Euskarak zientziari emanak

Zientzian aurkikuntza bat egiten denean, ikertzaileek eskubidea dute topatutakoari nahi duten izena jartzeko. Hori gero deitura ofizial eta unibertsal gisa geratuko da betiko. Badira euskarazko zientzia izena duten animaliak eta landareak, baita proteinak eta Marteko lekuak ere.

'DARDARINA', PROTEINA MADARIKATUA. -.
Edu Lartzanguren.
2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Gizakiak izenak eman zizkien animalia guztiei», abestu zuen Bob Dylan Nobel saridunak 1979ko kantuan (Man Gave Names to All the Animals). Ados. Baina zein hizkuntzatan izendatu zituen? Hor amaituko da adostasuna. Izan ere, mundua izendatzeko ahalmena botere kontua da. Boteretik urrun egon da beti euskara, baina, halere, badira zientzia komunitate osoarentzat euskaraz izendaturikoak. Hona hemen adibide batzuk, eta izenon atzean dagoen historia:

1. 'MUSTURZABALSUCHUS' KROKODILOA



Suchus krokodiloa da grezieraz. Bizkaierazko mustur zabal horrek ez du horrenbeste azalpen behar. 1990eko hamarkadan topatu zituzten horren lehen zantzuak Trebiñuko Lañu herribatzarreko lurretan, eta 1997an aurkeztu zioten aurkikuntza munduari. Krokodiloak izango zituen beste ezaugarri interesgarri batzuk, beharbada, baina, masailezurra eta baraila baino ez direnez aurkitu, horrek definitu du animalia genero osoa. Bai, mutur zabalekoak dira musturzabalsuchus-ak. «Orduan oso material gutxi zegoen, baina, behin eta berriz, aurpegiko hezurrak agertzen ziren; horrek esaten digu hezurrok oso sendoak zirela», adierazi du Angela Delgado Buscalioni paleontologoak. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan irakasten du zientzialariak, eta berak erabaki zuen euskarazko izena jartzea antzinako krokodilo berriari.

Taxon esaten zaie biologian bizidunak sailkatzeko erabiltzen diren unitateei. Hierarkikoki antolatzen dira: erreinua dago sailkapenaren gailurrean (animalia, landarea...), eta generoa eta espeziea azpian. Kasu honetan, musturzabalsuchus da generoa, eta Buscalionik eta lagunek aurkitutako krokodilo espeziea musturzabalsuchus buffetauti da, Eric Buffetaut paleontologo frantsesaren omenez, «krokodiloak ikertzean hura zelako gure erreferentea».

Nork du eskubidea taxon berri bat erabakitzeko? «Ikerketaren egileak, beti», erantzun du Buscalionik. «Pitokeriak ere badaude», gaineratu du, egileak nahi duen izena jartzen duela nabarmentzeko. «Herbehereetako ikertzaileek, esaterako, joera dute txantxak eta lizunkeriak erabiltzeko». Irizpide bakarra dago: generoa eta espeziea izendatzen direnean, latinezko deklinabidea errespetatu behar dute: maskulinoa bada, i-z amaitu; femeninoa bada, a-z, eta neutroa bada, kontsonantez. «Nik proposatu nuen musturzabal jartzea krokodiloari, eta lankideek esan zuten: primeran geratzen da hori», kontatu du Buscalionik. «Horrela utzi genuen, fonetika oso deigarria duelako eta musikaltasun handia: behin entzunda, inork ezin duelako ahaztu». Dibertigarria da aurkitutakoari izena jartzea, gaineratu duenez, horra heldu arte «asko sufritu» dutelako lanean. «Jarri ditudan izen guztietan musturzabalsuchus-ak dibertitu nau gehien».

2. 'PAPILLODERMA ALTONAGAI' BAREA



Nor ez legoke pozez zoratzen bere izena bare bati jarriko baliote? Papilloderma altonagai barea oso berezia da bi arrazoirengatik: bizkarrean konkor bat du, maskorraren aztarna; eta Kepa Altonaga zoologoaren izena jarri zioten. Izan ere, Altonagak berak aurkitu zuen Kantabriako Puerto de las Alisasen eta Asturiasko Covadongako santutegian (Espainia). «Nik aurkitu nuen, baina ez nuen nik deskribatu, ez naizelako horietan aditua», esan du zientzialariak. A. Wiktor aditu poloniarrak deskribatu zuen, eta hark eman zion altonagai izena, aurkitzailearen omenez. «Oso pozik nago, genero berria izateaz gain familia berria ere badelako: papillodermatidae», esan du Altonagak.

