Horma berria erradiazioari

Txernobylgo erreaktore kaltetua babesten duen sarkofagoa estaliko duen metalezko egitura kokatzeko lanak hasiko dituzte datorren astean. 100 urtez aireko erradiazioa kontrolpean edukitzea bermatuko du.

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte igaro dira historiako istripu nuklear larrienetik, eta Txernobylgo zentral nuklearrak zeresana ematen jarraitzen du. Istripu larrienaren kalteak estaltzeko, historiako egitura mugikor handiena lekuz aldatzen hasiko baitira datorren astean. Ingeniaritzaren arloan mugarri bat izango da momentua, adituen arabera. Lehendik eraikita dagoen sarkofagoaren gainetik joango da estalki berria, eta erreaktore kaltetuan dagoen kutsadura 100 urtean aireratzea eragotziko du. Horrela, Txernobylgo babeserako planaren lehen harria jarriko dute. Baina ingurua garbitzeko lehen pausoa besterik ez da izango hori, oraindik bide luzea geratzen baita kutsadura hori guztia desagertu arte.

1986ko apirilaren 26an laugarren erreaktorean izandako leherketa baten ostean gertatu zen Txernobylgo istripua. Hamar egun iraun zuen suteak, eta material erradioaktibo ugari aireratu zen. Hala, emari hori eteteko, hormigoizko sarkofago bat eraikitzen hasi ziren hilabete geroago. Beste sei hilabeteko lanen ostean, egun zutik dagoen sarkofagoa amaitu zuten. Baina babes neurri hori behin-behineko neurri bat besterik ez zen, 20-30 urtean erradioaktibitateari eutsiko zion euste horma bat. Metalezko egitura berria kokatzen hasiko dira datorren astean. Sarkofago zaharra «kolapsatzeko zorian» dagoenean jarriko dute, Raquel Monton Greenpeaceko kidearen arabera.

Baina ingeniaritzak azken urteetan izan duen erronkarik garrantzitsuenetako bat ez da amaituko laugarren erreaktorea estaltzen eta zigilatzen dutenean. Espero dute lan horiek 2017an amaitzea, baina, ondoren, erreaktore kaltetua garbitzeko lanak hasi beharko luke. Metalezko egitura berriak kutsadura kanpora ateratzea galarazteaz gain, sarkofago zaharra eraisteko lanak egiteko behar adina leku dauka bere barruan. Behin sarkofagoa eraitsita, barruan dagoen material erradioaktiboa bertatik atera ahal izango dute.

Baliabiderik ez

Baina Montonek salatu du lehen pauso hori eman ostekoak zein izango diren zehaztu gabe daudela oraindik. Hau da, sarkofago berria eraikitzeko finantza baliabideak egon diren bezala, ondoren erreaktore kaltetuarekin egin behar diren lanak «oraindik zehaztu gabe» daudelako. Eta finantzaketarekin berdin. Horregatik, beldur da mende baterako erradiazioari eusteko gai izango den egitura berria kokatu ondoren, egitasmoa bere horretan ez ote den geratuko. Izan ere, sarkofago zaharra kolapsatzen den momentuan, hondakin erradioaktiboak bertatik ateratzeko lanak gero eta zailagoak izango dira. Horregatik dio hurrengo urratsak zein izango diren zehaztu behar direla ahalik eta azkarren. «Aurreikuspenen arabera, sarkofago zaharrak 2023. urtera arte iraun dezake; beraz, denbora gutxi dago garbiketa lanak hasteko».

Beldur da ere agintariek arazoa epe motz edo ertainera konpondutzat emango ote duten. «Jarraipena eman behar zaio abiatutako prozesuari; bestela, arazoa hurrengo belaunaldiei utziko diegu». Gainera, gogorarazi du, erradiazioa ez dela 100 urtean desagertzen, eta horregatik estalki berria epe ertainerako irtenbidea besterik ez da. «Horrela hartzen ez badugu, jai daukagu». Aireko erradiazioa kontrolatzea lortuko du egitura berriak, baina lurzoruan dagoena oraindik kontrolatu gabe dago. Beraz, ingeniaritzak erronka handiak izango ditu oraindik Txernobylgo zentral nuklearrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.