Paisaia berriaren biktima isilak

Galbidean dauden animaliak gogora ekarri, eta exotikoak aipatzen dira usu, jirafak eta enparauak. Baina Euskal Herrian ere bada habitat egokirik gabe gelditu denik. Ipuin, abesti eta istorioetarako aitzakia eman duten zomorro eta txori askok, esate baterako, garai makurrak bizi dituzte pestiziden eta bestelako arrazoien ondorioz.

1 Z.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Haurren iruditerian garrantzi berezia izan duten zomorro eta animaliatxoek ez dute lehengo tokirik egungo bizimoldean. Txantxangorri, hontza, tximeleta, erle, kakalardo, kilker eta sorgin orratzak, abesti eta ipuinetako pertsonaia nagusi izandakoak, desagertzen ari dira iruditeriatik. Haur askok eta askok nekez deskribatuko lukete, esate baterako, ipurtargia, ez baitute artean bertatik bertara ikusteko aukerarik izan, eta are gutxiago eskuetan hartzekorik. Belaunaldi berriei urrun zaie natura. Haien jolasak ez dira mendi, erreka bazter, pentze edo soroetan gertatzen, asfaltoan edo etxe barnean baizik, gehienetan behintzat. Baita herri txikietan bizi direnen artean ere. Izatekotan, belaze zaindu eta kontrolatuak lituzkete jolastoki.

Homogeneizazioa etsai

Izaki txikiok, polinizazioan hain garrantzitsuak asko, garai bateko arreta galdu dute beraz, baina baita presentzia erreala ere. Ikerketa zehatzik ez dagoen arren, faunaren urritzea azal dezaketen zantzuak ugariak dira. 1970eko hamarkadatik honako paisaiaren eboluzioari erreparatzeak ilustra dezake ongien galeraren arrazoietako bat. EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko irakasle Joxerra Aihartzak dioenez, «duela 40 urte, Euskal Herriko lurrek baserri munduari loturiko mosaiko konplexua osatzen zuten: baziren belardiak, fruta arbolak, baratzeak, basoak, zuhaitz bakanak —lizar, intxaur, gerezi...— eta beste. Mosaiko hori Ipar Euskal Herriaren barnealdean mantendu da, eta Bizkai mendebaldean, Karrantza inguruan. Gainerako tokietan, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, aski homogeneoa da paisaia, basoak estali du mosaikoa, baina zuhaitz landaketek osaturiko basoa da; ez da baso naturala».

Paisaia sinplifikatzeak dibertsitatea galtzea ekarri du. Konparazio batera, «badira tximeletak osinetan bakarrik ugaltzen direnak, beste inon haziko ez direnak», jarraitu du Aihartzak. Erleen kasuan, paisaiaren dibertsitateak oparotasuna dakarkie erleei, urte osoan nahiko lore izatea. Marta Fagoaga hendaiarra da sortzez, baina Nafarroari estuki lotuta bizi da; batetik, Sunbilla eta Arantza aldekoak dituelako gurasoak, eta, bestetik, goizuetarra duelako senarra, Antton Apezetxea, eta hain zuzen haren familiaren baserrian ematen dituztelako asteburu eta jaiegunak, betiere lanean. Fagoagak dioenez, «erlearen galera izugarria izan da, beste edozein animaliarena baino nabarmenagoa, zalantzarik gabe». Oso gogoan ditu Goizuetako aitatxik kontatzen dituen istorio eta ipuinak, erlea protagonista dutenak sarritan. Eta, horrez gain, amatxiri entzundakoak. «Hark errana da, garai batean eztia sobera izaki, askotan txerriei ematen zitzaiela jateko. Orain ez duzu halakorik amesten ahal. Urriak dira erleak, eta eztia biltzea ere kosta egiten da lehengo aldean».

Antton Apezetxeak 59 urte ditu. Gogoan duenez, haurra zelarik ugaria zen erlea, «haritz morro guztietan eta nonahi aurkitzen genuen. Erlea errekara ur bila joaten zenean hartzen genuen. Ura hartu eta zuzenean erlauntzera joaten zelako. Erleak zein norabide hartzen zuen ikusi, haren atzetik segika joan, eta horrela hartzen genituen. Aitak erlauntz asko izaten zituen, eta harekin ikasi nuen gaur dakidana. 12 bat urte nituela, eskupekoa ematen zidan erlauntzak ekartzen banizkion. Erregina harrapatzen ere erakutsi zidan».

