Orduak beren gisa kontatuz

2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Katalanak badu berezitasun bat: espainieraz ez bezala kontatzen dituzte orduak. Hala, un cuarto de tres ordu biak eta laurden dira; dos cuartos de tres, ordu bi eta erdiak; eta tres cuartos de tres, hirurak laurden gutxi. Erreferentzia beti da jotzeko dagoen ordua, eta ez jadanik jotako ordua: ordu biak eta laurden, eta ordu bi eta erdiak. Laurdenka kontatzea zehaztugabea denez, hiruretarako zenbat minutu falta diren jakin nahi baduzu, hiru laurden i mig erantzungo dizute. Eta erdi horretan, hainbat minutu kabitzen dira, eta, beraz, zehaztugabea da, baina hurbilago dago ordu zehatzetik. Procés catalá-ren orduen liburua ere ondoz ondoko zehaztugabetasunen eredu horrixe segika dabilkio, baina helburu argi batekin. Erreferenduma urriaren 1erako seinalatu dutelarik, lehen laurdena, hirutik bat, Kataluniako Parlamentuko erregelamendua erreformatzea izan zen, deskonexiorako legeak prestatzeko. Bigarren laurdena, hirutik bi, Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Lege iragarri berria. Hirugarren laurdena, hirutik hiru, Autodeterminazio Erreferendumerako Legea, zeina oraindik ez baitu tramitatu Parlamentuaren Mahaiak. Laugarren laurdena, hirurak: urriaren 1erako deituriko erreferendumeko baiezko botoak ahalbidetuko luke independentzia Kataluniako Konstituzioaren esparruan.

Badira hogei Empordaneten ematen ditudala udak, Gironan. Eguzkia, haizea eta politika osagai dituzten oporrak. Ibilaldi motzak eta bazkaloste luzeak, chafardeando; han halaxe esaten diote lagunekin eta auzoekin erdi berriketan eta txutxu-mutxuka jarduteari. Hizketan jarduten dugu Euskadiko egoeraz, Kataluniakoaz, eta beti hondarrean Espainiakoaz. Duela urte batzuk, guk erantzun behar izaten genien, besteak beste, Ibarretxe planari, ETAren amaierari, kontzertu ekonomikoari edota euskal presoei buruz egiten zizkiguten galderei. Azken bost urte hauetan, haiek erantzun behar izan dizkigute, esaterako, Kataluniako Estatutuaren erreformari, Konstituzio Auzitegiaren garbiketa sententziari edota Kataluniako prozesuari buruz egin dizkiegun galderak. Aurtengo udan, presente izan dugu isiltasuna; izkin egin diote nola amaituko den ez dakiten horretaz hitz egiteari. Otordu bat egin genuen lagun neoindependentista batzuen etxean, «ni lehen ez nintzen independentista, baina orain bai» aitortu ohi duten horietako batzuenean; euskaldunontzat, hori harrigarria da, bai baitakigu denborak ondutako fruta dela independentista bat, izozteari eta haizeteari aurre egin eta bizirik iraun duena. Ez zaiteztela okertu, baina, neoindependentistak garrantzitsuak baitira Kataluniako prozesurako, ugari eta transbertsaltasun handikoak direnez sendotasuna ematen baitiote. Lau orduko bazkaloste luzea egin eta gero, nire andreak harrituta galdetu zien ea zergatik ez genuen hitz erdirik egin Kataluniako egoeraz. «Ez dugu horretaz hitz egin, ez dakigulako zer kontatu zuei», erantzun zioten. Eta hauxe gehitu: «Beldurra sentitzen dugu, baina ez mehatxuren batek eragindako beldur erreal bat, hala nola autonomia bertan behera uzteko mehatxuak, Mossos d'Esquadra Guardia Zibilaren tankerakoa bihurtzekoak, edota erreferenduma antolatzen elkarlanean parte hartzen dutenak auzipetzekoak eragindakoa. Iruditzen zaigu akidura erabatekoa eragingo duela azkenean, beldurrak jende normal eta arruntarengan eragin ohi duenez. Beldurrak paralizatu egiten du bat; nondik zoazen ez jakiteak ez dizu uzten paralisia gainditzen».

Irmoa eta ausarta dirudi alderdi independentisten mugimenduak. Ez ustelkeria kasuek —Pujol familian pertsonalizatuek—, ez Rambletako sarraskiak, ez dituzte aldatu Kataluniako prozesuaren ibilbidea eta erritmoa. Ustelen bereizgarria da beren errugabetasuna aldarrikatzea; biktimena, berriz, isiltzea, krimenak ahotsik gabe uzten baititu; baina deigarria da gainerakoek —zintzoek eta bizirik iraun dutenek— eskurik ez altxatu izana, gertatutakoari buruzko gogoeta handiagoa eskatzeko. Prozesuak hainbesteko zentraltasuna du katalanen egunerokoan, izugarrikeria bera gainezkatzen baitu. Subiranisten estrategia, hain zuzen, balitz bezala egitea da. Gobernuaren eta parlamentuaren iraultzak, goitik, herriko oinarriak adoretuko balitu bezala. Hau guztia estatu erabat demokratiko batean gertatuko balitz bezala, gai dena bere gain hartzeko bere parteetariko bat banantzea, eta, kontrara, gertatzen ari den moduan, posible izango balitz bezala independentismo alde batekoa. Espainiaren estrategia ere balizko balitz bezala egitea da. Independentismoaren goraldia funts politikorik gabeko buru nahasmendu kolektibo baten emaitza izango balitz bezala. Alderdi subiranistak beren txokokeriaren eta diruzalekeriaren biktima izango balira bezala. Konstituzioa eta legea gai izango balira bezala espainol sentitzeari utzi dion herritarren parte handi bat atxikitzea lortzeko. Espainiako Gobernua, orain artean tentuz ibilia baita, atezuan dago, Kataluniakoak noiz huts ikaragarriren bat egingo. Eta Kataluniakoa, irrikaz, espainolek noiz joko duten beren ohiko neurrigabekeriara, eta erreferenduma indarrez eragozten, eta pilota artasorora jaurtitzen. Aurrez aurre dugun partida honetan, aspaldi galdua dute pintura kantxako motz eta pasa hitzek. Orduak presaka doaz, eta desberdin kontatzen dira; nork kontatzen dituen. Batzuek laurdenak gehitzen dizkiote partidaren bukaerako orduari: erreferendumari eta independentziari. Besteek, hasierako orduari: indarrean dagoen legeari eta Konstituzioari. Denborak alderantziz kontatuagatik, data berbera da bientzat ere urriaren 1a, egun beteko eternitatea, zeinaren oroitzapen bakarra bailiteke porrot doble bat izatea: elkar aditu ezina eta porrotaren ebidentzia. Halako gauzak gertatzen dira bihotz taupadaka kontatzen baldin bada denbora.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.