Mataza desegin ametsa iruteko

Oihana Etxebarrieta Legrand, Iñigo Martinez Zaton
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Kolonbiara hegazkinez heltzen ari zarenean, herrialde eder hori lehen aldiz txori begiz begiratzeko aukera daukazu, eta bere gorabehera geografikoak, berde eta urdinguneak, zona populatuak eta desertuak ikus ditzakezu. Gure bidaian, inpaktu berezia eragin dute gugan bere mendiek, bere paisaia malkartsuak. Eta Medellinera heltzen ari garela, mendietako historia datorkigu burura, hirietatik urruti geratzen diren lurraldeetako biztanleak, bizi izan dituzten eta egun bizi dituzten gatazkak, lurraren aberastasunak baina herritarren miseriak.

Kolonbia, bakearen bilaketan eredugarria iruditu zaigun prozesuaren herriak, egiteko asko dauka oraindik bide horretan, eta ari dira, konbentzituta baitaude, baina ez da erraza izaten ari. Bertara begiratzen jarraitzea eskatu digute, adi jarraitzea bizitzen dabiltzana. FARC-EPren eta Gobernuaren arteko akordioa sinatu baita, baina bidea oraindik egiteke baitago.

Kolonbian egon garen astebetean ez da mehatxurik, erasorik edo erailketarik gabeko egun bat pasa. Bertan ginela, lider indigenak mehatxatuak izan direla jakin dugu, FARC alderdi politiko jaio berriko militanteak hil dituzte, giza eskubideen defendatzaileak mehatxatuak izan dira, Caceres herrian 200 familiatik gora babestu behar izan dira haien herrietan paramilitarren artean dauden gerretatik ihesi... Baina Kolonbiako herritarrek argi dute, zailtasunak-zailtasun, bakearen bideari heltzen jarraitu nahi diote.

Zentzu horretan, jakin berri dugu FARC alderdiak bere kanpaina bertan behera utzi behar izan duela, etengabeak izan direlako kanpaina abiatu zenetik haien kontrako erasoak. Gerora, jakin ahal izan dugu eraso hauek eskuin muturretik antolatutako kanpaina baten baitan sartzen direla, bake prozesua oztopatzeko, bakearen aldeko apustua egin duten FARCeko kideak mehatxatzen jarraitzeko, giroa tentsionatzeko... Zentzu honetan, Kolonbiako Gobernuari kanpaina eta FARCeko kideen segurtasuna bermatzeko neurriak jartzea eskatzen diogu. Bakearen bidean ausardia handiz jokatu duten kide hauen, eta ezinbesteko aktore hauen parte hartze soziopolitikoa ezinbestekoa izango da bakearen bidean urratsak egiten jarraitzeko.

Gobernuak lege eta dekretu andana izenpetu du fast-track-ari esker, baina praktikan, FARC-EPk utzitako eskualdeetara instituzioa eramatea falta zaie eta instituzionalizazioa militarizaziotik baino, politika sozial, kultural eta ekonomikoetatik etorriko dela ulertzea. Hegazkinetik ikusten genituen lurralde horietara beraz, ez dituzte eskolak, epaitegiak edo anbulatorioak eraman, militar mordoa lekualdatu dute soilik. Eta zer gertatzen ari da? Bada, bestelako aktore armatuak eta paramilitarrak iristen ari direla bertara.

Bake akordioak sumatu dira, bai. Egon garen pertsona guztiek argi diote ukaezina dela aldaketa, baina inseguritateak hor segitzen du. Hauteskunde kanpaina betean sartuak dauden honetan, bigarren plebiszitoa martxan jartzen ari dela irudikatu izan zaigu mantendutako bilera orotan, eta martxotik aurrera, akordioekin eta hauen inplementazioarekin zer gertatuko den zalantzagarria da oso. Beharrezkoak dira, nazioartetik bultzatzen dabiltzan proiektuak, Egiaren Batzordea bezalakoa besteak beste. Baina aldi berean, beharrezkoa izango da herrialde horretan burututako prozesua babesten jarraitzea, atzera urratsik ez onartzea. Bide horretan, ELNren eta gobernuaren arteko elkarrizketak berrekiteko beharra azpimarratu nahiko genuke. Beharrezkoa da Quiton zabaldutako elkarrizketa bideari berrekitea, eta bi aldeak bide horretan saiatzen jarraitzea espero dugu. Kezkaz begiratzen dugu azken asteetan egondako erasoen gorakada.

FARCeko hautagai Rodrigo Londoño Timochenkok hauteskunde kanpaina hasieran egindako hitzak gure eginez, «Carlos Castro Saavedra olerkariak amestutako herrialdea bilakatu behar da Kolonbia, non herrixketatik aingeru zaintzailerik gabe ibili ahalko den, non armek baino argi gehiago izango duten bizitzek, non askatasuna etxeetara sartuko den eguneroko ogiarekin, non herritarrek elkar topo egingo duten eta haien eskuekin haien amets eta izarak eraiki ahalko dituzten, non esan ahalko den: herria daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.