Albistea entzun

Euskal makila orainean sustraitzen

Larresoroko Ainziart Bergara familiak 200 urte baino gehiagoko historia du euskal makilari lotua. Unescoren ondare immaterialaren zerrendan sartu dute, euskal makilaren gaur egungo egoeraren erakusgarri.
Larresoroko Ainziart Bergara euskal makila ekoizleen tailerrean, langile bat lanean.
Larresoroko Ainziart Bergara euskal makila ekoizleen tailerrean, langile bat lanean. NORA ARBELBIDE

Nora Arbelbide -

2015eko maiatzak 15 - Baiona

Andre Tournier eta Piarres Lafitteren frantsesa-euskara lexikoa dute eskuen artean. Bretainiatik makila baten eskaera iritsi zaie, eta bezero bretoiak bere makilan «école buissonnière» idaztea galdegin die Ainziart Bergara makila ekoizleei. Bretoieraz nahiko luke, baina hori ezin dela ihardetsi dio Nicole Bergarak. Euskaraz bakarrik dutela idazten makilaren gainean. Baina nola erraten ote da «école buissionière?», hori dute orain galdera. Ondoan duten apaletik lexiko franko andeatua eskuetan hartu, eta hasi dira bila. Espresioa osorik badela ikusteaz pozik: «Eskola pinper egin». Hiztegia beren «Biblia» dela diote. Beste Biblia Elhuyarrena dute; hori ere franko andeatua. Horrelako buruhausteak behin baino gehiagotan dituztela aitortu du Bergarak, tailerreko arduradun nagusiak.

Euskara ez du mintzo Bergarak, baina euskal makilaren bidez euskal ondarearen ordezkari eta bermatzaile sentitzen da: «Alde kulturala da guretzat inportantena. Bada halako misio bat». Dioenez, alde ekonomikotik begiratuz gero, ezin liteke ulertu hainbeste indar horretan sartzea. Hura bera ere ofizialki erretretan da, baina segitzen du egunero Larresoron (Lapurdi) duten tailerrean. Makilen kalitatea kontrolatzen du bereziki. Urtean 1.000 makila ekoizten dituzte, eta sei langile dira. Izan dira gehiago ere, baina azkenaldi honetan garai aski zailak direla aitortu du Bergarak.

200 urte baino gehiagoko historia leloarekin, Bordelen dira igandera arte. Akitaniako arte lanbideen azoka iragaten ari da han. Familia berean eta zortzi belaunaldi, hori dute beste zenbaki magikoa familian, jakinez segida segurtatua dutela: alaba Bordelen du Bergarak, azokako erakusmahaia atxikitzen.

Beren tailerra laborarien etxalde baten gisan ikusi behar dela azaldu du. Charles Bergara aitak ere segitzen du bere ekarpenak egiten, nahiz hori ere aspalditik erretretan izan. Garai hauetan mizpirondoen bila ari da oihanetan gain. Bada lan udaberri garai hauetan, «erotzekoa» ere bai, Nicole Bergarak erranik. Udaberri hau berezia baita. Bat-batean handitu baitira landare eta zuhaitz guztiak. Eta, bizkitartean, huts egin behar ez den sasoia dute makila ekoizleek, mizpira adarra baita euskal makila tradizionalaren oinarria. Oihanetan gaindi aurkitzen ditu mizpirondo salbaien enborrak. Udaberrian markatu eta neguan mozten dituztenak.

«Horrek egiten du euskal makila mundu osoan berezi», baieztatu du Beñat Alberdik. Alberdi irundarra ere euskal makilaren ekoizlea da. Aita hasi zen duela 36 urte, eta orain berak segitzen du. Bostehun makila ekoizten dituzte urtean. Bi langile dira ari horretan. Izan dituzte garaiak noiz 1.000ra iritsi izan baitziren. Baina Alberdik dio azkenaldiko garaietan eskaera anitz apaldu dela. Dena dela, Alberdik ere «bizitzeko forma» bat du makila. Artisau da hori ere. Erran duenez, mizpirondoen bila joateak, adibidez, badu oraindik halako alde «erromantiko bat». Basora joan behar baita bila. Aurkitu eta markatu, eta batzuek ematen dute, besteek ez. Baina hori bai: mizpirak dira zuhaitz bakarrak zeinen adarrak markatzen dituzten, baita geriza kenduta ere.

Fabrikatzaileen zerrenda segituz, Ibarrolako Harispuru anaiak ere aritu dira euskal makila ekoizten urteetan. Baina berriki osagarri arrazoiengatik gelditu behar izan dute ekoizpena; behin-behinekoa izan daiteke. Bada Leoncini ere Baionan. Aitatxi hasi zen, baina azkenaldian ez da beti irekia saltegia. Eta gaztainondoekin ditu bereziki bere makilak egiten.

Oinarria bera dute denek: heldulekua, heldulekua tinkatzeko zorroa, kirtena, ezpata ezkutatua, mizpira zura, beste zorro bat eta punta. Beste berezitasun bat badute: eskuz ari direla denak eta makila bakoitza bakarra dutela. Izenpetua dute, eta esaldi bat gehitzen dute, ikurburu edo erran zahar bat dakarrena, makilaren jabearekin lotura bat duena, bezeroak hauta dezakeena. Badituzte beste sinbolo edo ikur batzuk ere, egile bakoitzaren estiloari lotuak.

