UDAKO SERIEA Familiak migrazio prozesuen amaraunean (II). Mikel Mazkiaran. Gipuzkoako SOS Arrazakeriako abokatua

«Sarri, etorkinek ezin dituzte bete sendia ekartzeko baldintzak»

Mazkiaranek laguntza ematen die etorkinei migrazio prozesuan eta familia batzeko bidean; zailtasunik handiena zio ekonomikoek dakarte.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2017ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Egun migrazio arloan dagoen auzirik delikatuenetakoa da familiak elkartzea; ari gara hitz egiten jendeak bere familiarekin, bere bikotekidearekin, bizi behar duen erari buruz, horretarako dituzten oztopoei buruz». Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeriako abokatua da, eta familiak ekartzeko prozeduran murgildutako andre eta gizon etorkin asko lagundu ditu bidean.Ataka estuetan ikusi ditu sarritan.

Legearen ikuspegitik, zer da familiak berriro elkartzea?

Atzerritarrentzako legeek horretarako ezartzen dituzten irizpideak aintzat hartuta, etorkinek senideak sorterritik ekartzeandatza. Gurasoak, 18 urtetik beherako seme-alabak eta bikotekideak; horiek dira ekar daitezkeenak. Salbuespenak egiten dira, halaber, mendeko diren senideekin; esaterako, 18 urtetik gorakoa izan daiteke seme edo alaba bat, baina zure mendekoa bada, hura ere ekar dezakezu.

Eta zer baldintza bete behar ditu pertsona batek legez horrelako prozedura bat abiatzeko?

Frogatu behar duzu mantendu ahal dituzula ekartzera zoazen senideak, eta etxebizitza bat daukazula zuretzat eta kanpotik datozenentzat. Askotan, oso-oso zaila izaten da hori lortzea; arazo asko sortzen dira, esaterako, etxebizitzaren kontuarekin. Donostia batean, esaterako, alokairu bat 800 eurotik gorakoa izaten bada; atera kontuak zenbat diru geratuko zaizun frogatzeko mantendu ahal izango duzula familia...

Eskaera egiteko, paperak izatea ere ezinbestekoa da, ezta?

Bai, paperak behar dira; gutxienean urtebete egin behar da paperekin bidea hasi ahal izateko. Naziotasuna ez da beharrezkoa, baina paperak izatea bai. Baina, sarri, etorkinek ezin dituzte bete sendia ekartzeko baldintzak. Bikote bat bada, eta biek lan egiten badute, bien arteko diru sarrerekin has dezakete akaso bidea; gainerakoan, oso zaila da. Horregatik, oso zaila da familia elkartzearen inguruko datuak-eta lortzea; nekez jakin daiteke, zehazki, era horretako zenbat prozesu egin diren. Izan ere, prozesu formalaz harago, ikusita baldintzak zeinen zailak diren, sarritan senideak etortzen dira turista erara, eta hemen geratzen dira: paperik gabe. Formalki, hori ez da familia elkartze bat, baina errealitatean asko era horretan egiten dira. Hor, hala ere, bereizketa bat egin behar da herrialdetik ateratzeko bisa bat eskatzen duten herrialdeekin; hain justu, kasu horietan ia ezinezkoa da turista gisara ere elkartze bat egitea. Bolivian, adibidez.Handik ateratzea oso zaila da.

Prozedura zailak dira, beraz...

Hau dena gertatzen da, hein batean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuelako familia elkartzea ez dela oinarrizko eskubide bat. Inportantea da hori azpimarratzea; horren ondorioz, ezin baituzu aldarrikatu eskubide gisara. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere hori esan zuen: ez da oinarrizko eskubide bat. Ez bada oinarrizko eskubide bat, gobernu batek era du bidean oztopoak jartzeko...

Horixe da, hain justu, gertatzen dena. Senide asko turista gisara etortzen direla diozu, eta hemen geratzen direla: paperik gabe. Zer ondorio ditu horrek haien egunean eguneko bizimoduan?

Arrisku bat da: paperik gabe egotea arrisku bat da. Espediente bat ireki diezazukete. Horrez gain, paperik gabe ezin duzu lanik egin; ez da makala paperik gabe egotea, ez da tontakeria bat. Adingabeen kasuan, esaterako, ez dute kanporatuak izateko hainbeste arrisku. Baina etortzen baldin bada, adibidez, etorkin baten senarra; beti izango du arrisku bat. Ezagutzen dut, hain zuzen ere, kanporatu duten jendea: badira kasuak.

Familia elkartzeko eskari asko botatzen al dira atzera?

Bai, asko. Normalean, arrazoi ekonomikoengatik izaten da; ez dituzulako betetzen eskatzen diren baldintza ekonomikoak. Oro har, familia elkartze bat egiteko 1.500 eurotik gora irabazi behar dituzu.

Behar adinako aholkua izaten dute etorkinek halakoetan?

Bai, aholkularitza badute. Baina askotan gauza bat da zure gogoak dioena, eta bestea legea. Aholkua eman dezakezu, eta esan dezakezu ezinezkoa dela, baina, hala ere, pertsona batek familia ekartzea erabaki dezake: edozer gauza egitea horretarako. Askotan, gogoak indar handiagoa du legeak esaten duenak baino, edo zure bizi baldintzek eskaintzen dizkizuten aukerek baino... Mota askotako egoerak sor daitezke horren ondorioz.

Europako Batasuneko herritar direnek, berez, malgutasun handiagoa dute atzerritik senideak ekartzeko, ezta? Baina arazoak ere agertzen dira halakoetan...

Bai, eta kasu horietan behintzat, zalantzan jartzen dut zenbateraino ez den familiarekin batzea oinarrizko eskubide bat; konstituzioak esaten badu hemen bermatuta dagoela hori, denontzat zabaldu beharko da... Europako zuzentarau batek araututa egiten dira kasu horietan familien elkartzeak. Hori bai, argitu behar da eskubide hori soilik Espainiak eta Txekiako Errepublikak dutela onartua. Frantzian, esaterako, ez dute onartzen; zuzenbide komunitarioa bakarrik onartuko dizute, beste herrialde batera mugitzen bazara.

Kasu horietan ere zailtasunak ugaritzen ari dira?

2015 bukaeran zabaldu zen zer senide ekar zitezkeen atzerritik. Nire iritziz, orduan gaizki ulertu zen, eta zenbaitetan gehiegi ere zabaldu da. Jendeak esan du:«Ekarri nahi dut lehengusua». Eta, bueno, zure lehengusua ezin duzu ekarri. Arazo gutxirekin ekar daitezke, normalean, bikotekidea, seme-alabak, gurasoak.

Bihar: Familiak batzeko prozesuen alde emozionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.