Sasoiko diru iturria

Oporrek abagune berezia eskaintzen diete gazteei, bizitzako lehen lana lortzeko eta, ondorioz, ekonomikoki burujabe izaten hasteko. Handitze bidean, benetako hastapena izan ohi da gehienentzat. Lan merkatuan kokatzeko lehen pausoa ere bada.

Gazte asko udalekuetako begiralearitzen dira. ARABAKO HITZA.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Legedien arabera, edonork du lanerako eskubidea, baita adingabeek ere, arautegietan ezartzen diren baldintzak kontuan hartuz gero. 18 urtez beherakoei, eta bereziki eskola derrigorrezko dutenei, zeregin arinak eskaini behar zaizkie. Frantziako legediaren arabera, gaztearen lanaldia ezin da astean 35 ordukoa baino luzeagoa izan, ezta egunean zazpi orenetik gorakoa ere. Lau ordu eta erditik behin etena egiteko parada izan behar du, eta egun batetik bestera gutxienez 12 orduko atsedenaldia ere baitezpadakoa da. Bestalde, ezin du eskola oporren erdia baino gehiago eman lanean. Beraz, ikasketen pausa bi hilabetekoa bada, hilabete egin ahal izango du gehienez ere lanean. Halaber, gaueko lanak debekatuak ditu 18 urtetik beherakoak, salbu eta okindegietan, ostalaritzako zenbait jatetxetan edo ikuskizunen arloan, eta, horietan, ikuskariak espresuki emandako baimena beharko du ezinbestean, gurasoenenaz gainera.

Udako lanak tokian tokiko ezaugarrietara egokitzen dira. Leku turistikoetan, kontratatzeko joerarik handiena erakusten duten jardunak izan ohi dira animazioa, kanpinak, ostalaritza, dendak eta aisiara bideraturiko zerbitzu gehienak. Supermerkatu handietan ere bada eskaera, baita haurren nahiz adineko jendeen zaintzaren sektorean ere. Kasuotan, lanpostuak betetzeko eskaera ez da beti turismoaren eraginez gertatzen. Zenbaitetan, kontratupeko langileen oporrak ordezkatzera heldu ohi dira.

Patrikarako sosak

Gazteek, askotan, ikasketak ordaintzeko baliatzen dute irabazitako dirua, edo bestenaz, aisiarako eta oporretarako, edota urte barruan suertatzen diren gastuetarako. Bide batez, gurasoei zama ekonomikoa arintzeko funtzioa ere izan ohi dute sasoialdian irabazitako soldata horiek.

Gabi Aizpuruak bosgarren urtea egingo du Hendaiako (Lapurdi) Herriko Etxeak antolatzen dituen udalekuetan. Haurrak gustuko izaki, begirale diplomaren bila jo zuen aukera eman zitzaion orduko. 16 urte zituela eskuratu zuen, eta urte berean lortu zuen lehendabiziko lana ere. Ikasitakoa praktikan jartzeko urtea izanik hura, soldata erdia jaso zuen orduko hartan. Aurrerantzean, ordea, osorik jaso izan du hilabeteko saria, begirale postuari dagokion kopuru betea eta inongo beherapenik gabea, alegia. Zorte oneko sentitu izan da, «lan polita eta aski ongi ordaindua» lortu duelako begirale diplomari esker.

Gabi Aizpuruaren lagun taldeko kide gehientsuenak ere udan lan eginak dira noizbait, baina bestelako lanetan, ez begirale. Udalaren kontratupean izan denean, batik bat garbitzaile edo zabor biltzaile gisako lana ukan dute, eta, sektore pribatuan izan denean, oro har, turismoari begira, ostalaritzan zerbitzari, supermerkatuetako laguntzaile edo hondartzarako sasoian sortzen diren lan berrietan aritu dira, hala nola izozki saltzaile, hondartza zaindari eta abarretan.