3. 'ECHEVERIA'-K ETA BESTE LANDAREAK



Altonagarena ez da taxon bihurturiko euskal abizen bakarra. Echeveria landare genero handi bat da. Erdialdeko Amerikan eta Mexikon hazten dira genero horretako landareak, eta zukutsuak dira; hau da, ura biltzen dute hosto mamitsuetan. Modan daude harrizko lorategietan. Atanasio Echeverria y Godoi XVIII. mendeko botanika marrazkilari mexikarraren omenez izendatu zuten.

Mende berean, Espeletia izena jarri zion Jose Celestino Mutis botanikariak Nueva Granadako—gaurko Kolonbia— Mariquita eskualdeko paramoetan topaturiko landare genero bati. Iruñean jaiotako Jose de Ezpeleta erregeordearen omenez.

«Eta begonia landare espeziea?», galdetuko du baten batek orain; ez al du Begoña-rekin loturarik izango? Bada, ez. Michel Begon XVII. mendean Haitiko gobernadore izandakoagatik hartu zuten deitura.

4. GALDAKAO, MARTEKO KRATERRA



Ez da txantxa; Marten Galdakao izeneko krater bat dago, eta Xabier Orue-Etxebarria EHUko geologia eta paleontologia irakaslearen eraginez da. 1998. urtean jakin zuen irakasleak Marteko kraterrei izena jartzen zebiltzala nazioarteko astronomoak. Handienei hildako zientzialarien izena ematen zebiltzan, baina, txikiagoentzat, herri izenak aukeratzen ari ziren. Irakasleak esan duenez, herriek 100.000 biztanle baino gutxiago behar zituzten izan, eta ondasun historiko handia. «Entzun nuenean, berehala pentsatu nuen Galdakaoren izena Marteren azalean egoteko ahal nuen guztia egin behar nuela», esan du. Orue-Etxebarria Bizkaiko herri horretako semea da. «Batzuentzat, halako gauzek ez dute garrantzirik, baina bere herria maite duen neu bezalako pertsona sentimental batentzat badu».

Berehala hasi zen Orue-Etxebarria NASA konbentzitzeko lanean. Urteak behar izan zituen, baina, 2002ko irailean, Nazioarteko Astronomia Batasunak erabakia eman zuen: Marteko krater batek Galdakao izena izango zuen. «Azkenean, lortu genuen, eta albisteak poz handia eragin zidan».

Krater txikien artean «gurea handienetako bat da», irakasleak harro azaldu duenez. Izan ere, 35 bat kilometroko diametroa du. Meteorito batek edo beste objektu baten talkak sortu zuen. Planeta gorriaren hego hemisferioan dago, Gusev kraterraren ondoan. Gusevera bidali zuten Spirit gailua 2004. urtean. Nork daki, baliteke urte batzuk barru albistegiak halako berri batekin zabaltzea: «Bizia aurkitu dute Galdakaon».

5. 'DARDARINA', PROTEINA MADARIKATUA



«Euskarazko izena duen lehen proteina da dardarina, nik dakidanez», esan du Javier Ruiz Martinez neurologoak. Donostia ospitaleko neurologia zerbitzuko kidea da Ruiz, eta nazioarteko ikerketa batean ari zen parte hartzen 2004. urtean dardarina aurkitu zutenean.

Euskal Herriko hainbat familiatan PARK8 genearen mutazio bat gertatzen ohi da, topatu zutenez. Mutazio horrek LRRK2 entzima eraldatzen du, eta hori lotuta dago Parkinsonen gaitzarekin. Eritasun hori genetikoki transmititzen zela frogatzeko lehen adibidetako bat izan zen. «Euskal mutazioa esaten diote fenomenoari, eta Azpeiti, Azkoiti, Aia eta Itziar [Gipuzkoa] inguruan gertatu zen, lehen aldiz». Ruizek esan du noiz gertatu zen kalkula daitekeela: «VIII. edo IX. mendean, uste dugunez».

