Martxel Toledo Garmendia.

Euskadiko selekzioa ala euskal selekzioa?

2016ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gehienok gogoan izango duzuen bezala, 2007ko abenduan mutilen euskal futbol selekzioak, Euskadi-ren ordez, lehen aldiz, Euskal Herria izenarekin jokatu zuen Kataluniaren aurkako Gabonetako partida. Izena aldatzeko erabakia, euskal futbol jokalariek ofizialtasunaren aldeko urratsak egiteko Euskadiko futbol federazioko agintariekin egindako hainbat bileraren ondoren etorri zen. Ez dut uste ezer deskubritzen dudanik partida horrek Bilboko karriketan zein San Mamesen sortu zuen giroa berezia bezain historikoa izan zela esaten badut, besteak beste, futbol zelaia lepo betetzeaz gain, ESAITek Ofizialtasunaren alde Nazio bat, selekzio bat lelopean antolatutako manifestazioan 25.000 pertsona bildu zirelako. Beraz, EH-CAT partidu hura, euskal selekzioarekiko zaletasuna eta hurbiltasuna handitzeko urratsen hasiera baino ez zen izan.

Baina berpiztutako itxaropen horrek, tamalez, ez du jarraipenik izan, urtebete beranduago, alegia, 2008ko abenduan Iranen aurka jokatu behar zuten partiduaren harira, Euskadiko futbol federazioak jokalariekin adostutako akordioa ez betetzeaz gain, Jaurlaritzak EAJren aginduz, Euskal Herria izena kendu, eta soilik Euskadi izenarekin jokatzea proposatu ziotelako. Eta jakina, futbol federazioaren borondate falta horren ondorio gisa, jokalariek erabakita, euskal futbol selekzioak ez zuen bi urte segidan partidurik jokatu. Tartean eta iskanbila horrek eraginda, Euskadiko futbol presidentearen dimisioa ere ekarri zuen.

Baina 2010ean, berriro, jokalariek beraien kabuz Venezuelaren aurka jokatzeko erabakia hartu zuten, besteak beste, asmo txarreko interpretazioak uxatzeko eta euskal jendarteak garbi izan zezan euskal jokalariek bere herriaren elastikoa janzteko eta euskal koloreen alde futbol zelaian zein behar den leku guztietan defendatzeko prest zaudela adierazteko. Eta hartutako erabakia oinarrituz, hedabideetara bidalitako oharrean honakoa zioten: «Euskal futbolzaleen eta jendartearen gehiengoaren borondatearekin bat eginez, gabonetako futbol partida, dirua biltzeko ala antzezkizun bat egiteko ekitaldia baino gehiago, gure eskubidearen aldarrikapen eguna izatea nahi genuke. Inposiziorik gabe, gainerako herriek bezala, guk ere munduari gure koloreak gehitu nahi dizkiogulako. Nazio bat garelako, sentitzen duguna izateko eta egiteko eskubidea oinarrizko eskubidea delako. Gure selekzioa nahi eta behar dugulako».

Azken lau urteetan nesken eta mutilen futbol selekzioak jokatu dituen partida guztiak euskal selekzioa izenarekin jokatu ditu, besteak beste, izen hori izan zelako Federazioak euskal jokalariei selekzioaren izenaren inguruan kontsentsurako proposatutakoa eta haiek onartutakoa, zeren izenean baino gehiago, ofizialtasunaren bidean eman behar ziren urratsetan oinarritzen zelako jokalarien eskaera.

Abenduaren 26an, hain zuzen, Kataluniako eta Euskadiko futbol federazioek iaz adostutako akordioaren harira, euskal selekzioak Bartzelonan jokatu du; neskek Mini estadioan eta mutilek Camp Noun Kataluniako selekzioen aurka. Jakingo duzuen bezala, bietan euskal futbol selekzioak garaipena lortu du, eta ondorioz, 100. urteurrena ospatuz lehian zeuden garaikurrak Euskal Herrira etorri dira; suposatzen dut dagoeneko Euskadiko futbol federazioko bitrinetan egongo direla. Zorionak guztiei.

Baina garaipenetik harago begiratuz gero, bada niretzat Bartzelonan jokatutako partidetan gertatu den zerbait oso deigarria, eta, aldi berean, kezkagarria dena. Hainbat urte ondoren, lehen aldiz euskal jokalariak zelaira aldarrikapen pankartarik gabe atera dira. Eta horrek, kezka sortzeaz gain, harridura eta zalantza ere sortu dit, azken hamabost urteetan beti atera izan dutelako; azkeneko aldiz, iaz, San Mamesen. Zergatik oraingoan ez? Federazioak eskatuta izan ote da? Bat-batean, hasierako garaietan futbol federazioarekin pankarta zelaira ateratzeagatik izandako eztabaidez gogoratu naiz. Orduan ere, hainbat aitzakia erabiliz, besteak beste, lazo urdinaren aferarekin jokalariek inongo pankartarik ez ateratzea erabaki zutela argudiatuz, federazioak inoiz ez duela gustukoa izan jokalariak zelaira aldarrikapen pankartarekin ateratzea. Zergatik ote.

Antzeko egoera izan zen 2006ko urrian Camp Noun zelaian aurten bezala bi selekzioen artean jokatu zen partiduan, orduan ere jokalariei esker lortu baitzen federazioen artean antolatutako «bakearen aldeko» partida ofizialtasunaren aldekoa bihurtzea, eta Ofizialtasuna jartzen zuen pankarta eta guzti zelaira ateratzea.

Baina orain gutxi Bartzelonan jokatu diren partiduetan gertatu den aldaketa ez da soilik pankarta ez ateratzea izan; bi selekzioen arteko partiduaren publizitatea egiteko ateratako posterrean ere aldaketa egon da: euskal selekzioa-ren ordez, Euskadi izena jarri dutelako. Eta galdera da: zergatik orain kontsentsurako bi aldeen artean adostutako izenaren aldaketa? Nahasmena edo nahita izan ote da? Batek daki, baina ikusita batzuek, betikoek Euskadi izenarekin duten obsesioa, gaizki pentsatzekoa ere bada.

Batzuentzat, agian, jokalariak pankartarekin zelaira ez ateratzea edota futbol federazioak akordioa puskatu eta publizitate karteletan izena aldatzea ez da garrantzitsua izango, baina urte hauetan euskal jokalariek aurpegia emanez zelaian zein kanpoan egindako borrokaren bitartez lortutako minimoak kolpetik desagertzea bada kezkatzekoa, finean aldarrikatu duten konpromisoa zipriztintzen duen aldaketa ere badelako.

Ea datozen konpromisoetan, garaipena lortu ez ezik, aldarrikapenean ere aurrera egiten dugun. Niretzat, oraingoan, irabaztearekin batera galdu ere egin dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.