Pasaiako Itsas Festibala

Amarratu, gal ez dadin

Ikusmin handia sortu du Pasaiako Itsas Festibalak, eta jendetza bildu da badiaren bi aldeetara. 'Hermione', ontzi tradizionalen topaketaren izar behar zuena, asteazkenean iritsiko dela jakinarazi dute antolatzaileek: motor bateko matxura konponduta, abiatua da Vigotik Euskal Herrira.

Gaiteroak. Vigoko Raigames gaitero taldeak alaitu ditu badiako bazterrak. JON URBE / @FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Pasaia
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hermione ezagutzeko txanda hartu nuen, 10:00etarako». Hala hurbildu zaio emakume bat Xabier Agote Albaolako lehendakariari. «Baina Hermione ez da festibalera iritsi...», erantzun dio Agotek. «Eta ontzi hau ikus dezakegu?». Kaskelot-engatik ari da: goizeko lehenengo orduetan badabil mugimendua, baina orduantxe ari da esnatzen Pasaiako (Gipuzkoa) portua, eta dena ezagutu gosez dabiltza goiztiarrenak. Bat ez bada, bestea: bada non aukeratua Pasaiako Itsas Festibalera iritsi diren ia 100 ontzien artean.

Hain zuzen, Hermione-n iritsi behar zuen Agotek Pasaiara, baina, azkenean, hegazkinez etorri behar izan du. Jaialdia hasi baino gutxi lehenago, matxura izan zuen ontziak motorretako batean, eta Vigon (Galizia) gelditu behar izan zuen. «Hermione-koek ahalegin guztiak egin dituzte gaur Pasaian egoteko, ez da posible izan haizea asko harrotu zelako; ezin izan genuen aurrera egin». Antolatzaileen arabera, konponketa lanak bideratuta, Euskal Herri aldera abiatu zen atzo Hermione, eta asteazkenean espero dute Pasaian. Dena den, portua ontziz eta jendez beteta, begiak piztu zaizkio Agoteri: «Oso pozik nago, zeren ikusten da giro asko dagoela; hemen dauden itsasontziak oso esanguratsuak dira, kolore handia dute, ondare aldetik garrantzi handikoak dira eta jatorri desberdinetakoak dira».

Hermione-n faltan, Kaskelot da itsas festibaleko barkurik handiena: 1948an eraikia eta 47 metro luze da Bristolgo (Ingalaterra) barkua. Katiluak hartuta, gosaltzen ari dira eskifaiako zenbait lagun; Jessie Atkinsonek azaldu duenez, hamasei lagun dira guztira. «Oso badia ederra da, eta berezia da guretzat hemen egon ahal izatea lehenengo aldiz». Atkinsonen arabera, Pasaiarainoko bidea ona izan da haientzat, haizea alde izan dutelako: «Hermione-koek baino zorte hobea izan dugu, alde horretatik». Erakustoki txiki bat atondu dute barruko aldean, barkuaren historia azaltzen duten panelekin.

San Pedron dago Kaskelot, beste hainbat ontzirekin batera. Hori baino lehenago dago Ozentziyo, Trintxerpe aldera: Donostiako kaiko egurrezko azken itsasontzia da. Duela bi urte utzi zion arrantza egiteari, baina, itsas ondareari eusteko asmoz, berritzen ari dira Albaolan. Ozentziyo-tik gertu dago, hain zuzen, galiziarren gunea. Galizia da jaialdiko ohorezko gonbidatua, eta hantxe daude lau lurraldeetako ordezkarien eskutik ekarri dituzten ontziak.

Galiziarren informazio gunea, ordea, barrurago dago. Pasealekuan aurrera eginda, San Pedrotik barrena, Albaolaren ondoan dago Victor Fernandez, Galiziako Culturmar federazioko kidea. Haiek ere egiten dituzte ontzi tradizionalen topaketak, bi urtean behin, 1993az geroztik: «Normalean, Euskal Herriko ontziak beti etortzen dira gure topaketetara, eta pozik gaude hemen gaudelako, eta ohorezko gonbidatuak izanda, are gehiago». Fernandezek azaldu duenez, «aitortza» gisa hartu dute izendapena. Parean daude Galiziatik ekarri dituzten ontzietako batzuk: erdiak edo falta dira, itsasoa lasai samar egonik, nabigatzeko aprobetxatu baitute.

