Aho biko belarrak

Gipuzkoako petrikilo bati jarritako isunak herri jakintzaren eta medikuntza ofizialaren arteko harremanari buruzko eztabaida jarri du mahai gainean. Sasi-zientziak salatzen dituztenek txalotu dute debekua, baina badira, zientziatik ere, mendeetako ezagutza bat galduko den beldur direnak.

Haurrak landareekin ukendu naturalakegiten ikasten, Donostiako Urgulleko Natur Txokoan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Belarrek funtzionatu egiten dute, baina, mirariak, Lourdesen ere ez», esan du Nekane Martiarena sendabelarretan adituak. Gaztetan hasi zen Martiarena horretan: amonarekin txikitan, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) emakume batekin gero. Sendabelarrak: landareen mundua liburua argitaratu zuen 2006. urtean. Belargileak albiste izan dira egunotan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 27.000 euroko isuna ezarri diolako horietako bati. Bezero bati erreakzio alergikoa eragin zion ukendu bat saldu zion Zegamako (Gipuzkoa) Solita Apaolazak. Bere burua sendalaritzat du 88 urteko emakumeak, eta bizitza osoa darama belarrak biltzen eta ukenduak egiten, arbasoen tradizioari jarraiki, esan duenez.

Zegamako sendalariekiko elkartasuna agertu du Martiarenak. «Niri beldurra ematen dit jendea aholku eske etortzen zaidanean, askotan desesperatuta heltzen direlako konponbide baten bila. Borondate onez ematen diezu ukendua edo belarrak, eta, gero, salaketak eta halakoak etor daitezke». Inork ez du babesten belaunaldiz belaunaldi transmitituriko ezagutza, kexu denez. Argi utzi nahi du: «Ni ez naiz honetara dedikatzen; zaletasun bat da». Ukenduak-eta egiten ditu, beretzat eta bere ingurukoentzat, baina, horretaz bizi ez denez, ez ditu erregistratuta, ez du markarik. «Aldameneko herri bateko azokan jartzeko eskatu berri didate, baina ezetz esan diet, nik ez dudalako saltzen». Halere, ez dago sendabelargintza lanbide bihurtzearen kontra, «beti egon da hemen sendabelarren kultura hori. Arautu beharko litzateke, bai, baina zergatik ez jarraitu?».

Merezitako isuna

Beste muturrean dago Deborah Garcia Bello kimikari eta dibulgatzailea. «Primeran iruditzen zait isuna jarri izana», esan du. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak bultzaturiko Zientzia Kaierak blogean idazten du, ukenduen inguruan, besteak beste.

Halako produktuak ezberdin daude araututa kosmetiko gisa edo sendagai gisa merkaturatzen direnean, Garciak azaldu duenez. Gaiok azalean sartzeko duten ahalmenaren arabera sartzen dira kategoria batean edo bestean. Kosmetikoek ez dute azala zeharkatzen, eta ez dira, beraz, gorputzaren barruan sartzen.

Zegamako sendalariak ukendua sendagai gisa merkaturatu izanak «askoz larriago» egiten du afera, kimikariaren arabera. Legedia argia dela esan du: «Hasteko, ezin da formula sekreturik izan. Kontrola pasatu behar duzu. Ez duzu esan behar nola egiten duzun, edo osagai bakoitza zein proportziotan erabiltzen duzun, baina osagai zerrenda osoa jarri behar duzu, legez». Ukenduetan-eta hala agertzen da: produktuak dituen osagaiak kopuruaren arabera daude ordenatuta: gehien erabilitakoa, lehena. Edariekin ere berdin gertatzen dela esan du. Osagai guztiak daude zerrendan. Proportzioa edo nola prestatzen diren, hori sekretua da, baina hori bakarrik.

«Izugarri arriskutsua iruditzen zait egiten dutena», adierazi du, belargileengana itzulita. Halako gauzak egiteko kontrol handia dago: fabrikatzeko baimena eskatu behar da; laborategiaren garbitasuna eta kalitatea kontrolatu behar dira. «Kosmetiko bat ekoitzi nahi duen edozein laborategik pasatu behar du». Lehengaiak non erosten dituzten ere deklaratu behar dute. «Nik xaboi bat etxeko sukaldean egiten badut, neure amonak egiten zuen bezala, ez ditut betetzen osasun kontrol guztiak. Saltzen badut, iruzurra egiten ari naiz».

Zientziaren komunitatean erreakzio gogorra dago gaur, ikusten dutelako sasi-zientziak asko zabaldu direla. Baina ez al dira bereizi behar sasi-zientzia horiek eta herriak mendeetan pilaturiko eta transmitituriko jakintza, belarren inguruan, esaterako?