Duela gutxi arte, Hendaiako Udaletik ere deitzen zioten Apezetxeari, hondartza aldeko zuhaitzetan ikusten ziren erleak harrapatu eta berekin eraman zitzan. «Hondartzan hartu, eta etxera ekartzen nituen, baratzera. Botika bat ere badut erleak erakartzeko, baina ez dira lehen bezala ageri». Aspaldian ez du, beraz, udaletik deirik jaso. Dena den, gaitzak, espezie inbaditzaileak eta bestelako etsairik ere sortu zaio erleari azkenaldian.

Pestiziden ondorioak

Paisaiak aldatu ez ezik, itsustu ere egin dira, Fagoagaren ustez: «Hasieran pistak zabaldu zituzten, eta atzetik bazterrak izorratu zituzten. Orain jende asko ibiltzen da mendian, autoetan eta motorretan ordea, eta horrek hondatu egin du mendia».

Baina erleen eta gainerako zomorroen urritzearen eragileak bilatzen hasita, hasteko eta behin, pestizidei erreparatu behar zaie. Bai Fagoagak eta bai Aihartzakpinu sitsa akabatzeko erabili izan den pozoia seinalatu dute. Aihartzaren hitzetan, «Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere, egundoko astakeriak egin dira denbora luzean. 1970eko hamarkadatik hasi eta Europatik galarazi zuten arte, dimilina botatzen zuten abionetetatik, sarritan gasolioarekin nahasita, hobeto itsats zedin eta efektua lehenago egin zezan». Fagoagak ere iltzatua du irudi hura, abioneta zeruan, aurrera eta atzera, pozoi kimikoa boteaz, Gipuzkoan eta Bizkaian ez ezik Sunbillan, Arantzan, Goizuetan eta Nafarroako beste hainbat tokitan ere egiten zutelako.

Joxerra Aihartzaren arabera, «gaurko pestizidak ez dirahorren pozoitsuak. Orain bazilo bat erabiltzen da beldarrak akabatzeko, baina orduko haiek bezalakoak dira neurri batean, indiskriminatuak dira, ez dute pinu sitsa bakarrik jotzen. Beldar guztiak kaltetzen dituzte». Urte luzeetako jardun horren ondorioz eskastu dira, besteak beste, tximeletak.

Pinu beltzetan bezala, nekazaritza lurretan ere ugaldu egin dira pestizidak, baita lorategi, baratze eta belazeetan ere. Bestalde, Ipar Euskal Herrian laborantzak oraindik indarra badu ere, Hego Euskal Herrian baserri asko jende urbanoaren bizitoki bihurtu da.

Makinen kaltea

Baina zomorrotxook ez dira gizakiak eragindako eragozpenok jasan dituzten bakarrak, Aihartzak ongi dakienez: «Lehen, belardi handi gehiago zegoen. Belarra segaz mozten zen. Ondoren, lehortzen utzi, eta metatan biltzen zen. Gozatzekotan, simaurrez gozatzen ziren belardiak. Gaur egun, makinaz mozten da belarra, azkar batean moztu ere. Eta, metak egin ordez, bola erraldoiak egiten dira, plastikotan bilduta. Modu horretan, inurritegiak puskatzen dira, eta animalia txikiak ere desagertu egiten dira, ezin baitute ihes egin, sega pasatzen denean bezala. Euskal Herritik kanpo egin diren azterketek erakusten dutenez, saguak, satitsuak, muskerrak, sugandilak, ziraunak, txori txikiak, haien habiak eta ornogabe mordoa harrapatzen ditu makinak. Hori guztia, proteina hutsa, bolan gelditzen da, eta gero gure azienden sabelera doa. Ez dakigu zer ondorio izango duen horrek».

Datu zehatzik ez izan arren, hegaztiak ere urritu direla antzeman du Apezetxeak. «Txepetxa asko galdu da, baita txantxangorria eta okil beltza ere. Enarak ere etortzen dira, aurreko urtean habia egindako tokira beti, baina ez lehen adina. Garai batean, pilaka eta bueltaka ikusten genituen. Usoa ere askoz gehiago izaten zen, sasietan eta nonahi. Pasean, ura edatera sartzen ziren egarriz. Orain, izututa etortzen dira, eta ez dira sartzen, tiroka hartzen dituztelako».

