Zomorroaren gaitz mozorroa

Akaina, kaparra, lakasta... Hainbat izen piztia txiki batentzat, eta gero eta erabiliagoak dira. Animaliok transmitituriko Lymeren gaixotasuna zabaltzen ari da munduan. Gaixoak kexu dira Euskal Herriko osasun zerbitzuek ez dietela behar bezalako arreta ematen eta gaizki diagnostikatzen dela. Sendagileek erantzun dute gaitza oso urria dela gurean arazo izateko.

Zomorroaren gaitz mozorroa.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Koldo Etxaberen gorputza izugarri erakargarria da. Akainentzat behintzat, bai. «Mendira joaten naizen gehienetan bat ekartzen dut. Anaiarekin joan, eta berak ez du ekartzen. Inork ez dit azaldu zergatik gertatzen den». Akainak edo kaparrak garoaren hostoen azpialdean egoten dira, pazientzia handiz, animalia handiagoen bat azpitik noiz pasatu zain. Izan ere, haien azalari gogor helduta, odola xurgatuz pasatzen ditu bizitzako azken hilabeteak. Gaitz asko transmiti diezaiekete biktimei. Etxaberi abenduan odol analisiaren emaitzak heldu zitzaizkion Alemaniatik: Lymeren gaitza duela baieztatu zioten.

Uste du 2012an kutsatu zela. Akain batek eraginda, orban gorria atera zitzaion azalean. Astebete inguru iraun zion. Baina benetako arazoa iazko udazkenean sentitzen hasi zen. «Egun batean, sekulako ahuldadea eta egonezina sentitzen hasi nintzen». Horrenbeste urteren buruan, gaitza fase aurreratuan zegoen.

Baina hasierara joan behar da prozesua ulertzeko: akainak heldu eta 2-28 egunera gorritasuna ikusten da azalean, zomorroak helduriko lekuaren inguruan. Gorritasuna zabalduz joaten da, uretara botatako harri batek sortzen dituen uhinen forman. Gripearen sintomak eta ahuldadea sumatzen dute gero gaixoek. Artritisa ager daiteke hurrengo urteetan, eta, kasu gutxitan (%15engan), aurpegiaren alde bateko paralisia, bihotzeko arazoak... Batez ere, Etxabek nabarmenduriko nekea eta ahulezia dira sintoma nagusiak.

Edonola ere, ez da erraza akain batek Lymeren gaitza kutsatzea. Horretarako, lehenbizi, piztia bera egon behar da kutsatuta borrelia burgdorferi bakterioarekin. Ondoren, behar adina denbora egon behar da biktimaren odola xurgatzen: gutxienez 48 ordu. Edonola ere, 72 ordu edo gehiago pasatzen baditu, kutsatzeko aukerak %100 ingurukoak dira. «Gaitz ikusezina» esaten diote borreliosiari, Etxabek nabarmendu duenez. Izan ere, zaila da diagnostikatzen, beste batzuen sintomak hartzen dituelako. Mozorrotu egiten da.

Joseba Artaraz oftalmologoa Bilboko Gurutzetako operazio-gelatik atera berri da. Lymerenborreliosiaren inguruan idatzi izan du. Izan ere, gaitzak begietako infekzioak eragin ditzake. Gaixoek fotofobia izaten dute [argiak mina egiten die], eta ikusmena lausotzen zaie.

«Gaitza, hemen ,oso arraroa da», esan du. Begietako infekzio arraroak aztertzeko kontsulta du Gurutzeta ospitale handian. «Gure bizitza osoan kasu bi ikusi ditugu. Europako mapa batean ikusita, hemen dugu intzidentziarik txikiena».

Arazorik ez egotea da arazoaren funtsetako bat. Izan ere, arraroa izanik, zuzen diagnostikatzeko zailtasun handia dute hemengo sendagileek, gehienek ez dutelako inoiz ikusi. Gurutzetako sendagileek ikusi dituzten kasu bakan horiek, akainaren koskatik urte luze pasa ondorengoak dira, gaitza kroniko bihurtu denean, eta zerk eragin duen asmatzea askoz zailagoa denean.