Garciak argi du: «Gauza bera dira». Azaldu duenez, sasi-zientzia modernoek ere antzinako gauza asko erabiltzen dituzte, eta horretan oinarritzen dira. Beraz, bereizketa bakarra sasi-medikuntzaren eta medikuntzaren artean egin behar dela uste du kimikariak. «Ez badago froga zientifikoetan oinarrituta, sasi-zientzia edo sasi-medikuntza da».

Martiarenak esan bezala, halakoengana jotzen dutenak askotan «etsita» egoten direla nabarmendu du Garciak. Eta Zegamako petrikiloaren bezeroa da horietako bat, haren arabera. «Soriasiak ez du sendagairik», esan du. «Etsita bazaude, edozein gauza probatzeko prest zaude. Eta edozein gauza hori oso garesti ateratzen zaizu beti».

Botikagintzaren industriak akatsak ere egin izan dituela onartu du Garciak. Ezin dira ahaztu Bayer etxeak kokainaren menpekotasuna sendatzeko sorturiko heroina, edo Gruenenthal laborategien zorigaiztoko talidomida. «Alor guztietan egiten dira akatsak; hori saihetsezina da. Baina ikusi behar da ongi asmaturikoak huts egindakoak baino askoz gehiago direla». Aurrejuzguak daude botikagintzaren industriaren inguruan, Garciaren arabera, eta horien inguruko albisteak daudenean aurrejuzguak indartzera jotzen du jendeak.

«Negozio hauek amaitu behar dute, benetako iruzurrak direlako», esan du Garciak. Sasi-terapiez ari da, oro har. Horiek bereziki larriak dira, Garciaren arabera, sendagileak jarritako tratamendutik urruntzen dutenean gaixoa. Izan ere, azken boladan ibili dira Euskal Herrian hitzaldiak ematen minbizia belarrekin senda daitekeela esaten dutenak.«Ez diogu honi behar duen garrantzia ematen. Zaila da gaur herri batean azoka bat egitea, eta produktu haietakoren bat ez topatzea salgai», esan du Garciak. «Ez da ezer gertatuko, esaten dugu, gertatzen den arte».

Euskal etnobotanika

Baina batzuek gaizki erabiltzea arrazoi nahikoa da gizakiek mendez mende landareen inguruan bilduriko eta transmitituriko informazioa errekara botatzeko? Ingurumen Zientziak ikasi zituen Gorka Menendez galdakaoztarrak, eta Etnobotanikaz egin zuen masterra Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Arabako eta Bizkaiko lau eskualdetan erabilitako landareen inguruan egin zuen doktore tesia, eta 2015ean argitaratu zuen.

Landareen inguruko herri jakintza interesatzen zitzaion, eta hori ikertu zuen 300 baserritarri baino gehiagori galdetuta. Folklorea eta zientzia uztargarriak direla uste du. «Herri medikuntzak» mendeetako esperientziaren bidez ikasi du, «enpirikoki», Menendezek esan duenez. «Medikuntza ofizialak dituen sendabide asko, gaur laborategiek ekoizten dituztenak, herri medikuntzaren aurkikuntzetan daude oinarrituta».

Horren adibide ugari daude: gizateriak gutxienez 2.500 urte zeramatzan sahatsaren hostoak erabiltzen mina arintzeko eta sukarra jaisteko, Charles Frederic Gerhardt kimikariak hostoetan berez dagoen azido azetilsalizilikoa 1853. urtean sintetizatu zuenean. Salix da sahatsaren generoaren izen zientifikoa, eta hortik salizilikoa.

Inkek aspaldi ezagutzen zuten kino zuhaitzaren (cinchona officinalis) ezpalaren ahalmen sendagarria. Europarrek malaria gaitza eraman zietenean, harekin egin zioten aurre, eta arrakasta handia lortu. Hortik atera zuen zientziak malaria tratatzeko kinina alkaloidea, eta freskagarrien industriak tonika edaria. Beraz, gin-tonica edaten duena sendabelarren inguruko herri jakinduriaz baliatzen ari da. Eta baita hurrengo egunean sorturiko ajea arintzeko aspirina hartzen duena ere. Asteburuko etnobotanika da.

Baina belarrak aho bikoak dira. Grezierazko pharmakon hitzak sendagaia eta pozoia esan nahi du, aldi berean. Opioaren inguruko herri jakinduriatik, morfina atera zuen zientzia modernoak XIX. mendearen hasieran, eta heroina 1874. urtean. Bayerrek eztularen aurkako sendagai gisa saldu zuen 1888tik 1913ra.

Euskal Herrian oso arrunta da kukufraka landarea, eta sendabide eta pozoia izate horren adibide ona da. Istorioaren arabera, andre sendalari bat bihotz-gutxiegitasuna zuen pertsona bat kukufraka erabilita sendatzen ikusi zuen William Withering sendagile ingelesak 1785. urte aldera. Landarearen osagaiak ikertu zituen medikuak, eta handik bakartu zuen digitalis gaia. Kukufrakaren latinezko izena da digitalis. Witheringen lan horrekin hasi zen terapeutika modernoa. Herri jakintzatik abiatuta, beraz.

