Winnie Madikizela-Mandela

Izenean zeraman borrokarako izana

'Apartheid'-aren kontrako borrokaren azken ikurretako bat hil da. ANC alderdiko diputatua zen, eta, pasarte ilunak gorabehera, nazioaren amatzat zuten herritar askok.

Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Winnie Mandela gisa izan da ezaguna, baina benetako izenak eman zion izana. Nomzamo-k, zuluera hizkuntzan, borrokan egiten duena esan nahi du, eta, beste ezeren gainetik, hori izan zen; ekintzailea, apartheid-aren kontrako borrokaren ikono nagusietakoa. Nabandle Nomzamo Winfreda Madikizela (Bizana, Hegoafrika, 1936) atzo hil zen, 81 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz.

Johannesburgora Gizarte Lanak ikastera joan zenean ezagutu zuen senarra izango zuena, autobusaren zain zegoela. 1957. urtea zen, eta handik urtebetera ezkondu zen Nelson Mandelarekin. Madiba handik bost urtera sartu zuten preso, eta kartzelan eman zituen 27 urteetan emazteak hartu zuen haren lekukoa, erresistentziaren ikur bihurtuz. Madikizela ere preso sartu zuten hainbatetan—491 egunez egon zen kartzelan—, tarteka bakartuta eta torturatuta.

Mandela kartzelatik atera zen egunean, eskutik elkarri heldutaagertu ziren, baina handik bi urtera banandu ziren, senarra herrialdeko lehen presidente beltza bilakatu baino bi urte lehenago. Madikizela, baina, politikagintzan aritu zen gerora ere, ministrorde gisa hasieran eta diputatu modura gaur egun arte.

Nazioaren amatzat zuten askok, baina haren bizitzak pasarte ilunak ere izan zituen. 1980ko hamarkadan, borroka gogortu zenean, indarkeria bultzatzea egotzi zioten, tartean adingabe baten heriotza. Ustelkeria kasuetan ere murgilduta egon zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.