Eguzki Urteaga.

Pentsio sistema publiko, misto eta propio baten premia

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Azken boladan, pentsiodunen mobilizazioak areagotzen ari dira, Bilbon 35.000 manifestari elkarretaratzeraino. Pentsioak, bosgarren urtez jarraian, %0,25 bakarrik igo dira, une berean, inflazioa handiagoa izan delarik. Hori dela eta, erosmen-botere galeraren ondorioak jasaten hasiak dira. Egoera ez litzateke hobetu behar hurrengo urteetan zeren, iragarpenen arabera, pentsioek %0,25 igotzen jarraitu beharko lukete 2022a arte. Baldintza kaskar horietan ere, pentsio sistema publikoaren jasangarritasuna ez dago bermatua. Izan ere, Erreserba Funtsa abiadura handian husten ari da, 2011 eta 2017 bitartean, 66.815 milioitik 8.095 milioira igaro baita, esan nahi baita hilabete-sari bat baino ez duela bermatzen.

Pentsio sistema publikoaren jasangarritasun-ezak hiru arrazoi nagusi dauzka. Batetik, biztanleria modu bizkorrean zahartzen ari da, alde batetik, bizi itxaropena luzatzen ari baita (2015ean, 83,38 urtekoa zen) eta goraka baitoa urtetik urtera, eta, beste aldetik, ugalkortasun tasa oso apala delako (2015ean, 1,32 haur emakume bakoitzekoa izanik). Egoera hori azken urteetan errepikatzen ari denez, eragin metagarri bat sortzen du. Horrek esan nahi du belaunaldi berriak aurrekoak baino urriagoak direla eta, horren ondorioz, geroz eta jubilatu gehiago izango direla geroz eta aktibo gutxiagorentzako. Bestetik, langabezi tasa oso maila garaian kokatzen da, %16,4 izanik 2017, 2013an %27ra iritsi ostean. Horrekin batera, enplegu-tasa, alegia 16 eta 65 arte bitartean lan egiten dutenen proportzioa, maila apalean kokatzen da. Hori dela eta, pertsona gutxiagok kotizatzen dute. Azkenik, lan merkatuaren ezegonkortasun-tasa oso garaia da, 2016an, %26,1ean kokatzen baitzen, alegia ia Europar Batasunaren bikoitza (%14,2). Horren erruz, nahiz eta herritarrek lana eduki, beren kotizazio oinarria oso baxua da.

Egoera horretan aurkitzen gara, nahiz eta Zapatero eta Rajoyren gobernuek hainbat erreforma egin dituzten pentsio sistema publikoaren etorkizuna bermatze aldera. Erreforma horiek hiru ardatz eduki dituzte: 1) erretiroaren adin legala, pixkanaka, 65 urtetik 67 urtera pasatzea; 2) pentsio osoa kobratzeko kotizatu beharreko urte kopurua, apurka, 35 urtetik 38,5 urtera igarotzea; eta, 3) pentsioen balio-handitzea ez gehiago inflazioari lotzea, baizik eta gutxieneko %25eko gorakada bermatzea. Erreforma horiek ahalbidetu badute, epe motzean, pentsio sistema publikoaren galera saihestea, ez dute bere jasangarritasuna bermatzen epe ertain zein luzean.

Testuinguru honetan, bi aukera politiko nagusitzen dira. Bata izango litzateke, Alderdi Popularrak eta, orokorki, eskuineko alderdiek nahiko luketena, hots, gutxieneko bat bermatuko lukeen pentsio sistema publiko batean alboan, pentsio pribatuak sustatzea, oinarrizko pentsioa osatze aldera. Rajoyren gobernuak berrikitan hartutako neurriak eta egindako adierazpenak bide horretatik doaz. Arazoa da herritar guztiek ez daukatela pentsio funts pribatu batean kotizatzekoa aukerarik, ezberdintasunak sortuz pentsiodunen artean. Bestea litzateke pentsio sistema publikoa sendotzea, bere diru-iturriak handituz eta ugarituz, kotizazio sozialetatik lortzen diren diru-sarrerak zergetatik datozenekin osatuz, Europako hainbat herrik egin duten bezala.

Neurri horien artean, honakoak leudeke, jakinik batzuek lotura zuzena dutela pentsio sistema publikoarekin eta besteek zeharkako esteka. Lehen kasuan, Segurantza Sozialerako kotizazio sozialen tipoa igotzea, batez ere kotizazio patronalei dagokienez, eta Erreserba Funtsari dedikatutako diru-kopurua handitzea, zerga sistemaren progresibitatea sendotuz (esaterako, PFEZaren tipo nominala igoz ala Fortunaren gaineko zerga sortuz) eta presio fiskala areagotuz, Europako batezbestekora hurbiltze aldera. Bigarren kasuan, 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetu beharko lirateke lan merkatuaren prekarizazioa mugatzeko eta erregulazio handiagoa ezartzeko. Era berean, gutxieneko lanbidearteko soldata 1.000 euro garbietan kokatuz (jakinik Frantzian 1.150ekoa dela), soldata guztiak jasoko lituzke eta, bide batez, kotizazio sozialak igoko lirateke zerga-oinarria goratuz.

Arazoa da neurri horietariko batzuk ez daudela euskal erakunde eta eragileen esku, baizik eta Espainiako Kongresuaren, Gobernuaren eta eragile sozialen menpe. Hala ere, pentsio sistema publiko propioa lortu bitartean, euskal eragileek neurriak har ditzakete, hitzarmen kolektibo sektorialak eraberrituz, PFEZ eta sozietateen zergen progresibilitatea areagotuz eta Fortunen gaineko zerga ezarriz (eta, bidez batez, presio fiskala handituz), gutxieneko pentsioak osatzeko prestazio bat emanez eta Oinarrizko Errentaren balioa handituz, kontuan izanik, dagoeneko, diru-laguntza hori jasotzen duten laurdena pentsiodunez osatua dagoela. Neurri horiek osatu daitezke, bai administrazio publikoetan bai enpresetan, pentsio planak bultzatuz, Eusko Jaurlaritzak Itzarri-rekin egiten duen bezala.

Pentsio sistema publikoaren etorkizunaz haratago, jokoan dagoena gizarte eredua bera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.