Ohitura zaharrak berrituz

Aterkia eskuan, milaka pertsona bildu dira Ordiziara euskal jaietako azoka bereziaz gozatzera. Urtero legez, Ardi Latxaren Gazta Lehiaketa izan da protagonistarik handiena. Jose Luis Odriozolarena izan da aurtengo gaztarik onena.

Jose Luis Odriozola eskuinean Javier Plasenciarekin erdian, gazta irabazlea eta garaikurra erakusten. ANDONI CANELLADA.
Kerman Garralda Zubimendi.
Ordizia
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Sekula ez du ahaztuko Jose Luis Odriozola Lertxundik atzoko eguna. Bere etxetik, Aiatik (Gipuzkoa), Ordiziako (Gipuzkoa) Ardi Latxaren Gazta Txapelketara joan zenean, ez zuen uste frontoiko bozgorailuetatik txapelduna bera zela esango zutenik. Ordiziakoa da ardi-latx gazta lehiaketarik garrantzitsuena, eta saria ere halakoa da: 1.500 euro, garaikurra, diploma eta 12.000 etiketa, etorkizunean ekoitzitakogaztek argi erakuts dezaten 2017ko txapeldunarenak direla.

Maiatzean ekoitzitako gazta da, Odriozolaren esanetan, «krematsua, arina eta zapore gozokoa». Batez beste, epaimahaikideek 8,1eko balorazioa eman zioten, beste inori baino altuagoa. Hurbil gelditu zen Mausitxa etxeko (Elgoibar, Gipuzkoa) gazta, baina bigarren postuarekin konformatu behar. Hirugarren, Ipiñaburu etxekoek (Zeanuri, Bizkaia) egin zuten. Haiek irabaziz gero, garaikur berezia jasoko zuten, bost urtetan hiru bider irabaziko zutelako aurrez, 2012an eta 2015ean irabazi zuten, baina, aurten, hobea izan da Aiako gazta.

Azkar egin zuen gazta irabazlearen prezioek gora enkantean. 8.200 euro ordaindu zituen Carrefour multinazionalak gazta erdia bereganatzeko. «Duela hogei urte zabaldu genuen Goierriko gure egoitza, Olaberrian (Gipuzka), eta gogoa genuen aurtengo gazta eramateko», aitortu zuen Javier Plasencia Carrefourreko ordezkariak. Iaz baino 200 euro gehiago ordaindu dira aurten, baina, halere, 2014ko 13.050 euroko markatik urrun gelditu da. Enkantean ateratako dirua Ordiziako San Jose egoitzari emango zaio.

Frontoiko aterpetik kanpo, eguraldia kili-kolo zebilen. Euri langarra egin zuen goizeko lehen orduetan, baita tarteka zaparradaren bat ere. Halere, egunak aurrera egin ahala, eguraldia egonkortuz joan zen, eta giroa pizten. «Hasieran martxa hartzea kosta zaigu, baina pixkanaka badoaz salmentak goraka», aipatu zuen Edurne Jauregi saltzaileak. Plaza nagusian bertan zuen postua, barazkiz beteta. «Saiatzen gara halako egun berezietan apur bat gehiago apaintzen». Izan ere, aitortu zuen euskal jaietako azokak, nahiz eta lan gehiago egin behar, ilusioa ere pizten duela. «Eta saria etxera eramaten badugu, eguna borobila izango da», azpimarratu zuen ilusioz. Saria, ordea, Argiñe Rubiorentzat (Txillarre baserria, Elgoibar, Gipuzkoa) izan zen.

Jose Luis eta Maria Dolores Iriarte fruitu saltzaileek nahiago izaten dituzte ohiko asteazkenetako azokak. «Ohiko azokara datorrena erostera dator. Egun handietan, ordea, jende asko begira ibiltzen da», kexatu ziren. «Lan bikoitza egiten dugu, baina salmentak ez dira proportzioan hazten», gaineratu zuten.

Prezioiei dagokienez, «Gutxi gorabehera», gainontzeko asteetako prezio berberak dira. «Prezioak ez ditugu egunaren arabera jartzen, ekartzen dugun generoaren kopuruaren arabera baizik», argitu zuten anai-arrebek. Fruituen lehiaketa Maddi Iradik (Zabaloenea baserria, Hernani, Gipuzkoa) bereganatu zuen. Perretxiko lehiaketako aipamen berezia ere jaso zuen hernaniarrak.

Halere, lehiaketaz kanpo beste hamaika postu zeuden Ordiziako kaleetan zehar banaturik. Bitxiak eta gozokiak saltzen zituzten postuak, eskulangileak, talogileak... Laida Garmendia, Goiuri Urdangarin, Elorri Otegi, Natale Nieto, Ana Saldana, Intza Lacalle eta Maitane Mujika neskek zioten urtean zehar aukera askorik ez dutela izaten taloa jateko, eta festa egunak aprobetxatu behar direla. Ordiziarrak dira, eta baserritar jantzita atera dira kalera. «Kontuz ibili behar da taloarekin, baserritar jantzia ez zikintzeko», zioen Mujikak. Erosketak egiteko asmo handirik ez zuten, parrandarako gogo gehiago zituzten: «giro ederra egoten da arratsaldean», argitu zuen Otegik.

Maite Iranzu eta Bixente Pajares bikotea Zaldibiatik (Gipuzkoa) joan ziren azokara. «Goiz-pasa etorri ohi gara. Gaztaren bat, baratxuriak, gutiziaren bat... erosten dugu», azpimarratu zuten. Aurten, «eguraldiagatik akaso», aipatu zuten jende gutxiago sumatu zutela kaleetan.

Aurreko urteetan jende gehiago edo gutxiago, asko irten ziren kalera aterkia eskuan. Ordiziako geltokian jendearen joan-etorria handia zen. Adin guztietako jendea, gainera. Batzuk erosketa poltsekin, besteak eskuak poltsikoan, eta baten bat taloaren orbana ezabatu ezinik. Euskal jaiek igandera arte jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.