgarri da Topografiak erakusketa. Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean ireki dute, Donostian, eta martxoaren 25era arte egongo da ikusgai.

Abbotten hiru faseetako —erretratuak, arkitektura eta zientzia— 82 argazki batzen ditu erakusketak, eta haietako 30 aurrenekoz jarri dira ikusgai New Yorketik kanpo. Hiru atalen arteko «parentesi bat» ere estreinakoz ikus daiteke: US Route One. 1954an, Mainetik Floridara (AEB) hiru hilabeteko bidaia egin zuen trenean argazkilariak, eta 2.400 irudi atera zituen. Lan horren zortzi argazkiko «erakusketa txikia» jarri dute Topografiak-en barruan, Anne Morin erakusketako komisarioak zehaztu duenez.

Paris, artisten sehaska

1898an jaio zen Abbott, Springfielden (AEB), eta New Yorkera lekualdatu zen 20 urterekin, eskultura lantzeko asmoz. 1921ean, baina, Parisera alde egin zuen. «Abangoardiaren sehaska zen Paris; jazza, zinema, moda eta arte guztiak han ari ziren garatzen. Hura zen bere eskultore ibilbidea hasteko leku ideala», azaldu du Morinek. Man Ray argazkilariak estudioan laguntzeko eskatu zion, eta orduan heldu zion argazkilaritzari berak ere. «Baina Ray misoginoa zen, eta Abbott, homosexuala: ez zen konbinazio ona», esan du komisarioak. Hala, 1926an estudio propioa ireki zuen Parisen Abbottek, eta «erreferentziazkoa» bihurtu zen hirian zebiltzan artista eta idazleentzat. Han egindako erretratuek osatzen dute erakusketaren lehen atala; Marie Lawrence, Jean Cocteau, Dorothy Whitney, James Joyce, Walker Evans eta abarri egindakoak dira. «Eszenografiarik gabeko erretratuak dira; pertsonaren ezaugarri ez-fisiko bat ateratzen dutenak», dio Morinek.

Eugene Atgeten eragina

Giro hartan bere erreferente nagusia izango zena ezagutu zuen Abbottek: Eugene Atget argazkilaria. Montparnassen bizi ziren biak, eta Parisko ondarea jasotzeko lanak egiten zituen Atgetek. Hiltzean, haren 7.000 plaka eta 10.000 argazki erosi zituen Abbottek, eta New Yorkera itzuli zen Atgeten obra zabaltzeko asmoz.

Orduan osatu zuen bere ibilbideko «lan gorena», Morinen esanetan. 1929ko crash-aren bezperan iritsi zen Abbott New Yorkera, eta, Atgetek Parisen egin bezala, hiriaren eraldaketa dokumentatu zuen, iruditan. Horren emaitza da Changing New York. «Industria garaiaren propultsioarekin, egurrezko hiri horizontal bat izateari utzi, eta hiri bertikal bihurtu zen New York; modernitatearen paradigma eta potentzia amerikarraren enblema. Elkarren ondoan jartzen ditu desagertzear den New York eta sortuzdoan potentzia berria». Izaera dokumentalaz aparte, erabilitako teknika ere nabarmendu du komisarioak. 1936ko Fifth Avenue Houses lanean, esaterako, «mugimenduaren eta estatikoaren arteko oreka bisuala» nola lortzen duen goretsi du Morinek. Argitalpen batekin amaitu zuen Changing New York, 1939an. Bertako 39 irudik osatzen dute erakusketaren bigarren atala.

«Argazkilaritza zientifikora» igaro zen gero, 1940ko hamarkadan. «Ikusezina dokumentatzeko bide bakarra» argazkilaritza zelakoan, berak sortutako «makina handi batekin» argazkia atera zien hainbat fenomenori; pendulu baten mugimenduari, adibidez. Abbotten azken etapa horretako irudiek ixten dute erakusketa. Ondorengo urteetan, Atgeten obra ezagutarazteko lanari ekin zion Abbottek.

Iragan mendeko argazkilari nabarmenetakoa izan arren, emakume homosexualaren estatusak zaildu dio ospea Abbotti, Morinen arabera. 1991n hil zen, XX. mende ia osoa bizi ostean. Honela dio erakusketako hormetako batean Abbottek berak: «Liluratuta nago mende honekin. Bizirik mantenduko nau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.