«Herri medikuntzak ez dio zientziaren metodologiari sistematikoki jarraitzen, baina tradizioz transmititzen da, eta onartzen da normalean horren atzetik zer edo zer badagoela», esan du Menendezek. «Zientziaren ardura ezin da joan errepresioaren bidetik», gaineratu du, Zegamako Apaolaza belargilea gogoan, «baizik eta hor zer dagoen ulertze aldera».

Etnobotanikariaren arabera, hau da ikertu beharrekoa: sendatzeko prozesuan zenbat ahalmena duen landareak eta zenbat sendalariaren erritualaren inguruko plazebo eraginak. «Hori da zientziaren ardura, eta administrazioak horretarako baldintzak jarri behar ditu, eta ez urtetan horretan ibili den andre bati isuna». Euskal Herrian badago jakintza bat, alferrik galtzen ari dena, inor ez delako zientifikoki ikertzen ari, Menendezen ustez.

Pasmo belarra da horretan salbuespen bakarra, antza. Azaleko arazoak sendatzeko erabiltzen da, eta Nafarroako Unibertsitatearen talde batek ikertu zuen laborategian. «Ondorioztatu zuten landareak hainbat osagai dituela infekzioei aurre egiteko», esan du Menendezek. «Lan hori landare bakarrarekin egin da».

Badago lotura bat, gainera, euskararen eta ezagutza horren artean, etnobotanikariak aurkitu duenez. Badira bakarrik eskualderik euskaldunenetan erabiltzen diren landareak: berbena, esaterako. Are, badira gurean euskalkiaren arabera erabiltzen diren landareak ere. «Ario belarra —helleborus viridis—, esaterako. Pozoitsua da, eta tripetako zizareak hiltzeko erabiltzen zen. Bakarrik bizkaieraz mintzo diren eremuetan erabiltzen da».

Pasmo belarra, esaterako, Gipuzkoa eta Nafarroako iparraldean erabiltzen da. Beste batzuk, berriz, Euskal Herri osoan erabiltzen dira, eta, asko, Europa osoan, kamamila eta intsusa, esaterako. «Isuna jartzea baino zentzudunagoa da ulertzen saiatzea, landareak tartean daudenean. Isunaren ondoren, emakume horrek ez du ezer kontatuko».

Zientzia eta folklorea

Jon Irazusta zientzia munduko pertsona da. Medikuntza Fakultateko irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Baina, halere, bere lankide askok ez bezala, ez du herri medikuntzaren kontrako jarrera gogorrik. «Erpin asko ditu gaiak», esan duenez.

Noski osasunarekin zerikusia duten gauzek araututa egon behar dutela esan du. «Profesionalak tituluduna izan behar du, eta produktuek segurtasuna ziurtatzeko prozedurari jarraitu behar diote, osasun publiko arazo ez bihurtzeko». Osasunaren profesionalen oinarria zientzia izan behar da. Edonola ere, sendagileak «hutsuneak» ikusten ditu medikuntza ofizialean. «Inor ez da perfektua, eta, askotan, sasimedikuak hutsune horietaz baliatzen dira».

Sendabelargileen tradiziotik «zerbait ikas genezakeela uste dut», esan du. Horretan ezagutza enpirikoa (esperientzian oinarriturikoa) badagoela uste du sendagileak, «eta hori zientziara ekarri beharko genuke». EHUko irakaslea izateaz gain, errektoreordea ere izan zen Irazusta. Ez al luke unibertsitateak berak hartu beharko Euskal Herriko herri medikuntzako ezagutza ikertzeko ardura? Unibertsitatearentzat bakarrik «lan gehiegi» litzatekeela uste du. Ikerketaren ardura duten erakundeek hartu beharko lukete lan hori euren gain, esan duenez. «Jakin-minez ikusten dut nik belargileen lana».

Martiarena ukendugileak ezagutu izan du ospitalean egon, eta, isilpean, sendabelarrak hartzen aritu direnak, «eta medikuak harritu, oso ondo sendatzen ari zirelako, edo gibela sendatzeko pareta belarra hartuta transaminasa jaistea lortu dutelako».

Jakituria hori galtzen ari dela uste du, eta ez du itxaropen handirik: «Botikagintzaren industriari agian ez zaio interesatzen dirurik emango ez lukeelako».

Baratzeari begira dago Martiarena: «Pasmo belarra polita jartzen ari da; berbena laster izango dugu puri-purian, ukenduak egiteko». Sasoi honetan, ekainean, egiten ditu, amarekin. «Elkarrekin egoteko modu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.