Apiril hondarreko haize basa

Nafarroaren Egunak lau hamarkada beteko ditu, garai goxoz nahiz bortitzez betetako 40 urte; kulturatik abiatuta, apirileko azken igandeko bestak euskal eta nafar nortasuna sustatu du, gogoratuz orain ez aspaldi Nafarroa Beherea Nafarroako merindadea zela.

Betti Bidart, Amaia Castorene eta Xan Leon Indiart, Basaizea elkarteko kideak. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baigorri
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun

Denborak dena erlatibizatzen du. 40 urte asko eta gutxi dira aldi berean. Minak leuntzen dira, eta garai goxoak nostalgiaz oroitzen dira. Urte kopuru hori beteko du hain zuzen Nafarroaren Egunak, eta, orain urruntasun batetik ikusten badira ere, urte «biziki gogorrak» izan zirela aitortu du Betti Bidartek, Nafarroaren Egunaren sortzaileetako batek. Ondoan du Xan Leon Indart, buruari gora eta behera eraginez, hitz horiek berretsiz. Hura ere, jaiaren beteranoa.

Nafarroaren Eguna sortu aurretik, 1977an, herri taldeak sortu ziren; Urepeletik Bidarraira, talde aski gotorra biltzen zen Baigorrin. Xan Marguirault Iparretarrak erakundeko kidea preso hartu zutelarik —IK-ko lehen presoa izan zen—, sustengu taldeak sortu ziren herrietan —Xan Komiteak—, eta, libratu zutelarik, talde horiek jarraitu egin zuten. Mugimendu berri bat sortu zen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Kultur asteak antolatzen hasi ziren: Hendaian lehenengo, Maulen gero, Hazparnen, Baigorrin... Folklorizaziotik atera nahi zuten. Aurretik, 1974an, Baigorrin toberak izan ziren, eta lur jabetasuna zuten hizpide.

Hala, hainbat gai jorratzen zituzten kultur aste horietan: turismoa, ekonomia, euskara... «Eta, desmartxa horretan, zerendako ez egin Nafarroaren Eguna?», esan du Bidartek; «muga hautsi nahi genuen».

Hastapenetik «sustengu azkar bat» izan bazuten ere, baigorriar askok ez zuten begi onez ikusi, «ez zen arrakasta handi bat izan lekuko jendeengandik», adierazi du Indartek: «Oroitzen naiz amaren etxeko lehen auzoak erraten amari: 'espainolek ez dute manifestatzen ahal han, beraz, Baigorrirat jiten dira manifestatzera'. Bazkarian 400 bat lagun izan ziren, orokorki Hegoaldekoak». Hainbat herritarrek, gainera, leihoak eta ateak ixten zituzten dantzariak etxe aurretik pasatzean.

Egun sinbolikoa

Bidartek gogoratu du bigarren Nafarroaren Egunean Carlos Garaikoetxea izan zela, «ondoko astean lehendakari izendatu beharra zenean». Iheslari zen Telesforo Monzon ere bertan zegoen. «Denek sinbolo gisa hartu zuten eguna, alimaleko garrantzia eman zioten», esan du Bidartek. Errefuxiatuak elkar ikusteko modu bat ere bazen, «bazen halako helburu bat, nahiz eta guk beti zaindu dugun politika itxura ez ematea», adierazi du Indartek. Bide beretik, Bidarten hitzetan, mezu politiko bat bada Nafarroaren Egunean, baina ez alderdi politiko jakin batek emana: «Hastapenetik baziren batzuk manifestazio bat egin nahi zutenak, baina guk ez genuen nahi».

Elkarte bat sortu zuten 1980an: Basaizea. Nafarroaren Eguna sortu eta bigarren urtean eratu zuten. «Nago ez ote zuen Mizel Bortairuk atera izena. Anauzeko Munoako erreka bat bada Basaizea deitzen dutena. Bilkura batean atera zuen, eta garai hartako gure nortasuna adierazten zuela iruditu zitzaigun», argitu du Indartek.

Kultur asteak antolatzen zituzten elkartearen izenean, eta 60 bat lagun elkartzen ziren. Urte osoan harremanak atxikitzen zituzten, baina ez zuten kultur asteaz apartekorik prestatzen. «A zer debateak ukaiten genituen! Garai hartan dena horrela zen, dena sortzekoa baitzen. Biziki momentu interesgarriak ukan genituen, baina baita momentu biziki gogorrak ere», Bidarten hitzetan. Izan ere, 1980ko hamarkada garai bortitza izan zen. 1980ko martxoaren 27an, Txomin Olagarai itsasuarra eta Ramuntxo Arruiz baigorriarra —IK-ko kideak— hil ziren Baionan; bonba batekin zapartatu ziren. Minutu bateko isiltasuna egin zuten plazan, Nafarroaren Egun hartan. Jean Haritxelar zen orduko Baigorriko auzapeza, eta Arruizen ehorzketetara joan zela-eta, giroa gaiztotu egin zen herrian. Azkenean, dimititu egin zuen. Hortik aurrera, herriko etxearekin harremanak aski zaildu ziren: «Euskal Herriaren aldeko gauzen kontra zen, ikastolen kontra ere bai. Momentu franko bortitzak izan ziren. Luzaz izan ginen horrela», gogoratu du Bidartek. Baigorriko Herriko Etxeak ez zuen onartu Basaizea herriko elkarte gisa, 28 urtez. Harremanak zailak zirela adierazten duen adibide txiki eta argigarri bat hori.

