Albistea entzun

Hegan egin nahi dute

Krisalida atzean utzi, eta zoriontsu, aske, izatea dute helburu nerabe transexualek. Urteetan barruan sentitu dutenak eztanda egin, eta hitzez adierazten eta azaltzen jakiten dutenean abiatzen dute prozesua gehienek.
<b>Izan Avila.</b> Bideo baten bidez jakinarazi zien gertukoei transexuala zela.
Izan Avila. Bideo baten bidez jakinarazi zien gertukoei transexuala zela. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2016ko abenduak 10 - Iruñea

Lasaitua. Gurasoak bulba duen semea edo zakila duen alaba dutela jabetzen direnean ohiko hitza dute hori haien ahotan. Lasaitua da, halaber, haur eta nerabe horiek ibiltzen duten elea, lehenbizikoz ingurukoei bulba duten mutilak edo zakila duten neskak direla esaten dietenean. Eta horren ondoren, zoriontasuna, nahiz eta prozesu baten hasiera baizik ez den «ama, zakila duen neska bat naiz» esaldia. Krisalida atzean utzi, eta hegalak astintzea dute helburu, ez besterik. Zoriontasuna erdiestea, alegia.

«Txikitatik ilea motz neraman, arropa maskulinoak eramaten nituen. Gorputza garatzen hasi aurretik uste duzu egunen batean egoera hori aldatuko dela. Badakizu zerbait gertatzen zaizula, ez zaudela gustura zure gorputzarekin, ez zarela erabat zu, baina ez duzu ulertzen ongiezaren jatorria». Izan Avila 17 urteko mutikoa da, eta bulba du. Erdi mailako Lanbide Heziketa bukatu berri du, eta goi mailakoarekin hasteko gogoz da. Duela urte bete kontatu zion bere amari denak erraturik zirela, bera mutikoa zela. Bideo baten bidez egin zuen. Lagunei Whatsapp mezu bat bidali zien. Berehala, inguruko denek izan zuten horren berri: eskolan, lagun kuadrillan...

Avilak irribarre batekin gogoratu du amari bideoa bidali zion eguna. «Kontatzen duzunean, barnekoa ateratzen duzunean, onartu eta Izan deitzen zaituztenean, munduko pertsonarik zoriontsuena sentitzen zara. Bizitza berri bat hasiko balitz bezala da, eta benetan zoriontsu zara». Horra ailegatu arte, egoera ez zen samurra izan. 10-11 urterekin garatzen ari zitzaizkion gorputz atalak ezkutatzen saiatzen zen. Hori gordetzea oso gogorra egiten zitzaion, eta Internetera jo zuen erantzun eske. Youtuben bere bizipenen antzekoak kontatzen zituzten mutilak aurkitu zituen Avilak.

Euskal Herrian hainbat lagunek bizi dute, edo bizi izan dute egoera hori. Bakoitzak bere modura, baina. «Txikitan beti sentitu naiz diferente bezala, baina ez nekien ondo zer gertatzen zitzaidan. Pentsatzen nuen mutila nintzela nesken gustuekin». Garazi Martinek 15 urte ditu, eta zakila duen neska bat da. DBHko 4. mailan dago, letrak maite ditu, eta nagusitan haurrekin lan egin nahiko luke. 10 urterekin izan zuen transexualitatearen berri lehenbiziko aldiz, eta, hala ere, bera ez zegoen seguru. 12 urterekin egin zuen eztanda. «Konturatu gabe esan nuen neska bat nintzela. Kontatu ondoren jabetu nintzen hori horrela zela», azaldu du.

Txikitan ez zitzaion batere gustatzen mutilak eta neskak banatzen zituztenean. «Nik nahiago nuen neskekin egon, eta haiekin identifikatzen nintzen». Izena aldatzea erabaki zuen. Gurasoek alaba bat izanez gero Garazi jarri behar zioten, eta izen hori aukeratu zuen berarentzat. Izan ere, alaba bat izan zuten, berandu konturatu arren.

Orain, hainbat proba egiten ari da Martin, eta, emaitzen arabera, blokeatzaileak hartuko ditu edo ez. Hala ere, heldu den urtean hormonak hartzen hasteko irrikaz dago. «Urte bat bakarrik falta da», dio irribarretsu. «Ilusio handien egiten didana hormonak dira. Operazioa egin nahiko dudan, hori ez dakit seguru». Avilak presa du hormonak hartzen hasteko, dagoeneko hamazazpi urte dituelako. Hala ere, prozesua luze jotzen ari da UNATI Nafarroako Transexualitate eta Intersexu Unitatean. «Estutasunez bizi dut egoera, ez dakidalako noiz hasiko naizen. Hormonek ongi sentiaraziko nindukete», azaldu du. Gorputza garatzen ari zaio, baina ez berak nahiko lukeen bezala.