Gabi Aizpuruak uztailaren 10ean ekingo dio udalekuetako lanari, eta bi hilabete emango ditu zeregin horretan, egun osoko jardunean, Hendaian. Haur txikienak egokitu zaizkio oraingoan, alegia ama eskolakoak, 3 eta 6 urte artekoak. Mutil bakarra izango da taldean, «nagusiki neskak izaten baitira ama eskolako haurren zaintzan aritu nahi izaten dutenak. 6 urtetik 12ra bitartekoekin aritzen diren begirale taldeak mistoagoak izaten dira beti, orekatuagoak, zentzu horretan». Aizpurua bikain moldatzen da adingabeekin, «iloba txiki asko ditut, eta esperientzia horrek ere biziki laguntzen du, adin horretako beharrak hobeki ezagutzen baitituzu, eta haiekiko enpatia lantzen baituzu».

Ahoz ahokoaren garrantzia

Udako lan eskaintzen berri, normalki ahoz aho zabaltzen da gazteen artean. Gabi Aizpuruak dioenez, «lagun giroan, futbol taldean, etxean edo kalean, inguruan baten batek gaia mintzagai hartu duelako heltzen da informazioa zure belarrietara. Gazte bulegoak ere badira, eta, oro har, oso lan interesgarria egiten dute, ez beti lana bilatzeko. Zenbaitetan ideiak ematen dizkizute, edo proiektu europarrak proposatzen dizkizute. Esate baterako, gazteen arteko topaketak, kultur artekoak, ikasketak, praktikak eta bestelakoak».

Izan ere, gazte bulegoen zeregina bertara heltzen den gazteari informazioa eskura jartzea litzateke, dauden aukerez jakinaren gainean jartzea, aholkuak ematea eta behar den tokira bideratzea.

Lehendabiziko lana zubi moduko bat izan ohi da gazte askorentzat. Esperientzia hartzeko eta ondoren lan hobea lortzeko urrats gisa hartzen dute, bereziki ikasketak burutu dituztenek. Norberaren aukeretatik eta itxaropenetatik beheitikoa izanagatik ere, eta sarritan gogo, asmo eta gaitasunekin lotura esturik ez izan arren, gogo onez lotzen dira lanari. Batetik, lan merkatua ulertzeko eta bertan kokatzeko lagungarri izaten zaielako. Bestetik, soldata patrikaratzen dutelako, eta hartara, besteenganako dependentzia murrizten eta neurri bateko askatasuna erdiesten.

Gutxitan gertatu ohi da, Patxi Laborderi gertatu zitzaion bezala, lehen lan hori bera ofizio amestua izatea. Patxi Labordek 24 urte ditu, eta bosgarren sasoia du hondartzako zaindari lanetan, bere sorterrian, Angelun (Lapurdi). Ez da nola hala lortzen ahal den postua, nabarmendu duenez: «Azterketa berezi bat pasatu behar da lehenik, ondoren sorosle probarako prestatu behar duzu, eta hori guzia duzularik, Angeluko Herriko Etxeak ezartzen dituen test fisikoak gainditu behar dituzu. Egun batez, gazte guziei korrika, igeri eta bestelakoak eginarazten dizkigute. Proba guztiak gainditu dituzten gazteen artean hoberenak hautatzen dituzte azkenik». Astebeteren buruan izaten dituzte emaitzak.

Labordek oso maitea du itsasoa eta hondartzako zaintza. Urte barruan badu beste lanik eta jardunik, baina uda heltzen delarik, nahiago izaten du lan horietan pausatu eta hondartzako zaintzari heldu, horixe delako hain zuzen gogokoen duen lana, «berez, aski gogorra den arren». Labordek urte osoan entrenatu behar izaten du, eta ez da samurra, baina, haren hitzetan, «merezi du. Biziki maite dut ingurua, eta ikaragarri gustuko dut ofizioa ere. Maluruski, hondartzak ez dira irekiak urte osoan, eta ez daiteke lan horretatik besterik gabe bizi, baina, sasoia heltzen delarik, prest naiz gainerakoak uzteko eta lan honi heltzeko». Hondartzako zaintzaileen kasuan, 30 urte arteko guztiei berdin ordaintzen zaie, eta adin horretatik gorakoek apur bat gehiago eskuratzen dute, esperientzia metatu baldin badute.

