Erregearen hitzaldi penagarria: politika eta Zuzenbidea

2017ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Une katartikoak bizi ditugu, ziklo aldaketarenak. Katalunian, igandean polizia abusuen ondorioz bizi izandako gertaera penagarri, onartezin eta justifikaezinek inflexio puntu bat jartzen dute Estatuaren gainbeheran, zeinaren egiturek eta gobernuak ez duten kultura demokratikorik.

Gizarte demokratiko bat ez da Arkadia zoriontsu bat, gatazkarik eta bizikidetzarako arazorik gabea. Demokrazian bizitzearen onura juridiko eta sozial handiena da gatazka horiek modu aske eta baketsuan adierazi ahal izatea, eta, batez ere, konponbide demokratikorako bideak eduki ahal izatea.

Testuinguru honetan, monarkak, bere hitzaldi erasokor eta autoritarioan, lege hautsezin horietara egin zuen deia, eta bere hitzaldi penagarriaren sekuentziak Estatuaren ahultasuna erakusten du. Kataluniako gizartearen zati handienak gain hartu baitio partekatutako matxinada zibiko batean, eta, gainera, jende asko eta askoren enpatia emozionala dauka matxinada horrek, zeintzuek amorrarazi egiten gaituzten doako indarkeria harroa tresna gisa erabiltzeak politikoki kikiltzeko.

Ziurrenik ez diote tarte handirik utzi; hau da, puntuak eta komak ere Moncloatik eta Zarzuelatik jarrita izango zituen, baina bere hitzaldian ez zien keinurik txikiena ere egin eskaera zilegi bat adierazi dutenei. Eta, are okerragoa dena: aurpegiratze etengabeetan bere aitak bezala jokatu du, Juan Carlos I.ak otsailaren 23ko kolpistak hartu zituen gisan. Gutxienez katalanen erdien sentipen emozionaletatik kanpo kokatu da, eta gatazkaren parte balitz bezala agertzen da, ez konponbidearen parte, bere rola fronte estataleko irudi hutsean geratu baita.

Bere hitzaldiarekin, 78ko erregimenera lotu da, eta harekin desagertuko da. Balizko prozesu konstituziogile batean, ekuaziotik kanpo geratzen da monarkia. Haren mintzaldi negargarritik erator daitekeen gauza baikor bakarra da. Uniformez jantzita ateratzea bakarrik falta izan zitzaion, bere estatu goreneko armadako buruzagitzaren ikur gisa, espainiar nazioaren batasun sakrosantuaren azken zaindari gisa.

Zein ondorio politiko-legal aurreratzen ditu haren hitzaldiak? Ondo neurtutako hitzek epaiketa bat barnebiltzen dute (prozesuaren legezkotasuna) eta sententzia bat (Estatuak eskura dituen bitarteko legitimo guztiak erabili behar ditu esan zuen). Horrek esan nahi du legezko eta maila diskurtsiboko «oinarrizko kanpaleku» bat ezartzea 155. artikulua indarrean jartzeko eta Generalitateko gobernuaren funtzioak bertan behera uztea (hortik joango da gobernuak ia prestatuta daukan dekretua); eta alde bakarreko independentziaren bideak aurrera egiten badu, lege munizioa prestatuta dauka: jada hasita dagoen sediziorako inputazioari Generalitateko gobernuko presidente eta kideen atxiloketa gehitzea dauka, eta ez da baztertzen konstituzioaren 8. artikulua aldarrikatzea, zeinak jasotzen duen indar armatuek Espainiaren independentzia eta batasuna bermatzea dutela helburu, eta lurralde osotasuna eta ordena konstituzionala zaintzea. Erregearen mintzaldira itzultzen bagara, haren mezu gogor eta latz horretan mehatxu hori suma daiteke.

Benetan zuzenbide estatu bat balego, galdetu beharko zuten Kataluniako kaleetan ikusi zen poliziaren indarkeria bidegabe, basati eta mendekuzalea baimendu zuen lege oinarriei edo oinarri judizialei buruz. Ez baitago oinarririk. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko 2017ko irailaren 27ko auto judiziala aztertuz gero Mossoei, guardia zibilei eta Espainiako poliziei instrukzioak ematen dizkien auto hori argi ikus daiteke ez dagoela oinarri juridiko bat bera ere herri katalanaren duintasun demokratiko patxadatsua tentsioz eta kolpez betetzeko, autoritateek modu basatian eta bidegabean egin zuten bezala. Autoak ez zuen hori babesten. Inork ez zuen legez kanpoko ezer egin. Zapaldua eta kolpatua izan zen inork ez zuen egin autoan jasota zegoen ekintzaren bat eta horren ondorioz poliziaren errepresioa justifika zitekeenik. Inork ere ez.

Politikari mugiezinaren baliabidea, sasimugimendu batengatik babestuta segitu nahi duenaren argumentua da. Hau da, aurrera egiten duen itxura egiten duena, itxura ematen duena dinamismo sozial eta politiko bat dagoela, baina azken finean toki berera itzultzen dena beti. Horri legalitatea deitzen zaio. Gotorleku perfektua da politikaren bidez inertziaren indarra jarri nahi duenarentzat, gauzen ordena naturala berezkoa balitz bezala ezarri nahi duenarentzat. Harrizko legalitate bat defendatzen dute, marmolezkoa, zurruna, malgutasunik gabea, errealitate sozial berrietara egokitzeko gaitasunik gabea.

Ramon Martin Mateo maisuak zentzu onez azaltzen zuen moduan, Zuzenbidearen munduak, legalitateak, gizon eta emakume juristek ingeniari sozial gisa jardun behar dute. Hala da, bizikidetzarako oinarrizko jokabideen arau eztabaidaezinen errespetua bermatu behar dugu, baina, era berean, zubiak eraiki behar ditugu, harresiak eta nasak eraiki beharrean; irtenbideak proposatu behar ditugu etengabe zigorrak jarri beharrean; Zuzenbideak errealitatera egokitu eta moldatu behar du, ez alderantziz, sarritan gure gizartean gertatzen den moduan.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.