Haren amak, Encarna Garciak, dio itxaron zerrenda luzea dela, baliabide falta dagoela eta protokoloa motelegia dela. Psikiatrak eta endokrinoak ez omen dira ongi koordinatu, eta horrek atzeratu du prozesua haren ustez. Arazoa da, patologiatzat dutela transexualitatea. Hala, «genero identitateren nahasmendua» eta «genero disforia» duela dioen agiri bat lortu beharra dute edozein tratamendurekin hasi aurretik. Avilarentzat gogorra izan da psikiatrarekin bildu behar izatea. «Ez genuke hori bizi behar, ez dugu buruko gaitzik, eta ez dugu gure gorputzarekiko disforiarik». Besteak beste, horrelakorik egon ez dadin, legea aldatzeko lanean dabiltza Chrysallis adingabe transexualen familien elkarteko kideak.

Konpondu beharreko beste arazo batzuk ere badaude UNATIn bertan. Adibidez, kontsultan sartu aurretik ez dute Izan deitzen. Neska baten izena esaten dute. Horrek mindu egiten du Avila: «Lagundu nazaten nahi dut, eta ez dut gutxietsia sentitu nahi». Konponbidea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen agiria izan daiteke. Martinek agiri hori erabiltzen du harro, bere benetako izena esan dezaten. Baina agiri hori hiru lurralde horietan baizik ez da ofiziala.

Eztanda sasoi ezberdinetan

Nerabezaroan konturatu zen Avila mutikoa zela. Berez, bazekien, baina ez zuen hitzez azaltzen jakin ordura arte. Baina momentu batean eztanda egin zuen. Ezin zuen gehiago gorde. Eztanda hori batzuetan lehenago eta beste batzuetan geroago heldu da. Adibidez, Abi Labaienen alabak sei urte ditu. Gizarteak nesken kontutzat hartzen dituenak maite zituen txikitatik, baina horrek ez zituen harritu gurasoak. Eguberrien bueltan eskolan esan zuen ez ziotela Mari Domingi gisa janzten uzten. Gurasoek ez zioten deus debekatu nahi, eta konturatu ziren hori ez zela mozorro bat. Lau urterekin nesken baserritar jantzia soinean joan zen eskolara, eta alabarentzat «izugarria» izan zen. Orduan bota zien galdera: «Neska izan naiteke zakilarekin?». Bai.

Hurrengo urratsa izena aukeratzea izan zen. Bere hiru nebekin batera hartu zuen erabakia Luciak. Baina izen hori ofiziala izatea, ez da bide erraza. Epaile eta fiskalaren esku zen erabakia, eta lehenbizikoa alde izanagatik ere, bigarrena aurka zuten. «Txikiegia» omen zen, eta, beraz, «ez zen beharrezkoa». Hala ere, dena ongi atera zen azkenean. Beldurrak ere izan zituzten etxean. Ez gurasoek bakarrik, bere hiru nebek ere bai. Baina erabateko babesa izan du Luciak. «Oso prozesu polita izan da, nahiz eta gogorra izan. Anai-arrebek daukaten lotura oso berezia dela esaten digute irakasleek».

Edurne Koch eta Carlos Betelu oraindik ere hunkitu egiten dira haien alabaz hitz egiten dutenean. Beñat du izena, eta bost urte bete berri ditu. Beti maite izan dituen jolasak neskenak direla dio binarismoan oinarrituriko gizarteak. Egunero poltsa arrosa batekin egiten zuen lo. Barnean gordetzen zituen bere altxorrak —azkazal eta ezpainetarako margoak—. Alde femeninoa garatzen ari zelakoan, begi onez ikusten zuten gurasoek. Baina momentu batean «oso modu obsesiboan» lerratu zen nesken aldean. Ez zuen aitarekin gizonezkoen komunera joan nahi, eta ez zituen mutilendako diseinaturiko arropak jantzi nahi. Negoziazio horretan amore emateko modu bakarra, gainetik mozorro bat paratzea zen: printzesa soineko arrosa. «In crescendo joan zen. Eskolara joan aurretik janzteko momentua jasanezina zen», dio Kochek. Mutilak baztertzen hasi zen. Aita ez zen eroso sentitzen Beñatek orpo luzeko zapatak janzten zituenean, edo nesken bainujantzia erosi nahi zuenean.

