Lur barik, arnasarik ez

2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ingurumena mundu osoko herrialdeetako balio eta portaeren sisteman nabarmentzen den gaia bilakatu da. Gure gizarte postindustrialetan ingurumen kontua gatazka politikoko lerro nabarmengarrien berrietako bat bilakatu da. Horregatik, azken hamarkada hauetan, ingurumenarekin zerikusia duten gaiak eremu publikoaren erdigunean kokatu dira. Fenomeno hau tokian tokiko mailan eta maila globalean gertatu da. Horra hor aldaketa klimatikoaren inguruko kezkaren kasua, arazo global gisa azaldu dena.

Aurten, munduko 1.500 zientzialariek Bioscience aldizkarian planetaren egoera kezkagarria salatzeko plazaratu duten dokumentu batean, 184 herrialdetako adituek ingurumena zaintzeko premiazko neurriak hartzeko beharraren gainean ohartarazten dute. Badiote Lurra jasotzen ari den kaltea «funtsezkoa eta itzulezina» dela. Deforestazio tasa handiak, ur gezaren eskasia, gero eta handiagoa den ozeanoen poluzioa, espezieen desagerpena eta munduko gainpopulazioa komunitate zientifikoa asko kezkatzen duten gaietako batzuk dira. Datu batzuk egoera ulertzeko: 1970etik ur gezako animalien populazioa %81 jaitsi da, eta itsas eta lehorreko animalietako populazio kopuruak % 36 eta % 35 galdu dute, hurrenez hurren. Lurraren ur guztiaren %3 besterik ez da ur geza, eta, gaur egun, gizaki bakoitzarentzako erabilgarri dagoen kantitatea 1960ko hamarkada hasieran zegoenaren erdia baino gutxiago da. Deforestazioaren aztarna aztertzeko kontuan eduki behar dugu soilik 1990etik, munduak 129 milioi hektarea baso galdu dituela.

Komunitate zientifikoak Lurraren egoeraz ohartarazteko ateratzen duen bigarren manifestua da aurtengoa. Lehena 1992an plazaratu zuten 17.000 zientzialarik, Nobel batzuk barne, baina 25 urte geroago eta 2.000 milioi pertsona gehiagorekin, munduko egoera okertu egin dela esan dezakegu. Batez ere kezkagarria omen da mundua jasaten ari den beroketa efektua. 1998tik gaur egun arte azken 136 urteetako hamar urte beroenak bizi izan baititugu. Aurten Nature aldizkarian plazaratutako dokumentu baten arabera, zehazki hiru urte geratzen zaizkigu gure klima babesteko. Informazio honen sinatzaileak ez dira ekologista sutsuak, aktibistak edo intelektualak. Klima aldaketarako NBEko buruzagi ohia Christiana Figueres eta beste bost diplomatiko eta zientifikok sinatutako gutuna baita.

Jakina denez, zenbat eta bero gehiago, orduan eta bizitza gutxiago; hortaz, gizakien iraupena bermatu nahi badugu, badirudi aldaketa garaia heldu dela. Adituek aipatzen dituzten aldaketen artean ez hain ezagunak diren gizakiari ume gutxiago edukitzeko deia zabaltzea (bi ume baino gutxiago) eta dieta begetarianoago bat egitea (okela gutxiago jatea) gomendatzen da. Azken finean planetarioki egiten den aholkuak, gure garapen modua konfrontatzen du, eta energia, garraioa eta lurraren erabilera garapenaren galderaren muinean topa dezakegu, gaur eguneko ingurumen gatazken sustrai.

Modu globalean bizi dugun fenomenoa modu lokalean herritar eta taldeek ingurumenarekin lotuta dauden politika publiko zehatzak, lekutuak, ezbaian jartzen dituzten bakoitzean suertatzen da gatazka. Ingurumena tokiko gatazken abiapuntu bezala agertzen zaigu. Tosun, Getxon, sei urte daramatzate parkin baten kontra borrokatzen. Gaur egun, landa eremu gehien mantentzen duen eta betidanik nekazari ingurua izan den Andra Mari auzoan 8.000 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu zuen Getxoko Udalak 2007an. Herritarren protestek eta krisi ekonomikoak proiektua geldiarazi batzuen ere, etxebizitzekin batera egin behar zen metro geltokia 2011n bukatu zuten eraikitzen. Sekula erabili ez den Ibarbengoako geltokiaren ondoan, 300 autorentzako lurpeko aparkalekua egin nahi dute. Aparkalekuak kontrako erresistentzia eduki du, geltokia amaitu zenetik, beti egon baita norbait azpiegitura eraiki behar den lekua, zelaia, okupatzen. Aparkaleku proiektua geldiarazteko borrokan Tosu Betirako Plataforma sortu zen. Beraien aburuz, «Getxoko lur eremu bakarra urbanizatzeko lehen harria» da aparkalekua. Egitasmoa geldiarazi nahi dute, eta, era berean, bizimodu alternatiboa sortu. Azken urte hauetan hainbat ekintza egin dituzte bertan: bertso afariak, mahai inguruak, hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak, besteak beste. Argi daukate erresistentzia honen bitartez alternatibak sortu nahi dituztela: «Ez gaude hemen lurra defendatzeko bakarrik, beste gizarte eredu bat sortu nahi dugu, energetikoki, elikadura aldetik, harremanen aldetik... Hau ez da aparkalekuaren kontrako borroka hutsa».

Bizkaiko Garraio Partzuergoak sustatzen duen egitasmoa da Tosu aparkalekua. Erakunde horretako kontseilu Nagusiko bokala da Imanol Landa, Getxoko alkate jeltzalea. Udaleko gobernu taldeak Ibarbengoako geltokiari eta aparkalekuari «babes osoa» adierazten dio; beraien hitzetan, «agerikoa baita mesedegarri izango dela Getxo eta Uribe Kostarentzat, mugikortasunaren eta ingurumenaren alorrean». Horrek Tosutik Euskal Herrira eta mundura zabaltzen den galdera glokala sortzen du: halako garraio azpiegiturek mugikortasun arazoak konpontzen dituzte? Onuragarriak dira ingurumena babesteko? Gurean eraikitzen ari diren garraio azpiegiturarik erraldoienari erreparatzen badiogu, Abiadura Handiko Trena, badirudi datuek berez erantzuten dutela. AHTa Euskadiko kapitalen arteko mugikortasunari mugatuta baitago (hau bidaien %0,67 baino ez da), eta bakarrik erretiratuko du (aldi berean merkantziak eta bidaiariak eramateko balioko badu) merkantzien %10 errepideetatik. Getxo eta Uribe kostako mugikortasun arazoak 300 autorentzako parkin batekin bukatuko dira? Horrela zainduko dugu gure ingurumena?

Ekologistok oso negatiboak eta pesimista batzuk garela esaten dutenen aurrean mundu mailan eta ingurumen aferan aurrera egin dugun gauza bakarra azpimarratu nahiko nuke, «bai posible da!» ozenki adierazteko. Lehen aldiz, Ozono geruzaren zuloa gelditu da, eta, gainera, osatzen ari den seinaleak topatu dituzte, badirudi zuloa txikitzen ari dela. Hortaz, ingurumenaren babesean aurrera egin dezakegu. Tosun ere berdina diote: guztion artean parkina gelditzea posible da! Eta, horretarako, abenduak 16a gure agendetan markatzeko eskatzen digute parkina gelditzera begira ekimen garrantzitsua burutuko baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.