Aldaketa aldarriak, indarkeria artean

Nikaraguan gutxienez 42 pertsona erail dituzte Gizarte Segurantzaren erreformaren aurkako protestetan. Manifestaldi erraldoiak egin dituzte bakea, justizia eta Ortega presidentearen dimisioa eskatzeko.

Ikasle bat gobernuaren aurkako protesta batean, joan den apirilaren 27an, Managuan. JORGE TORRES / EFE.
Jon Mikel Benito del Valle Solaun
Ocotal - Managua
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Apirilaren 16an, langileei, pentsiodunei eta enpresei eragingo zien erreformaren berri eman zuen Roberto Lopezek, INSS Nikaraguako Gizarte Segurantzaren Institutuko presidenteak. Daniel Ortegak, Nikaraguako eta FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinista alderdiaren presidenteak, bertan behera utzi zuen erreforma hori apirilaren 22an. Izan ere, aste horretan erreformaren aurkako protestak egin zituzten herritarrek, eta, testuinguru horretan, orotariko indarkeria ekintzak gertatu ziren. Indarkeria horrek, erreformak eta aurrez ere bazeuden egonezinek Ortegaren gobernuaren aurkako jarrera inoiz ez bezala azaleratzea ekarri dute.

Gobernuaren aldekoek ere hainbat manifestaldi egin dituzte, Ortega babesteko. Manifestaziorik jendetsuena apirilaren 30ean egin zuten, langileen eguna eta FSNL sortu zuen Tomas Borgeren heriotzaren urteurrena oroituz. Ortegak esan zuen prest daudela hitz egiteko eta bakea defendatzeko.

Erreformaren bidez, %6 handitu nahi zuten langileek eta enpresek gizarte segurantzari eman beharrekoa, eta erretiratuen pentsioen %5 kendu. INSSren defizita handituz joan da, eta porrot egitear dago. Ortegaren arabera, «neurriak ez dira herri aberats batzuen erreformak bezain gogorrak». Hain zuzen ere, erretiratzeko adina 60 urtean mantenduko zuen erreformak, eta kotizatutako aste kopurua, 750 astean. Baina erreforma enpresekin negoziatu gabe onartu zen, eta herritar askok gobernuaren kudeaketa txarrari eta ustelkeriari leporatzen diete INSSren krisia.

Ezohiko bortizkeria

Lehen erailketak apirilaren 19an gertatu ziren, eta, gero, herrialde osoan zehar areagotu ziren protestak eta indarkeria. Poliziek negar gasa eta gomazko pilotak erabili zituzten, eta kaleak barrikadaz josi ziren. Eraikinei eraso egin eta dendak arpilatu zituzten. Jipoiak eman eta suzko armak erabili zituzten. Hainbat komunikabide zentsuratu zituzten. Sare sozialetan irudi asko zabaldu dira. Larriki zauritutako asko ospitalean daude. Atxiloketa ilegalak egon ziren, eta kartzelan, torturak. Pertsona batzuk desagertuta daude, eta haietako hainbat hilda agertu dira gerora. Protestetan aritu diren zenbait aktibistak mehatxuak jaso dituzte. Eskubide urraketa gehienak argitzeko daude, eta gobernuak proposatu duen Egiaren Batzordeak ez du gogobete erakunde eta herritar askoren justizia nahia.

«Boterean dagoen familiak agindu ditu ekintza kriminalak eta errepresioa; eta, horretarako, Polizia, armada eta botere zentraletik antolatutako indar paramilitarrak erabili ditu», Cenidh Nikaraguako Giza Eskubideen Zentroko Gonzalo Carrionen arabera. Haren aburuz, hildakoak gehienbat protestetan zeuden unibertsitate ikasle gazteak dira, eta herritarrek ez dute armarik erabili. Baina hildakoen artean badira protesten inguruan zeudenak, bi polizia eta kazetari bat ere. Cenidhek 42 hildako baieztatu ditu oraingoz, eta CPDH Giza Eskubideen Batzorde Iraunkorrak dio gutxienez 63 hildako daudela. Carrionek dioenez, gobernuak ez du ez daturik eta ez azalpenik eman hildakoen, zaurituen eta desagertuen inguruan.