Aldarrikapenak ere bai

Galiziarrekin nahasian dabil hara eta hona ontzi txiki bat: bandera bakar bat du, baina handi-handia, urrutitik ikusteko modukoa. Barra hori eta gorriak, hiruki urdina eta izar zuria: Kataluniako estelada. «Ez genuen espero aurten erabiltzea, baina, zoritxarrez, bizitzen ari garenarekin, ezin zen bestela izan», azaldu du Jordi Salvador Graciak, Kataluniako itsas ondare eta kulturaren federazioko kideak.

Donibanen dute informazio postua: federazioa osatzen duten hamalau elkarteen informazio panelak jarri dituzte, eta lekua egin diete aldarrikapen politikoei ere. Kataluniako preso politikoak askatzea eskatzen duen bandera du aldean Salvadorrek, xingola horia darama bularrean eta ale batzuk oparitzen ari da hurbiltzen direnei. Pozik dago Salvador Euskal Herrian itsas festibala antolatu dutelako: «Askotan etorri izan naiz Euskal Bateleroen topaketetara: jakin genuenean halako dimentsiotako jaialdi bat egitekoak zirela Pasaian, pentsatu genuen katalanok ezin genuela hutsik egin».

Kataluniarren ondoan daude, hain zuzen, Euskal Bateleroak, eta hantxe dabil lanean Beñat Ibaieta ere, Euskal Bateleroen elkarteko presidentea eta Beduola ontziolako kidea. «Gure ontziak hartuta etorri gara, eta erakusketa txiki bat jarri dugu, jendeari ezagutarazteko zer ondare klase ari garen berreskuratzen».

Ostegunean Kaskelot-i dozenaka ontzik jarraitu zioten badiara egin zuen sarreran, eta Ibaietak ere parte hartu zuen. «Elegantea eta oso hunkigarria izan zen: pena da Hermione Vigon gelditu izana, baina polita izan zen». Gaur antolatzaile lanetan ari dira, baina Ana Sistiagak eta Izarra Bedialaunetak ere parte hartu zuten ekitaldi horretan. «Ikaragarria, oso polita izan zen; jende pila bat zegoen bi aldeetan», nabarmendu du Sistiagak. Ameriketatik ontzian aritzen dira arraunean, eta halaxe egin zuten sarrera, Bedialaunetak esan duenez: «Haizerik ez badago, arraun egin behar».

«Apustu sendoa»

Ibaietaren ustez, beharrezkoa da halako jaialdi bat egitea Euskal Herrian. «Pasaia herri oso garrantzitsua izan da historikoki: ontziola pila bat egon dira, eta Euskal Herrian dagoen porturik garrantzitsuenetariko bat izan da. Albaola bertan dago, eta gaitasuna dute horrelako apustu sendoa egiteko: ea urte askotan ospatzen jarraitzen den».

Ibaietak bezala, Culturmarreko Fernandezek ere egin dio erreferentzia itsas ondareari: «Boluntarioen sare bat gara, itsas ondarea galtzen ari zela ikusita sortu zena». Halako topaketek badute itsas ondarea zaindu eta ezagutarazteko bokazioa, eta hori izan zen Albaola sortzeko arrazoietako bat. Agotek azaldu duenez, Euskal Herriaren itsas ondarea galzorian ikusi zutelako sortu zuten, besteak beste, Albaola. Elkarteak urteak daramatza itsas ondarearen defentsan eta bide horretan lan egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du Agotek. «Pozgarria da ikustea nola itsas ondarea pizten ari den: euskaldunok, ez dakit zergatik, baztertuta izan dugu itsasoa; badirudi duela bi mendez geroztik izandako beherakadaren ostean, hori guztia ahaztu egin dela, eta uste dut honekin memoria hori berreskuratzen ari garela».

Ontziak portura sartzen direnean, lehen lanetariko bat izaten da amarrak botatzea. Aurrerantzean, amarrak estu lotzeko portu berri bat izango dute ontzi tradizionalek Pasaian. Eta amarrak estu lotzen jarraituko dute nola Pasaian hala gonbidatuak diren portu bakoitzean, maite duten ondare hori zaindu eta ahanzturan gal ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.