Harrezkero, inguru horretan zabaldu da gaitza dakarren gene eraldatua. Neurologoak esan duenez, Atlantikoko kostaldean hedatu da, eta baita Uruguaira heldu ere, hemengo baten batek eramanda. Familia bat Asturiasera (Espainia) bizitzera joan zen, eta han «gune txiki bat daukate». Duela bi urte, Japonian aurkitu dute mutazio bera, baina uste dute ez duela loturarik Euskal Herrikoarekin.

Dardarina proteina gaitzaren iragarle ona da: mutazioa izateak ez du esan nahi norbaitek derrigorrean garatuko duela gaitza, baina 80 urterekin pairatzeko aukera %80koa du. Dardarina odol analisi baten bidez hauteman daiteke, eta horrek bidea ematen du mutazioa daukatenei jarraipen zehatza egiteko, eta tratamendu bat asmatzen dutenean —oraindik ez baitago— haiei emateko inori baino lehenago.

Parkinsonen gaitzak nerbio-sistema zentralari egiten dio kalte. Ez du sendabiderik, eta okertu egiten da denborarekin. Sintoma nagusietako bat dardara da, horregatik izena. Edonola ere, dardarina ez zen izan LRRK2 entzimari izena jartzeko lehen aukera. «Motelina pentsatu zuten hasieran, jendea ahultzen duelako, baina bazegoen antzeko izena duen beste gauza bat». Azkenean, Jose Felix Marti Masso eta Adolfo Lopez de Muniain sendagileek dardarina jartzea erabaki zuten. Bada dardarina izeneko tximeleta bat, Mexiko eta Costa Rica artean bizi dena, baina ez da erraz nahastuko euskarazko lehen proteinarekin.

6. 'LIRAINOSAURUS ASTIBIAE', DINOSAURO LERDENA



«Ilusioz hartu nuen nire izena jartzea, eta esker onez, baina uste dut ez dudala merezi», esan du Humberto Astibia EHUko paleontologoak. Izan ere, batez ere ugaztun fosilekin egin du hark lan, eta ez da dinosaurologoa. Lirainosaurus astibiae marrasti bat da, sauropodoen familiakoa.

Dinosauro lirain hori ere Trebiñuko Lañun topatu zuten, 1990eko hamarkadan. Duela 70 bat milioi urte bizi izan zen han. Berehala ikusi zuten hark beste espezie bat izan behar zuela. Izan ere, sauropodo espezie asko piztia izugarri handiak dira, eta, pisu horri eusteko, hanka mardulak edukitzen zituzten. «Honek, ordea, izterrezur finak zituen, luzerarekin alderatuta», esan du indusketan parte hartu zuen Jose Luis Sanz Madrilgo Unibertsitate Autonomoko paleontologoak. «Logikoena zen espeziea ezaugarri horren arabera izendatzea, eta horregatik aukeratu genuen lirain adjektiboa». Sanzek esan du Astibia lankidea «oso apala» dela, eta hasieran ez zuela begi onez ikusi espezieari bere izena jartzeko ideia. «Baina, azkenean, onartu zuen; azken batean, hark bultzatu zuelako ikerketa, eta indusketa lanetan gehien aritutakoa zelako». Ohikoa da tokian tokiko hizkuntzak erabiltzea aurkikuntzak izendatzeko. «AEBetako edo Poloniako zientzialariek Mongolian indusketa klasikoak egiten zituztenean, hango toponimiako izenak erabili ohi zituzten», esan du Astibiak.

Lañuk beste hainbat espezie euskaldun eman ditu azken urteotan. Dortoka vasconica genero eta espeziea han topatu dute. Baita Herensugea caristiorum metro bat inguruko sugea ere. Ugaztun bat ere bai: Lainodon oruetxebarriai. Lañu izena hor, eta, berriz ere, Galdakao kraterraren alma mater Xabier Orue-Etxebarria.

Gertatu izan da zientziaren historian taxon batzuk aldatzea, ikusi delako nahastuta zeudela. Baina, oro har, esan daiteke izena jartzen denean betiko geratzen dela. Izenetako asko XVIII. mendetik daude indarrean, Carl Linnaeus suediarrak organismoak izendatzeko sistema modernoa eratu zuenetik. «Dinosauroen mundua oso dinamikoa eta lehiakorra da», esan du Sanzek, etengabe ari baitira aztarnak agertzen. «Erantzukizun handia da espezie edo genero bati izena jartzea. Zientzia izenak ondasun bat dira gizateriaren kulturarentzat». Izen horien bidez ere, zientzia hizkuntza da euskara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.