Daniel Ortega 2006ko hauteskundeak irabazi zituenetik daNikaraguako presidente, eta kargu hori 1979 eta 1990 bitartean ere izan zuen. Lehen Nikaraguaren irudia gerrarena eta heriotzarena zela esan zuen Ortegak: «Azken 11 urteetan, Nikaragua egonkorra eta segurua da; kostata, turistak eta inbertsiogileak erakartzeko irudi bat sortu dugu, eta Nikaraguaren irudia suntsitu nahi dute. Egoera hau eredu honen aurka etengabe konspiratzen ari direlako da: ez dute nahi ez bakerik, ez egonkortasunik, ez segurtasunik». Lerro berean, protesten aldekoei «banpiro» deitu zien Rosario Murillok. Nikaraguako presidenteordea, gobernuaren bozeramailea eta Ortegaren emaztea da Murillo, eta esan zuen haien aurkakoak «talde ñimiñoak» direla, eta gorrotoa ereiten dutela.

Carlos F. Chamorro kazetariaren esanetan, «1990ean Herri Armada Sandinistaren eta Contra-ren arteko gatazka bukatu zenetik, Nikaraguako historiak izan duen odol isuririk okerrena» izan da berriki gertatutakoa. Horregatik, gobernuaren jarduna kritikatu dutenek Jada ez da INSSrengatik, Nikaraguagatik da leloa erabili dute.

Bakea eta elkarrizketa

Bortizkeria egon zen azken eguna apirilaren 22a izan zen, eta, ordutik gaur arte indarkeriarik egon ez den arren, eta hainbat preso askatu dituzten arren, lehenago ezagutu gabeko hildako, indarkeria kasu eta salaketa asko agertu dira. Gertakarien ostean, Aminta Granerak, Nikaraguako Polizia Nazionalaren zuzendariak, dimisioa eman du. Kazetari eta zinegotzi batzuek ere lana utzi dute.

Gobernuaren aurkako azken hamarkadetako manifestaziorik handienak izan dira azken egunotakoak, apirilaren 23an eta 28an bereziki. Beldurra galdu dutela diote, eta biktimentzako justizia gabe ez dagoela bakerik: «Ez ziren gaizkileak, ikasleak ziren». Gainera, diktadura dela diote: «Ortega eta Somoza gauza bera dira». Ortegaren eta Murilloren gobernuaren sinboloak bota dituzte, eta, FSLNren kolore gorri eta beltzen gainean, Nikaraguako banderaren urdin eta zuriak margotu dituzte.

Ortegaren dimisioa eskatu dutenen artean, denetik dago, baina antolaketa, proposamen eta lidergo nabarmenik ez. Ikasleak izan dira protagonista nagusiak, eta beren kasa antolatzen hasi dira. Unibertsitateak eta katedralak izan dira bilgune. Izan ere, Eliza katolikoa oso indartsua da Nikaraguan, eta rol aktiboa jokatzen ari da elkarrizketetan bitartekari izateko.

Alderdiek ez dute protagonismorik izan, eta eskumako jendea baino sandinista gehiago daudela dirudi. Kantuetan eta leloetan nabari da: Sandino bizi balitz, gure borrokan legoke, eta Errendi dadila zure ama! esaldi historikoak darabiltzate; eta Ortega sandinismoaren idealen aurka ari dela diote. Ozeanoarteko kanalaren aurkako nekazarien mugimenduak, gobernuz kanpoko ehunka erakundek eta artista nikaraguar ospetsu askok Ortegaren errepresioa salatu dute.

Gobernuaren aldekoek eta kontrakoek diote bakearen alde eta indarkeriaren aurka daudela, eta azken astean ez da indarkeriarik egon. Baina ikusteko dago gobernuak norekin egingo dituen elkarrizketak, noiz hasiko diren, zeri buruz arituko diren, eta zer adostuko duten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.