1982an, bi CRS hil zituzten Baigorrin, eta Filipe Bidart baigorriarra akusatu zuten. Sasitan sartu zen. Gau hartan, jendarmeek gazte mordo bat atxilotu zituzten. 1984an eta 1985ean, GALek herritar batzuk erail eta kolpatu zituen, eta, 1987an, IK-ko kide zen Cristophe Isteke baigorriarra eta Basaizeako kidea hil zen Angelun, bonba bat jartzen ari zela.

Egoera zail horretan ere, Basaizeak aurrera jarraitu zuen, eta kultur astea eta Nafarroaren Eguna antolatzen segitu zuen. Gauzak lasaitzen joan ziren gero, eta herritarrak ere beste begi batzuekin ikusten hasi ziren eguna bera, nahiz eta horretarako urte dezente pasa behar izan ziren: «hamabost bat urte». «Beste giro bat zela ikusi zuen jendeak, ez zela ekintza gogor bat. Orekatuz joan da, normalizatu egin da», adierazi du Indartek. Bidartek gehitu du: «Orain ikusten duguna da garai hartan bortiz plantatu zirenen haurrak lanean ari direla Nafarroaren Egunean».

Basaizearen egoitza izango zen Bixentainia 1988an erosi zuten, ostatua zelarik. Gogoratu dute ordura arte «ahal zen lekuan» elkartzen zirela: apaizaren etxean egin zituzten lehen bilkurak, gero Islan zeuden eskola prefabrikatutako gela bat bereganatu zuten.

Harremanetarako bideak

«Hastapeneko garai haietan, irratia ez zen oraino sortu, eta horrek bazuen garrantzia; bilkurak egiteko, herriz herri joaten ginen», gogoratu du Indartek. Oroitzen da «izugarrizko» itzulia egiten ziotela Nafarroari: «Eskulangileak ikustera banan-banan joaten ginen Lesakara, Lizarra... Autoa hartu eta joan: horrela pasatzen genituen asteburuak». Herrien arteko senidetzeak ere hasi ziren Nafarroaren Egunaren fruitu gisa: Baigorri eta Tafalla, Beauze eta Agoitz, Gamarte eta Lizarra... Senidetze batzuk luzez iraun ez bazuten ere, herritarren arteko harremanak bizi-bizi segitzen dute oraindik.

Bestalde, hizkuntzarekin ere hainbat gorabehera izaten zituzten. Bidartek azaldu du: «Otsagabiakoekin harremanetan sartu ginelarik, bizpahiruk bakarrik zekiten euskaraz; Tafallan hasi ginenean, biga ziren. Guk bezala dinamika bat sortu nahi zuten jendearekin egoten ginen; nahikeria bazen, beraz, nola edo hala moldatzen ginen». Horri lotuta, Indartek anekdota bat kontatu du : «Erriberako dantzari bat jin zen eta espainolez erran zidan barkatzeko, lotsa zuela euskaraz ez zekielako. Erran nion: 'Nahiago dut bat espainolez ari dena baina kontzientzia baduena euskararen beharra badela. Hemen asko euskaraz ari dira, baina burua frantsesa dute'. Geroztik euskara ikasi du».

Amaia Castorene belaunaldi berriko Basaizeako kideak adi entzun ditu Bidarten eta Indarten hitzak. Etxean ere entzunak zituen garai hartako kontuak: «Herria bitan zatitua zegoela, zaila zela hastapenean, muga bazela... Gaur egun errazagoa da gauzak egiteko: herriko etxetik laguntzak ditugu, sakelako telefonoak ditugu, mugarik ez da... Dena daukagu harremanak errazak izateko, eta iruditzen zait indar gutiago egiten dela». Izan ere, deialdi zabal bat egin zuten orain dela hiru urte. Kide askok utzi zuten elkartea, gazterik ez zen sartzen, eta geratzen zirenentzat zama handiegia zen urteko gauzak zein Nafarroaren Eguna antolatzea.

Basaizeak egindako lana errepasatuz, Castorenek pentsatzen du elkarteak anitz egin duela Baigorrin jendeak euskara maitatzeko: «Anitz ez dira ikastolatik pasatu, eta ikusten dute herrian euskaraz egiten direla gauzak, gazteek eginak. Beste herrietan ez da modelo hori». Helburuak aipatuta, honela dio Castorenek: «Ez dakit ona edo txarra den, baina iruditzen zait helburuak berdinak direla. Intentsitate diferente batekin, baina arazoak pixka bat berdinak dira azken 40 urtetan. Beti lanean jarraitu behar da, bestela gauza anitz galtzen direla iruditzen zait, nahiz eta beste errealitate batean bizi garen. Beti bada lana euskara defenditzeko, kultura sustatzeko, herria ekonomikoki biziarazteko...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.