Analisi zailak

Betelun (Nafarroa) bizi da Etxabe, eta Osasunbidera jo zuen arren, ez zioten gaitzik topatu. «Bost edo sei proba egin zizkidaten. Baina hemengo analisiek ez dute ezertarako balio, ez dira fidagarriak, beti negatibo ematen dute». Odol laginak Alemaniara bidali zituenean, orduan identifikatu zioten gaitza.

Proben gorabehera horiek zeren ondorio izan daitezkeen ez dakiela adierazi du Artaraz sendagileak. Probek positibo gurutzatuak ematen dituzte, hau da, gaitza antzematen dute, eta Lyme gisa identifikatzen, nahiz eta beste zerbait izan, Artaraz sendagileak azaldu duenez. «Testek ez dute %100eko sentsibilitaterik, ez hemen eta ezAlemanian ere».

Alpeen inguruko herrialdeetan hemen baino askoz kasu gehiago daude. 155 kasu ehun mila biztanleko Eslovenian, 130 Austrian eta 30 Suitzan. Euskal Herrirako ez dago daturik, baina intzidentzia txikia dela diote Europako osasun agintariek.Bainabakterioa topatu dute Euskal Herriko Ixodes ricinus espezieko akainen %4-10 artean.

AEBetako datuek erakusten dute gero eta zabalagoa dela Lymeren gaitzaren intzidentzia. Connecticuten 50 kasu egon ziren 2005ean, ehun mila biztanleko. Baina, 2010ean, 87. Han dago gaitzari izena eman dion Lyme hiria.

Zabaltzen ari den gaitza da borreliosia, beraz. Baina justifikatuta al dago hedabideetan horren inguruan alarma sortzea? Borrelia burgdorferi bakterioa azken urteotan gurean asko zabaldu da, Ixodes ricinus kapar asko daudelako hemen. Hala esan du Jesus Felix Barandika albaitari eta animalien gaitzen inguruko ikertzaileak Neiker-Teknalian. Luze idatzi du akainek transmitituriko gaitzen inguruan. Duela urte batzuk kaparren koska jasateko arrisku gehien duten langileen artean (abeltzain, ehiztari, basozain, erlezain...) odol azterketa egin zutela kontatu du: «%35eko seroprebalentzia behatu zen», esan du. Hau da, bakterioarekin kontaktuan egon ostean sortzen diren antigorputzak zituztela hamarretik hiru baino gehiagok.

Halakoetan, beti dago norbait interesatzen zaion erruduna seinalatzeko prest. Orkatz populazioa Euskal Herrian hazi izanak lagundu al du akainak eta gaitza zabaltzen? Barandikak erantzun argia du: «Ez». Egia da abererik ez dagoen guneetan, orkatz populazioa hazteak kapar populazioa areagotzen laguntzen duela, baina, adituak esan duenez, orkatzek borreliaz infektaturiko kapar kopurua murrizten lagun dezakete, «kontraesanezkoa dirudien arren». Izan ere, kaparrek, lehendabizi, beste animalia baten bitartez hartu behar dute bakterioa, hau da basa saguetatik, hegaztietatik edo narrastietatik. «Animalia hauek dira bakterioaren gordailutzat hartzen direnak, eta ez orkatzak». Beraz, orkatzetan hazitako kaparrek ezin dute borreliaz kutsatu. Orkatzei esker, «benetako diluzio efektua gertatzen da».

Fibromialgiaren mozorro?

Lymeren gaitza arraroa bada, Ione Muñozen kasua are bitxiagoa da: alabaz gain, beste senide bat du gaixorik, lehengusina bat. Alabak hamaika hilabete zituela hartu zuen akaina buruan, belardi batean katuka zebilela. Medikura eraman zuen amak, zomorroa kendu zioten umeari, eta, hurrengo egunetan sukarrik ez bazuen, arazoa konponduta egongo zela esan zioten.