Ohitura horietatik gehien baztertzen dena Pantxoa Bergara Xabaltx-ena izan daiteke. Gaurko makila du marka: «Makila 2.0» izendatzen duena. Mizpiraren ordez, karbono zuntzak ditu erabiltzen, eta baita kevlar lehengaia ere, balen kontrako barnekoa egiteko erabiltzen dutena. Aluminioa ere erabiltzen du zorroentzat, eta laserraren bidez egiten ditu marrazkiak: «Nire lana artistikoa da, baina industrian erabiltzen diren teknikak ditut». Egina izan du helburuan zilarrezko burezur bat. Egina izan du Porsche auto markaren logoa. Duela bost urte hasi zen makila ekoizten Xabaltx, eta 60 bat makila ditu ekoizten urtean. Azpikontratatzen ditu zenbait zerbitzu. Eskaintza zabaltzeko, tradizionalak ere saltzen ditu, Alberdik egiten dizkionak.

Euskal makila tradizionalean ere bakoitzak badu bere estiloa. Ainziart Bergara familian, justuki, anitz baloratzen dute fabrikazio prozesua belaunaldiz belaunaldi transmititua dutela. Iraunkortasunaren froga, noizbehinka tailerrera ekartzen dizkieten makila andeatuak dituzte. Nahiz eta antzinako belaunaldiek eginak izan, oraindik konpontzen badakitelako pozik da. Hainbat «sekretu» dituen transmisioa dutela gaineratu du Bergarak, begi kliska harro batekin: «Eskuaire sekretuak», familiaren barnean atxiki direnak.

Ezagutzaren zigilua lortu duen prozesu bat dute, hasteko. Ondare biziaren enpresen labela emana dio Frantziako Ekonomia Ministerioak. Ehun urte baino gehiago dituzten enpresetan sartu dute. Hermes, Guerlain eta Chanelen ondoan. Unescok ere ekarri dio bere ezagutza. Arte lanbide arraroen zerrendan sartu zuten duela bi urte. Kultur ondare immaterialaren zerrendan. Arte lanbideen Frantziako erakundeak zuen sartu, «nola lan egiten genuen begiratzera etorrita». Baina horiei ere sekretuak ez dizkiete salatu.

Tradizio eta transmisioak ez dituela egokitzapenak baztertzen zehaztu du, halere, Nicole Bergarak: «Gizarte batean bizi baikara». Donejakue bidearen ikur den erromes maskorra jarri berri diote bati zorroan, adibidez. XX. mendeko 20ko hamarkadatik dute lauburua. Aitzin, iratzea zen familiako makilen izenpedura. Marka bateko logoak ere jarri izan dituzte. Societe General bankuaren S bat eta G bat. Baina halere, zenbait elementu aldaezinak zaizkio. Daga edo kirtenaren barnean ezkutatua den ezpata hori, adibidez. Kentzea eskatu izan diete, baina ez dute onartu: «Eskaera guztiei kasu egiten hasten bagara, makila den bezala ez da gehiago existituko. Eta hor ondarean gara sartzen, guk defendatzen dugun horretan». Horregatik ere lotuak dira makilan euskaraz idazteari.

Euskarazkoak ditu eskaera gehien-gehienak Alberdik. Eta Japoniatik eginak ere bai: «Makila euskal kulturaren sinboloa den puntutik, euskaraz nahiago». Baina gertatzen zaio beste hizkuntzetan egitea ere, eta ez du horretan arazorik ikusten. Baita dagarik gabeko makilak egitea ere, oro har biziki eskaera guti baitira hain bereziak. Hortik bizitzeko dirua ateratzen duen puntutik. Hori bai, eskertu du Alberdik, euskal makila hainbat lekutan galdua zelarik, Lapurdi eta Baxenabarreko zenbait lekutan jakintza atxiki izanaz. Baina argi du: «Euskal makila gu guztiok baino askoz lehenagotik zen etorri; gu guztion gainetik dago».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Galtzen ari den lan bat azaleratu nahi dut»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ontzi bat da, esamolde bat da, eta arrantzalearen azalean jarri nahi bat da 'Axalian'. Izen hori jarri dio Ortolaizek Zarauzko Photomuseumen paratu duen erakusketari: «Mundu eder bat da itsasoa».
Jon Mirande, eskuinean, Bretainiar Elkartearen Saria ekitaldian, 1969. ©Z / EZEZAGUNA

De viris illustribus: Jon Mirande bretainiarra

Miel A. Elustondo

Euskaraz baino lehen ikasi zuen bretoieraz Jon Mirandek Parisen. Euskaldunak lagun egin baino lehen, bretainiarrak egin zituen adiskide. «Gazte haien karra! Askok ez zekiten haurretatik beren herriaren hizkuntza, baina ikasi zuten eta bretoieraz ari dira beti. Guk, aldiz...», idatzi zuen. Goulven Pennaod bretainiarrarena dugu jakilegoa, Txomin Peillenek 1976an bildua.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Zorroztasuna funtsezkoa da kazetaritzan»

Urtzi Urkizu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidente izendatu dute Goikoetxea. Dioenez, kazetariek baldintza onak behar dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.