Ur satorra, arrisku bizian

Baina denak ez dira berri txarrak. Gizakiak eragindako aldaketa batzuk onerako izan dira, Aihartzaren aburuz. «Pirinioetan eta goi mendietan izugarriak ari dira gertatzen klima aldaketaren ondorioz, baina mendi txikiagoetan hobera ere egin da. Adibide bat jartzearren, garai batean harraparirik ez zen. Hartutako neurriak direla medio, saien populazioa hamar aldiz handitu da 30 urteotan. Zapelatzak ere barra-barra ikusten dira, eta miru beltzak eta miru gorriak ere ugaltzen hasi dira pixkanaka. Ehiztariek ere ikasi egin dute; errespetu handiagoa dute, oro har». Erreka eta ibaiek ere onera egin dute, EHUko irakaslearen ustez: «Erreka eta ibaiek ere onera egin dute. Garai batean kasik estolda ziren tokietan,araztegiei eta hartu diren beste neurri batzuei esker, arrainak ikusten dira, eta horien gainetik hegazti arrantzaleak ere agertu dira: esate baterako, lertxun hauskara. 1985ean, halako bakarra zegoen erregistratuta Hego Euskal Herri osoan. Hori ere ari da poliki-poliki suspertzen». Uretako animalien artean, ezin aipatu gabe utzi ur satorra. Ongi kontserbatuta dauden erreka lasterretan ibili ohi da, baina arrisku bizian dago gaur egun. Hainbat espeziek gizakiarekin moldatzen-edo ikasi badute ere, beste askok, ur satorren eta bisoien gisan, atzera egin dute nabarmen. Espezieek, bereziki urritu direnek, jarraipen zehatza eta kudeaketa planak behar dituzte, legez, baina halako ikerketetan ezer gutxi inbertitzen da. «Ez dago instituziorik horretarako prestatuta dagoenik», dio Aihartzak. «Galzorian dauden espezieak behar bezala jarraitzeko eta hartzen diren neurriek zer eragin duten aztertzeko, protokolo formalik ez dago, eta harrigarria da, Europako zuzentarauek horretara behartzen dutelako». Alde horretatik, kezka agertu du Aihartzak: «Ez dakigu zehazki zer ari den gertatzen geure ingurunean. Hainbat aldaketa oharkabean gertatzen ari diren susmoa dut, eta ohartzerako ez ote den beranduegi izango».

Egoerari aurre egiteko gomendiorik ematen ez da ausartu Aihartza: «Irudipena dut olatu erraldoi baten gainean ari garela surfean, jardun sozioekonomiko nagusiak edo kapitalismoak gidaturiko olatuaren gainean gaudela, hain zuzen, bertan ez erortzeko eta irentsi ez gaitzan, surfean. Ez dakigu olatuak nora garamatzan, baina ziur da harkaitz baten kontra goazela». Zehaztasun batzuk eman ditu: «Esanak dio bakoitzak herri mailan edo lokalki jardun behar duela, globalki gertatzen ari diren aldaketen aurrean. Baina intsektuak, hegalariak bereziki, arrainak itsasoan bezala mugitzen dira; zeure kostan neurriak hartuagatik ere, itsasoan gertatzen den aldaketak ere eragiten dio zure bazterrari. Lurraren erabilera arautu dezakegu, baina geure ingurura heltzen diren sitsak eta gainerakoak migratzaileak dira askotan; aerosfera deituriko itsaso zabal horretan mugitzen dira». Munduan gertatzen denak Euskal Herrian ere ondorioak dituela gaineratu du: «Europa osoan nahiz Europatik at gertatzen diren aldaketek eta lur erabilerek eragin handia dute hemen ere. Ezinbestekoa da aerosferaren kontzeptua ulertzea; bere korronte eta mugimenduak ditu, eta munduko bazter batean gertatzen denak ondorioak ditu munduko beste muturrean ere. Globalki pentsatu eta lokalki ekin behar dela esatenda, baina hori ez da nahikoa. Kontinentean zer gertatzen ari den ikusi beharra dago, kontserbazio arazoak nondik datozen ulertzeko. Olatu berean goaz denak, eta, horretarako, 'nire taula hobea da'esateak ez du inongo zentzurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.