Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Holokaustoa eta ETA!

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Izenburua ikusi bezain pronto batek baino gehiagok ezusteko galantahartuko zuen; beste batzuek agian harridura; kasurik onenean, apika,jakin-mina.

Bigarren Mundu Gerran zehar naziek aurrera eramandako holokaustoak Europako historia sakonki markatu zuen. Holokaustoaren biktimak, juduak behinik behin, ordea, ez ziren berehala esparru publikoan agerikoak izan. Ezta gutxiago ere. Herrialde bakoitzak (Frantziak, Alemaniak, Britainia Handiak...) haien memoria propioa, zatikakoa eta alde batekoa egiteari ekin zion. Gudan gertatutakoak gogoratzea ez zen xamurra, are gutxiago norberak hartan egindako delitu larrien egia eta erantzukizuna onartzea. Horregatik, memoria askotan abertzalea izaten zen, batez ere aliatuen aldetik, haiek guda irabazi zutenez gero, irabazitakoa goraipatu behar zen neurrian. Adibide gisa, erresistentziari dagokionez, hura Frantzian idealizatu eta azpimarratu egiten zen, alemanen aurkako sakrifizioak eta balentria muturreraino eramanez, Vichy erregimenaren kolaborazioa egon izan ez balitz bezala. Milaka judutarrek Auschwitzen bukatu zuten Frantziako elkarlanari esker: baina hori ez omen zen existitzen.

Alemanian memoria zatikakoa eta osatugabea egiteko arrazoiak desberdinak ziren. Alemanak gudaren erantzuleak ziren, baina egin zutena ez zen lortu modu garbian esparru publikoan finkatzea. Ugari dira hori azaltzeko pilatu ahal diren argudiobideak. Besteak beste, nazi guztiak alboratuak izan balira, Alemania ezingo zitekeen errautsetatik berriro altxatu. Alemania berreraikitzeko koadro teknikoen artean nazi izandakoak ere behar-beharrezkoak ziren aurrera egitekotan. Eta horrek pisu handia izan zuen, Mendebaldearen eta Sobietar Batasunaren arteko lehia areagotzen hasia zen unean, Alemania komunismorantz hurbiltzeko «arriskua» indargabetzekotan. Horregatik nagusitu zen guda Hitlerren erantzukizuna izan zela, berarena eta hurbilen zituen zirkuluena, gainerakoak gudaroste profesionala (Wehrmach), Estatuaren bestelako egiturak eta, are, gizartearen ezinbesteko elkarlana bera ere erakarriak suertatu zirelarik, haien errua disolbatu nahian-edo.

Juduak, sei milioi baino gehiago, erailak izandakoak ziren, ordea; eta ez edozein modutan. Holokaustoa, modu sistematiko eta industrialean egindakoa, antolatutako tortura modu ikaragarrien bitartez, hain zuzen, pertsonen etekin guztia atera ondorengoa, hor zegoen, beraz, ate-joka, aitortua izateko esperoan. Hamarkadak pasatu behar izan ziren holokaustoa bere tamainan eta bere sakontasun ilunean ezagutu, aitortu, eta Europako historian txertatua izan arte. 1990eko hamarkadara arte ez dago esaterik, holokaustoak, eta horren ondorioz horren biktimek, esparru publiko demokratikoan merezitako lekua irabazia zutenik. Une horretatik aurrera, ahaztuta zeudenak leku guztietan aitortuak izan ziren. Tony Judt historialari handiak dioen moduan, gaur egun ez dago Europako erkidegoan sartzerik aldez aurretik holokaustoa aitortzen ez bada, nolabait genozidioaren aurkako txertoa balitz bezala.

Holokaustoak, azkenik, Europako molde juridikoa (horra hor genozidioaren ukatze-delitua, alderdi naziaren debekua, demokrazia militantearen eredua) bai eta biktimen politika publikoak ondu ditu. Biktima horien bitartez Europako identitatean genozidio eta antzeko nazioarteko krimenen aurkako jarrera irmoa txertatu da, nazio edota lurralde-identitateak ere hortan oinarri duela. Holokaustoak, halaber, memoria zatikako eta gezurtero ugari gainditu ditu, batzuen eta besteen erantzukizunak ageriko bilakatuz: egia argitara behartuz. Eta hori guztia demokraziaren alde, izan ere egia barik, ez dago demokrazia sendo eraikitzerik.

Eta Espainian? Espainian gainerako Mendebaldeko Europan demokrazia sortzeari ekiten hasiak ziren bitartean, guda zibila eta geroko frankismo ankerrak, zapalketak eta giza eskubideen urraketa sistematikoak jarraitu zuen. 1978ko Konstituzioarekin bide berria hasterakoan hautatu zen eredua amnistia eta ahanzturarena izan zen. Hortaz, biktimak guztiz desagertuta izan ziren behintzat 1999ra arte, urte horretan terrorismoaren biktimen lehenengo legea onartu zelarik. Ikusten denez biktimek, denek, ETArenak ere, ez zuten esparru publikoan presentziarik eduki, harik eta ETAren biktimak leku hori betetzen hasi ziren arte.

ETAren biktimak laguntzeko politika publikoak martxan jartzea, berandu bazen ere, ez da berez kritikatzekoa: kontrakoa. Behar zuten laguntza hori, bai horixe. Arazoa ez da hori. Arazoa bada, iraganari buruz egin ez den eztabaidaren erdigunean ETA jarri zela, bestelako giza eskubideen urraketarik ukatzen zen bitartean edota, beste erremediorik ez dagoenean, beste biktimak bigarren mailan eta erdi-purdika aitortzen diren bitartean. Eta horrek kubritzen du 1978ko Konstituzioa eta geroko zein aurreko denbora-esparrua, ETAren biktimen legearen filosofia, diskurtso eta ikusmira atzera-eraginez behintzat 1960. urtera eraman da-eta.

Gogorra da esatea, baina, Espainian ETAk holokaustoaren lekua hartu du, giza eskubideen urraketa paradigma balitz bezala. Eta horri ezarri zaio Europan holokaustoarentzat aurreikusita zeuden molde juridiko (alderdi debekua, apologia delituak....) eta politika publiko apartekoak. ETAren bitartez dena estali nahi izan da. Eta horregatik ez da harritzekoa batzuek are sinistu dutela ETAk egindakoa holokausto bestekoa dela, gizateriaren aurkako krimena izateraino.

Ez. ETAk utzitakoa ez da holokaustoa. Ezta gizateriaren aurkako krimena ere. Bada terrorismoa, gutxi ez dena. ETAk egindakoaren izen juridiko-penala aldatu nahi izatea ez da gizalegezkoa. Hori esatea politikoki zuzena ez bada ere.

Azkeneko hausnarketa: ETAren jardun kriminala puzteak, holokausto eta antzekoekin parekatzeraino, ez al du trabaturik memoria-politika demokratiko osoa eta jatorra? Ez al du helburu Espainian memoria-zatikakoa mantentzea? Benetako holokausto espainiar (Preston), guda-krimen, estatu-terrorismoaren gaineko lehen mailako memoria kritikoa noizko? Europak ibilitako memoria-politika bidetik at egotea ez al da, neurri handi batean, ETAren korapiloan harrapaturik jarraitzearen ondorioa? Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.