Albistea entzun

David Alvear. Psikologoa

«Isiltasuna meditazioaren ondorio gisa uler daiteke»

Psikologia aldetik isiltasunak sor ditzakeen onurak ezin dira neurtu, Alvearren arabera, baina meditazioaren beharra areagotzen ari dela iritzi dio. Laster kontsulta medikoetan ere errezetatuko dela esan du.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko apirilak 21

Psikologian doktorea da David Alvear (Donostia, 1979), eta urteak daramatza mindfulness teknika ikertzen. Egungo gizarteak meditaziorako gero eta behar handiagoa duela azaldu du, antsietate eta depresio kasuak gorantz egiten ari baitira.

Ikuspegi psikologikotik, zein da isiltasunaren garrantzia?

Isiltasuna ezin da neurtu ikuspegi psikologotik. Ikuspegi fisiko edo auditibotik neur daiteke, baina ikuspegi psikologikotik, nola? Ikuspegi soziologikotik, desazkundea edo bizitza lasaiago batekin harremana izan dezake, eta psikologikotik, meditazioarekin. Momentu batez isiltasunean egotea uneari arreta jartzea da. Horri guztiari arreta jartzeak onura ugari ekar ditzake gaitz psikologiko ezberdinei aurre egiteko garaian.

Isiltasuna azaltzean mindfulness teknikari buruz ari zara?

Mindfulness edo arreta osoaren meditazioa meditazio mota bat da. Budismoan du oinarria, baina zientziak asko ikertu du. Ni meditatzailea naiz, baina horrek ez dit egia ezagutzeko alderdia lasaitzen. Alde horretatik, budismoan egiten diren praktika batzuk hartu, eta zientziaren metodologiatik pasatzen ditugu.

Barne isiltasunarekin lotu daiteke orduan?

Isiltasuna ez da ikuspegi zientifikotik gehien gustatzen zaidan terminoa, apur bat anbiguoa izan daitekeelako. Bakoitzarentzat isiltasuna zer den ikusi beharko zen, baina egia da mindfulness teknikak erroak dituela. Isiltasuna meditazioaren ondorio gisa uler daiteke.

Gaur egun zer behar dago meditaziorako?

Handia. Gaur egun, nahaste psikologikoen aldetik sekulako epidemia daukagu. Antsietatea eta depresioa arazo larriak dira, eta gobernuak oraindik ez dira jabetu horretaz. Azken 50 urtean hamar aldiz ugaritu da gaixotasun horien kopurua. Estres maila ere izugarrizkoa da, arlo teknologikoak ere lagunduta. Beraz, gelditu eta sinpletasunera jotzeak edo lasaitasun puntura itzultzeak onura handiak dakartza.

Kasuak ugaritzen ari direla diozu. Zer egin beharko litzateke horri aurre egiteko?

Hasteko, bi gauza merke: ariketa fisikoa eta meditazioa. Hori esateko oinarri zientifikoak daude. Meditaziorako programa ugari daude, oinarri zientifikoetan oinarrituta.

Teknika horiek zergatik dute halako arrakasta?

Moden atzean zergatiak egon ohi dira. Meditazioa eta isiltasunera jotzeko joeraren atzean gizarteak duen behar izugarria dago. Beharra dauka gelditzeko, sinpletasunera jotzeko eta gauzak ez egiteko. Meditazioa izan daiteke Homo sapiens-ak duen jokaera berezienetakoa: eseri eta ezer ez egitean oinarritzen baita. Oso kontrakulturala da, eta, aldi berean, beharrezkoa.

Behar hori sumatzen duzu?

Bai. Nik Baraka psikologia integraleko institutuan egiten dut lan, formakuntzan, eta mindfulness arloa beteta daukagu. Eskaera izugarria da, eta osasun ikuspegi batetik kontuan hartu beharko litzateke. Azkenean, ikusi besterik ez dago nola gabiltzan guztiok ordutegi edo agenda aldetik. Presa handiarekin, eta horrek azkenean nerbio sistemari eragiten dio. Presio handia dago lanean edo beste hainbat arlotan.

Meditazioa errezetatu egin beharko litzateke orduan?

Hori ere iritsiko da. Gaur egun, halako kasuak bidaltzen dizkigute gaiaren inguruan sentsibilizatuta dauden medikuek. Orain ariketa fisikoa errezetatzen den bezala, meditazioa ere aginduko dela iruditzen zait. Ez pertsona guztientzat, baina bai gehienentzat. Horretarako beharra badago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kaskezurra agerian, esperimentuetako batean. ©BERRIA

Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipenik Onenaren lehiaketan

Edu Lartzanguren

Neural Correlate Society neurologo eta artista taldeak aurtengo lilurapenik onenak zeintzuk diren ebatzi du, eta Harry Potterren geltoki magikoaren inguruko begitazioak irabazi du lehenengo saria.

Natalia Garriga eta Rosa Roma i Monfa, atzoko agerraldian. ©ARNAU PASCUAL / KATALUNIAKO KULTURA DEPARTAMENTUA

Kataluniak ehunka bikoizketa eta azpidatzi emango dizkie plataformei

Jakes Goikoetxea

TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako film eta telesailak jartzen ari dira 'streaming' plataformen esku
Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Uretaratze gozo-gozoa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Txokolatez egindako 1.500 kiloko txalupa bat itsasoratu dute Pasaiako badian. Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dute, Euskal Herri osoko gozogileen artean. Eta bai: flotatu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...