Anais Etxenike Donibane Garazin bizi da. Urte osoko kontratupean ari da lanean gaur egun, eta ez du, aurreko urteetan bezala, udako lanik hartzeko premiarik. 16 urte zituela ukan zuen lehendabiziko kontratua, Aldudeko (Nafarroa Beherea) Benta Peion, hain zuzen. Geroztik, eta 22 urte bete arte, enpresa bereko jatetxean zerbitzari aritu da oporraldiko bi hilabeteetan. 11:00etan lantokira iritsi, bertan bazkari legea egin, eta 11:30 aldera martxan hasten zen. Beste bospasei neskarekin batera, otorduak zerbitzatzen aritzen zen 17:00ak arte. «Harreman biziki ona izaten genuen geure artean, ekipo gaztea zen, eta, lanak amaituta, elkarrekin ateratzen ginen askotan. Dibertigarria zen oso». Lehendabiziko esperientzia hura garrantzitsutzat jo du Anais Etxenikek, «lagunak ezagutzen dituzu, gazteak eta ez hain gazteak. Handitu egiten zara, ardurak hartzen baitituzu, eta, gainera, baduzu patrikarako diru apur bat, eta oso lagungarri da hori, gurasoei horrenbeste eskatu behar izan gabe, zure gastuei aurre egiteko. Etxean hiru haurride gara, eta erraz ohartzen zara non xahutua badela». Lan eginez gaztea egiazki handitzen dela nabarmendu du Etxenikek. 1.100 euroko soldata jaso izan du, eta ordu estrak ere ordaintzen zizkioten, jardunaldiak luze jotzen bazuen.

Baina dena ez da pagotxa, LAB sindikatuko Zerbitzu Pribatuak saileko Jean Mixel Dirassarrek azaldu duenez. Urtero, udaldia hasi aitzin, kanpaina bat jartzen dute abian, Sasoilariak, zure eskubideak defenda itzazu! lelopean. Batzuetan gertatu ohi diren arazoak saiheste aldera, besteak beste liburuxkak banatzen dituzte. «Badakigu sasoian aritzeko aukera hori ikasketak ordaintzeko edo negu sasoira arte irauteko premiatsua dela anitzentzat», dio Dirassarrek, «arazoa da nagusi frankok beren eskubideez ezer gutxi dakiten sasoi langileen bizkar antolatzen dituztela gauzak, lan kodearen artikulu anitz beren faboreetarako baliatuz, eta langileari muzin eginez».

Sektore publikoa, hobea

Enpresa kontratatzailearen arabera, onera edo txarrera egin dezake langilearen egoerak. Herriko Etxeek eskaintzen dituzten lanetan arazo gutxi izan ohi da, LABeko ordezkariaren arabera: «Zabor biltzaile, garbitzaile eta antzekoen kontratuak normalki ongi eginak dira, eta ordutegiak ere errespetatuak dira». Aldiz, sektore pribatuan, «baliatzaile anitz» badela ohartarazi du: «Ordu gehigarri mordoa eginarazten zaie, eta ordu horiek ez zaizkie ordaintzen. Gainera, igande eta jaiegunetan atseden egunik ez da usu ematen, eta pausa orduak ere ez dira errespetatzen. Legez, sei ordu jarraian eginik, hogei minutuko pausa ukaiteko eskubidea du langileak». Dirassarrek aipatu du batzuetan kontratu idatzirik gabe lan eginarazten dutela ere, eta gaineratu, maluruski, gazte asko beldur dela salaketa jartzeko: «Sasoilariek ez dute borrokatu nahi, gutxik dute kuraia egoerari aurre egiteko». Baina gaiari positiboki heltzeko motiborik ere bada, Dirassarren hitzetan: «Alde txarrek badute beti haien alde ona. Horri esker konturatzen dira beren burua errespetarazteko oinarrizko informazioen bila joan behar dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.