Transexualitateari buruzko bideo batek ireki zizkien begiak gurasoei. Negarrez bukatu zuen Beteluk. Hor ageri zena zen haiek bizi zutena. Noizik eta behin amari galdetu ohi zion ea bera neska ote zen. Berak sentitzen zuena zela erantzuten zion amak. Erantzun horrek ez zuen asetzen Beñat. Bideoaren ondoren, berriz heldu zen galdera: «Ama, neska naiz?». «Bai, pitilina duen neska zara», erantzun zion Kochek. Alabaren aurpegian bizipoza ikusi zuen. Lortu zuen behar zuen erantzuna. «Orain lasaitu da, hasi da mutilekin jolasten, eta ez du behar printzesa mozorroa. Ez du egoera handizkatu behar», dio amak. Inguruak naturaltasun osoz hartu du Beñat neska izatea. Haurrak ez du izena aldatzeko beharrik ikusi, «polita da». Errekan biluzik bainatzen da beste haurrekin. Denek argi dute, Beñat zakila duen neska dela.

Lau adingabeen gurasoek ez zekiten askorik transexualitateari buruz. Gainera, batzuek gauza txarrekin lotzen zuten, estigmatizatutako sektorea baita. Ezezagunari beldurra zaio beti. Baina pareta guziak bota daitezke, baita lodienak ere, eta horretarako dago Chrysallis elkartea. «Babes psikologiko eta emozional handia da, beste kasu batzuk ezagutzen dituzulako eta denok bizipen berdintsuak ditugulako», dio Bea Arizak, Garazi Martinen amak. «Taldea erabat antolatuta dago, instituzioekin harremana dute, eta oso babestuta sentitzen dut neure burua». Adingabeentzat ere garrantzitsua da, haien egoera antzekoan dauden haurrak ezagutzen dituztelako.

Besteak beste, sexologoen laguntza dute Chrysallisera jotzen duten familiek. Iñaki Goñi da haietako bat. Esan duenez, orain guraso batzuek pentsa dezakete haien semea edo alaba transexualitate egoeran daudela. Orain dela bi urte, ez. Ikusgarritasuna ezinbestekoa da horretarako, hainbat gurasok, hedabideetan edo hitzaldietan aditutakoengatik jotzen baitute elkartera. 10 urtetik beherako haurrekin ez da biltzen, eta gurasoen bidez ondorioztatzen dute zer gertatzen den. «Suposatzen dugunak ez du balio. Egiekin lan egiten dugu, umeek kontatu eta esan dutenarekin. Nahiz eta suposizioa egiatik gertu egon daitekeen, ez da ziurra».

Zakila duen alaba edo bulba duen semea dutela ondorioztatuz gero, lehenbiziko gauza hori gizarteratzea da. Bide horretan, Hego Euskal Herriko eskoletan dauden protokoloak goraipatu ditu Goñik. Nafarroako protokoloa integratzailea da, eta han jasotzen denez, aditu batek gidatuko du prozesu osoa eskolan. Hor sartzen da Goñiren eskua. Prestakuntza ematen die eskolako kide guziei: irakasleei, ikasleei, familiei eta bestelako langileei. «Nahi duguna da umea gara dadila bizi den esparruan ahalik eta hobekien; neska bada, neska da».

Guraso guziak aho batez mintzo dira haien seme-alaben etorkizunari buruz hitz egiterakoan. Haiek seme-alaben nahia errespetatu eta babestuko dute, eta haien eginbeharra bide horretan laguntzea baizik ez da. Beteluk ez daki Beñatek zer bide hartuko duen, oraindik txikia delako. Badaki orain askea dela erabat, baina gizarteak bidea zaildu diezaiokeela. Beteluren ustez, jendeak ez daki deus ere sexualitateaz eta transexualitateaz. Berak ere ez, baina ikasgai izugarria izan du alabarekin: «Nik uste dut Beñatek ez duela bazterketarik antzeman; beraz, ez du sentitzen ezer aldatu behar denik. Zertarako? Trantsizioaz hitz egitean, iduri du berak egin behar duela hori, baina Beñatek demostratzen du geuk egin behar dugula trantsizioa».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inauterien aurrekari gisa, kaldereroak atera ziren atzo Donostiako hainbat auzotan. Grosen, zartaginari joka aritu ziren makina bat lagun. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zorion kalderero denoi

Urtzi Urkizu

Santa Ageda bezperarekin bat egin dute Donostiako kaldereroek. Grosen urte asko daramatzaten kaldereroak eta hasiberriak aritu dira zartaginari jo eta jo, musikaren erritmoan.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»

Unai Etxenausia

Urte luzeak eman zituen Lorenzok Gasteizko Santiago ospitaleko gela guztiak garbitzen. «Lan gogorra» izan arren, goxo oroitzen ditu korridore horietan bere lankideekin batera pasatutako orduak eta haiengandik jasotako tratua.
<em>Te falta un Teleberri</em> saio berria. ©ETB

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...