Muñozen lehengusinak Piriniotan hartu zuen akaina, zelai batean siesta hartu zuenean. Astebetez antibiotikoak eman zizkioten. «Horrek ez zaitu sendatzen, bakterioa barruan baduzu, 3-6 astez hartu behar duzu antibiotikoa gutxienez», esan du Muñozek. Emakumea gaixotu egin zen bigarren haurdunaldiaren ondoren. Alemanian eginiko odol probek positiboa eman diote. Osakidetzan ez dute gaitzaren «fase kronikoa diagnostikatzeko»proba zehatzik, esan du Muñozek. «Ez baduzu sendatzen, kroniko bihurtzen da. Hala du nire alabak». Zazpi urte ditu orain neskatoak. Tratamenduarekin asko hobetu da, baina nekatuta zegoen, botaka egiten zuen, ez zuen lo ondo egiten, argiak min egiten zion... Lehengusinak ia bi urte darama lan egin gabe, gaitzak kalte neurologikoa eragin diolako.

Muñozek zalantzan jarri du borreliosia gaitz arrarotzat hartzea: «Ez dakigu zenbat kasu dauden, jende askok beste diagnostikoa duelako: dela AEA alboko esklerosi amiotrofikoa [Stephen Hawking astrofisikariak duen gaitza], fibrosi kistikoa, lupusa... Jendea gaixorik dago, eta ez daki zergatik».

Eztabaida handia dago horretaz ikertzaileen artean, Artaraz sendagileak azaldu duenez. «Batzuk esaten dute Lyme kronikorik ez dagoela, antibiotikoekin tratamendua egiten bada, osatu egiten dela edo ez. Ondoren geratzen dena ez dela Lyme, beraz». Loturak egiten hastearen arriskuaz ohartarazi du sendagileak: «Fibromialgia inork ez daki zer den. Hori Lyme ote den galdetzen hastea porrusalda batean sartzea da».

Euskal Herrian Lymeren gaitzarekin kezkatuta egon beharko ote ginatekeen galdetuta, zalantzarik gabe erantzun du Artarazek: «Inolaz ere ez. Ez dago kezkatu beharrik. Mediku gehienek ez dute Lyme kasurik ikusi hemen. Euskal Herrian bitxikeria bat da».

Euskaldunen mendizaletasuna gogora ekarri du Muñozek. «Nik agintariei behintzat informazioa ematea eskatuko nieke: mendira doazenentzat oharrak, jarraibideak. Eta medikuek kasu pixka bat egitea», esan du. «Amorru handia ematen du jakiteak alabarena garaiz hartuz gero, orain hura ondo legokeela jakiteak».

Gaitzaren alde ekonomikoa nabarmendu du: goiz hartuz gero, antibiotiko generikoekin tratatzen da. Ez da garestia beraz. Baina tratatu gabe utziz gero, gaixoak elbarritasun handia ere hel daiteke. «Horiek baidutela diru kostua». Bruselara joaten hasi ziren medikutara, lau edo sei hiletik behin. Orain, Madrilgo pediatra batengana joaten dira. Betiere pribatura. «Badira ordaintzeko larri dabiltzan familiak. Osakidetzan, ez digute sinesten».

Lyme «sekulako zuloa» da gaixoarentzat, Etxaberen arabera. Berak 3.000 euro ordaindu zituen Alemaniako odol analisiak. Sendagilearengana Madrilera joaten da. Medikuz mediku, espezialistaz espezialista ibiltzen dira gaixoak, «eta, azkenean, arazo psikologikoren bat dutela entzuten dute».

Lau hilabete darama Etxabek tratamenduan, egunean lau gramo antibiotiko hartzen. Ez daki zenbat iraungo duen tratamenduak. Ezagutzen ditu hiru urtez antibiotikoak hartzen dabiltzanak.

Mendira joaten da oraindik ere. Baina, orain, neurriak hartzen ditu: galtzerdiak praken barrutik eramaten ditu, saiatzen da garo artean ez ibiltzen... Beste batzuek ez bezala, zaletasunari eutsi ahal izan dio: «Zorionekoa naiz, ez dut arazo neurologikorik izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.