Aldi baterako enpleguen eskutik, behera jarraitzen du langabeziak

Martxoan baino 3.651 langabe gutxiago daude, eta 4.008 afiliatu gehiago Gizarte Segurantzan. 2013an goia jo zuenetik, heren bat gutxitu da langabeen kopurua

Irune Lasa - Iker Aranburu
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Apirilak ez dira txarrak izaten enpleguaren bilakaerarako, besteak beste Aste Santurako egiten diren kontratazioei esker. Aurten, ordea, jaiegun horiek martxoaren amaieran egokitu dira, eta, beraz, aldagai horrek ez du eraginik izan apirileko langabezia datuetan. Hala ere, Lanbideko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zenbaketaren arabera, joan den hilabetean bizkortu egin da langabeziaren jaitsiera, eta apirila bukatzean martxoan baino 3.651 lagun gutxiago zeuden lanik gabe eta lan bila Hego Euskal Herrian.

Hilabete «positiboa» izan da, Nafarroako Gobernuaren arabera. «Nahiz eta 2017ko apirileko datuak baino apalagoak diren […] sendotu egin da langabeziaren beheranzko joera. Gainera, hurrengo hilabeteotako iragarpenak onak dira». Baikor mintzatu da Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburua ere, eta azpimarratu du bere eremuan «azken hiru urteotako apiril onena» izan dela. «Urrats positiboak egiten ari gara aurrera begira, enplegua sortzen eta ekonomia suspertzen». Analisi beltzagoa egin dute sindikatuek, sortzen den enpleguaren zatirik handiena behin-behinekoa dela azpimarratuta.

LANGABEZIA

2009ko iraileko mailan

Orotara, 159.423 daude gaur egun langabezian erregistratuta, Hego Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %11,96. Aspaldiko partez, gutxigatik bada ere, langabezia tasa %12ren azpitik gelditu da apirilean, eta 160.000 langaberen langatik behera jaitsi. Maila hori 2009ko irailean gainditu zuen langabezia erregistratuak, eta, orduz gero, ez da gerturatu ere egin.

Goia duela bost urte jo zuen langabezia erregistratuak, 2013ko martxoan; orduan 235.827 lagun agertzen ziren lanik gabe Lanbideren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zerrendetan. Orduz gero, 76.404 kide urritu da langabeen zerrenda (-%32,3), horietatik 16.620 azken urtean.

Udaberriko hilabeteetan bereziki ohikoa den bezala, langabeziaren murrizketaren zati handiena zerbitzuen sektoretik iritsi da, alor horretako langabeen zerrendan 2.732 lagun gutxiago zenbatu baitira. Beherakada dezente txikiagoa izan da beste sektoreetan: industrian, 423 langabe gutxiago daude; eraikuntzan, 317 gutxiago, eta nekazaritzan, 213 gutxiago.

Herrialdeka, Bizkaian jaitsi da gehien langabeen kopurua(-1.434), baina lurralde hark du oraindik ere langabezia tasarik handiena (%13,51). Araban, berriz, biztanle aktiboen %13 daude lanik gabe, eta Nafarroan %11,18 dira. Gipuzkoa da %10etik beherako langabezia tasa duen bakarra, %9,76koa, SEPEren eta INEren datuak alderatuz gero.

SEXUEN ARTEKO DESOREKA

Emakumeak, okerrago

Lurraldeen arteko desoreka hori are handiagoa da sexuen artean: langabezian dauden pertsona guztietatik %57 dira emakumezkoak, zehazki 91.006, edo lan merkatuan aktibo dauden emakumeen %14,39. Gizonen artean lau puntu eta erdi txikiagoa da langabezia tasa (%9,78). Desoreka hori handitu egin da azken urtean: 9.000 gizonezko gutxiago daude lanik gabe, baina 7.000ra ez dira iristen langabezia zerrenda utzi duten emakumeak. «Onartezina da emakumeek tasa horiek jasan behar izatea», salatu du Euskadiko CCOOk agiri baten bidez. Hala ere, datu horiek ez datoz bat EHUk joan den astelehenean aurkeztutako EAEko lan txostenarekin, haren arabera emakumeak baitziren azken hiruhilekoetan lan gehien aurkitzen ari zirenak.

AFILIAZIOA

4.000 langile gehiago

Ohikoa ez bada ere, apirilean antzekoak dira langabezia utzi dutenen (-3.651) eta lana aurkitu dutenen (+4.005) kopuruak. Udaberria izanik, emaitza onak ekarri ditu lehen sektoreak —443 afiliatu gehiago nekazaritzaren erregimenean eta 80 gehiago arrantzarenean—, autonomoen artean ere zenbaki positiboak izan dira (+220).

Denboran urrunago eginez gero, ikusten da galdutako enpleguaren sorrerak gainditu duela langabeen zerrendaren argaltzea. Izan ere, 2009ko martxoan baino76.404 gutxiago dauden arren, tarte horretan Gizarte Segurantzan izena emanda daudenak 104.512 gehiago dira. Hau da, lana aurkitu dutenen laurdenak ez zeuden langabe ofizialen artean.

KONTRATUAK

Mugagabeak bizkorrago hazten ari dira, baina gutxi dira

Azken urtean bizkorrago hazi dira kontratu mugagabeak aldi baterakoak baino, nahiz eta kopuru osoetan oraindik enplegu finkoak ez ziren hamarretik batera iristen. 2018ko apirilak ez du joera hori hautsi: SEPEren arabera, martxotik apirilera %1 inguru hazi dira behin-behineko kontratuak, eta %3tik gora, berriz, kontratu finkoak.

Edonola ere, aldi baterakoak dira oraindik kontratuen gehiengo ia erabatekoa: %91,08. Datu horri heldu diote sindikatuek sortutako enpleguaren kalitatea salatzeko. «Penagarria, aldi baterakoa eta partziala da», salatu du Marinel Ballesteros UGT-Euskadiko politika sindikaleko arduradunak. Kontratuen laburtasuna da sindikatuen kexu nagusietako bat; ELAko Mikel Novalek nabarmendu duenez, urtea hasi zenetik 300.000 kontratu sinatu dira Hego Euskal Herrian.Tarte horretan 5.500 lagun desagertu dira langabeziaren zerrendetatik.

LANGABEZIA SARIAK

4.000 langile gehiago

Sindikatu guztiek nabarmentzen duten beste puntu bat da langabezian geratu direnen estaldura txikia dela. Martxokoa da azken datua, eta horretan ikusten da 36.531 lagunek baizik ez zutela hilabete horretan jaso langabezia sari arrunta, lanik gabe zeudenen %22,4 baino ez. Iazko martxokoa baino datu pixka bat hobea da (%21,5 izan zen 2017an), baina otsailekoa baino okerragoa (%23,4). Beste %13,2k subsidioa jaso zuten, eta %2,3k bestelako laguntza publiko bat. «Babesgabetasuna oso handia da, lanik gabe daudenen hamar lagunetik lauk baino gutxiagok jasotzen dutelako laguntzaren bat», nabarmendu du ELAko Novalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.