Macron Thatcherismoaren itzalean

2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hiru hilabete iraun dezake trenbideetako langileek hasitako greba borrokak. Gobernuarentzat, unibertsitateko ikasleen mugimendu sozialarekin apustu larria da aurrera atera nahi duen erreforma. SNCFren erreformaren arrazoiak gobernuarentzat ugariak dira. Lehena, bere zorra. SNCFk 54,4 miliar eurokoa da, eta horren barnean 45 miliar SNCF Sarearenak dira. Zor hori SNCFk AHTaren alde egin duen apustuaren isla da. Leku askotan AHT sarea ez da aski errentagarria izan. Batez ere, askotan AHTak nonahi eraiki baitituzte arrazoi politikoak direla medio, eta ez arrazoi ekonomikoen gain. Ber denboran, eskualdeko zein hiri inguruetako tren sare ugari zaharkitu egin dira, beren erabilgarritasuna kolokan jarriz.

Bigarren arrazoia politikoa da, eta Bruselatik dator: tren garraio publikoaren pribatizazioa da, tren sarea lehia pribatuari ireki behar baitzaio. Eskualdeko tren sarearen liberalizazioa 2019rako aurrera atera behar da, eta AHTarenak 2020rako. Finean, bi arrazoietatik bat soilik negoziatzekotan dago gobernua, SNCFren zorra.

Argi dago, bere ildo politikoa dela eta, eta bere kultura politikoa ikusiz, tren sarearen pribatizazioaren aurrean ez duela men egingo, Europatik datorren erreforma bat baita, eta Alemanian, Italian, Erresuma Batuan eta Suedian gaur egun, pribatizatuta dagoen zerbitzu publiko bat baita. Herri horietan, arazo ugari suertatu dira, txartelaren prezioaren igoera, eskualdeko sarreren kaskartzea edo itxiera, arriskuen emendatzeak... Baina, pribatizazioaren porrot horien aurrean, Europak ez du atzera egin nahi izan, bere dogma aldatu ezintasunean baitago: merkatu liberalaren nagusitasun soziala.

Era berean, frantses estatuak beste zerbitzu publiko batzuen pribatizazioaren bilana egin dezake SNCFrena hausnartzeko. Aurretik France Telecom (gaur Orange), Posta, EDF eta GDF ere pribatizatu zituen. France Telecom eta Postan, 1997tik eta 2001etik, kontratatutako langileak ez dira gehiago funtzionario, eta enpresak eredu pribatu batean murgildu dira. Ondo gogoratu behar da enpresa horien eraldaketa ez zela doakoa izan langileentzat. Sufrimendu eta hil asko (beren buruaz beste egindako langileak) suertatu baitzituen.

Energiaren enpresa publiko ohietan, aldiz, eraldaketa goxoagoa izan da; langileen lan baldintzak mantendu ziren, batez ere beraien Enpresa Komiteei esker. Azken modelo horren gainean oinarrituko ote da gobernua bere erreforma pasarazteko, trenbideetako langileen estatusa sobera hunkitu gabe (beraien erretreta sistema barne)? Hori da galdera nagusia.

Zeren eta SNCFren erreforma eredugarri ere izan daiteke gobernuarentzat. Gobernua erreformismo isla eta nortasun trinko baten bila dabil. Ezaguna da lehen ministro zein bere gobernuko kide askoren nortasun edo pertsonalitaterik eza, baten batek frantses lehendakariarena ere azpimarra lezake. Horren kari, eskuineko amets bat betetzea desira lezake Macronek: CGT eta sindikalismo borrokalariaren indarra eta egitura txikitzea. Ezaguna da SNCFko langileak oso borrokalariak direla eta horren isla edo arrazoia bertan CGTk duen indarra da (hein txikiago batean Solidaires-ek ere bere garrantzia dauka garraio enpresan). Enpresak sektoreko sindikalizazio tasarik altuena du, %18, estatu mailan %8koa delarik. Nortasun bereziko langileria da eta beraien nortasunaren barnean daukaten langile estatusa garrantzi handikoa da. Aurrerakuntza sozial ugari dituzte beraien lan bereziari lotuta. Populismotik at, estatusak abantaila ugari eskaintzen baditu ere, SNCFk zailtasun ugari ditu langileak kontratatzeko, lanak dituen betebehar handiengatik eta askotan mugikortasun nazional bat eskatzen duelako (frantses estatu osoan).

Hein batean, Thatcherrek Galeseko meatzariekin egin zuen bezala. Sindikalismoko parte gogorrenaren aurka jo eta partidua irabazita, sindikalismoa eta ezkerra, estrukturalki eta kulturalki, txikitu zituen epe luzerako. Hala, Macronek lortuko luke eskuinak amestu eta ezin izan duena egin Frantzian, CGTren nagusitasuna suntsitu.

Finean, hori zen martxoaren 22an Le Monde kazetan ATTAC eta Copernic fundazioaren pean 60 intelektualek azpimarratzen zutena. Europako politika neoliberaletik kanpoko borondate sakon bat zegoela klase sindikatu borrokatzaileak txikitzeko, protesta soziala murrizteko eta era berean Thatcherren there is no alternative horrek behin betikoz garaitu dezan Frantziako espazio politikoan. Egia esan, ezkerreko alderdien egoera ikusita eta ikasleen protesta emendatze ezintasunaren aurrean, panorama aproposa dauka Macronek, usaian bezala, bere garaipenak bere lehiakideen ezintasunean eraikitzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.