Aldeaniztasunaren lezioa

2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Goiz da Kataluniako prozesutik ikasbiderik finkatzeko. Unetik unera aldatzen ari den zurrunbilo bizian nekez behin betiko leziorik ezarri. Hala ere, zorabioan bagoaz zer edo zer ikasten, kolpean eta kolpeka ari gara lezioa barruratzen.

Lezio bat dugu gihar komunitarioaz. Zein garrantzitsua den independentzia edo beste edozein eraldaketa sozial errotik lantzea, jendearen gogoetan eta jende arteko harremanetan. Etxea lurretik eraiki behar da. Zinezko instituzio sozialek jende atxikimendua dute lurzoru.

Beste bat botere efektiboaz, hau da, nahi den hori gauzatzeko ahalmenaz. CUPen kexuak entzun ditugu: joan urteetan ez dira estatu-egiturak antolatu. Prozesuak jende askoren gogoa bereganatu eta han gorpuztu da, ez, ordea, instituzioetan, estatu-instituzio bihur zitezen. Jende atxikimendua nahikoa izan daiteke erreferenduma egin eta irabazteko, Errepublikak, ordea, beste botere mota bat ere behar du.

Bi lezio horiek bestela agertu zaizkigu, esaterako, emozioak eta arrazoiaren aurkaritza faltsuan. Independentistek maisuki jokatu omen dute jendea hunkitzen eta mugiarazten, baina ez dute asmatu arrazionalki jokatzen. Zuhurtzi gabe, sena galdurik ibili dira, emozio hutsean, errealitateari bizkar eginda. Ahaztu zaie, nonbait, errealitatea aldatu nahi duenak errealitatea gauzatzen duten indarrak behar dituela bere aldez.

Aldebakartasunaren kritikan batu dira aurkari eta arerioak. Beste lezio bat hartan ere. Aldebikotasunaren perfekzioan ez dut sinesten, ezta aldebakartasun absolutuan ere. Biak dira arras erlatiboak, politikan eta bizitza sozialean dena baita alde anitzekoa. Alabaina, aldebakartasunak badu balio asko botere-harremanetan: nork bere burua ahalduntzeko ezinbestekoa da, besteren mende ez izateko behar-beharrezko ekimena, azpiratu nahi zaituen kanpokotasun totalizaitzailetik askatzeko nahitaezkoa. Singulartasun orok alde bakarrez jardun behar du noiz edo noiz.

Balio mugatua du, berriz, eragimen efektiborik ez duzunean, edo lortu nahi duzun hori besteren esku denean. Bistan da, bestearen aitortza nahitaez behar duzunean aldebakartasuna indar piztaile ezinbestekoa izanik ere, ez du nahi adinako efektibotasunik izango. Baina ez gaitezen engaina, aldebikotasuna ez da egiazkoa alde biek parekoak direla elkarri eta efektiboki aitortu ezean. Hori gertatu barik, aldebikotasunaren aldeko mezuak aldebakarreko mezuak baino ez dira. Kataluniako Errepublikaren aldarrikapen kamutsa eta Urkulluren aldebikotasun ezindua aldebakarrekoak dira, biak ala biak, bata bezain bestea, bakarti eta enoratuak. Batzuek, haatik, ohartuki jokatu dute errealitate printzipioaren arabera: ez dugu subdituak izan nahi. Halakoak gara. Beste aldean, bistako mendekotasunari begiak ixten, hori bai, errealismo eta zuhurtziaren izenean. Errepublika katalana simulakroa baino ez? Euskal Bidearen parekotasun ukatua ez ote da aldebakarreko disimulu lasaigarria? Zer disimulatzeko, ordea?

Aspaldi ikasi nuen errealitatea baino askoz kontzeptu argiagoa zela materialitatea. Materialistak badaki ezin duela bere desio, nahi eta idealak besterik gabe gauzatu. Materiak behar ditu alde eta materiak ditu kontra: ahalmenen iturri, erresistentzien oinarri, aukera eta oztopo. Materialista eraldatzaile eta iraultzaileak badaki gainera idealari eutsi behar diola, idealak ematen diola zentzua egiten duen horri. Neure aldetik, pragmatikoa izan guran, erantsiko nuke egiten den horri idealak zentzurik eman diezaion ekintzan bertan ideala modu batera edo bestera, neurri batean edo bestean, egikaritu behar dela. Oso hegeliarra izan gabe, idealak materian bizi behar du, materializatu ezean, zonbi bat baino ez da.

Nazio-estatuak oso materia gogorrekoak dira, eta elkarri eusten diote sare material sendo eta trinko batean. Esan barik doa, estatuak legez eta hedabidez, merkatuz eta festaz, sentimenduz eta burokraziaz eraikitzen dira. Baina, materialitate hori apur bat higatu, apur bat marraskatu eta berehala ikusiko duzu zein den bere eustarria: indarkeria gordina. Beste lezio bat hemen, indarrarena. Idealismo antzuak nahiak eurak adierazteaz batera beteko direla uste izaten du. Ez dago adierazte magikorik ordea; hitzen indarra hizkuntzaz kanpokoa da. Eraldatu nahi den materiari eragiteko indar soziala behar da. Politiketan, indar hori konfabulazioetan sortzen da baina indar objektiboa izan dadin instituzio gisa materializatu behar da. Fabulatzea bizigarria izanda ere, ez da nahikoa, kon-fabulazio sakona eta zabala behar da.

Katalunian DUIa subjektutasun politikoaren deklarazioa izan da. Parez pareko aldebikotasuna lortzeko lehen urratsa. Larrutik ari dira ordaintzen estatua adinako nor izateko atrebentzia. Deklarazioa eginda, Errepublika gauzatzeko ahaleginak etorri behar, eta aldebikotasuna baino, Errepublikak aldeaniztasuna behar du. Gogoan hartu beharko genuke Grezian gertatua, haiek bakarrik geratu zirenekoak. Kataluniar kasuan gainera Podemos eta enparauek argi utzi digute nazio-estatuak ez direla erdigunetik irauliko, erdigunea periferiatik irauli beharra dagoela. Ez periferia bakar batetik, ez eta soilik estatuko periferietatik ere. Ikasbidea: herrien aukera estatuz gaindiko periferiak elkartuz eta bateratuz, konfabulatuz, taxutu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.