Joxerramon Bengoetxea.

Egia-ostea, gertakari alternatiboak eta informazio spama

2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Egia-osteaz aritzeko UPV/EHUk —ehuGunek kultura zientifikoko katedrarekin batera— jardunaldi berezi bat antolatu du ekainaren 13ko goizerako. Bertan jakintza arlo desberdinetako akademikoak, bakoitza bere arlotik, egia-ostearen arriskuaz eta estrategia estaliaz arituko dira.

Egiondoa edo egia-ostearen garaian bizi omen gara. Izan ere, Post-Truth izan da 2016ko urteko hitza Oxford Hiztegien arabera eta era berean alemaniar hizkuntzarako elkarteak 2016 urteko berba post-faktisch hautatu du. Termino honek esan nahi du iritzi publikoa sortzeko orduan emozio apelazioek eta norberaren sinesmenek garrantzi eta eragin handiagoa dutela gertakari objektiboek edota informazio kontrastatuek baino. Ia arlo guztietan topa daitezke egiaren desitxuratzeak edo gezurrak.

Lau maila desberdinetan sailka daitezke egia-osteko kasuak, nire ustez. Maila gorrienean gezurra daukagu, baina gezurra gordinegia denez, estali egiten da mozorrotu, eta alternative facts azaltzen dira. Sinesten baditugu izango da nahi dugulako. Maila ia berdean fenomeno bitxi bat dago: esaten diren gauzak ez dira faltsuak, egia izan daitezke solte hartuta, baina lotzen ditugu frogatu gabeko kausa erlazioekin. Adibidez, egia izan daiteke Londreseko burtsak behera egin duela hiru puntutan. Egia izan daiteke May premierrak bere hauteskunde manifestuan pentsiodunen babesa arriskuan jar dezakeela, baina ez dena frogatu da horixe dela jaitsieraren arrazoia. Oso ohikoak dira kontrastatu gabeko hipotesiak. Argi gorriaren eta berdexkaren artean horixka batzuk daude: gertakariak desitxuratzea, testuingurutik atereaz, edo ezagutzen ditugun gertakarietatik baten bat isiltzea, ezkutatzea. Azken finean estrategia bat sumatzen da egia-ostean: narrazioa edo errelatoa, alegia kontakizuna guri sinesgarri eta konbentzigarri egiten bazaigu, berdin dio kontrastatu gabeko elementuz josita badago, barneko koherentzia bat behar da eta pieza batzuk ez badira guztiz egia, ba onartu egiten dugu berdin-berdin. Kontakizuna eraikitzeko ez dugu itxaroten, berau oinarritzen den elementu guztiak kontrastatu arte. Kontakizunari eutsi eta gertakariak behartu egingo ditugu bere logikara egokituz.

Horrela azalduta, egia-ostea ez da gauza berria. 2016. urtea baino askoz ere lehenagotik dator kontua, edo kontakizuna. Egia da 2016. urtean brexit, Trump edo Kolonbiako erreferenduma azaldu direla ezusteko handi bezala, pronostiko eta zundaketa guztiak hankagora jarriz, eta gezurrez betetako kanpainetan oinarrituz. Baina aspalditik dator estrategia. Historian negazionismoak ezagutu ditugu, Gernikan bertan, ez dago urrun joan beharrik. Biologian kreazionismoa eboluzio teoriaren alternatiba «didaktiko» bezala aurkeztu da. Klima aldaketaren negazionismoak ere badaude. Makro-ekonomia ere zientzia post-faktikoa da neurri handi batean. Sub-primen krisia, eta austeritatearen aurrean alternatibarik ez dagoela esatea zientzia balitz aurkezten zaigu, baina kontrastatu gabe. Diplomazia eta borroka ideologikoa ere egia-ostearen eremuak izan dira. Esan ohi da gerraren lehenengo biktima egia dela. Zuzenbidean ere bai, froga da egia ofiziala eta egia materiala bereizten duena. Egia batzuk ez dira frogatzat onartzen, egia izan arren. Zientzietan beti egon dira kontrastatu gabeko sinesmenaren gainean oinarritu diren diskurtsoak: astrologia, kosmogonia erlijiosoak, homeopatia... Publizitatearen teknikak, ilusioa saltzen digutena, botika mirakulosoa, elixir zerukoia, operazio estetikoak, gure kontsumo kultura gaurkidean ametsak eskuratu nahi ditugu, eta teknika horiek politikara eta ekonomiara pasatu dira. Filtro kritiko gutxirekin goaz merkatura.

Askotan, errealitatea ezagutzeko orduan, egia-osteko jarrera horrek eragiten du jakintza zientifikoa baztertu eta metodo zientifikoa gutxiestea. Testuinguru horretan, unibertsitateak gizartean jarrera kritikoa sustatu, eta egiaztatutako gertaeretan oinarritutako kontakizuna eraikitzeko erronkari aurre egiten dio. Unibertsitario izaerak kritiko eta eszeptiko izatera behartu eta baldintzatzen gaitu: gertakariak, egitateak, hipotesiak kontrastatzera eta hauen baieztatze edo faltsutze eza, alegia zientziaren metodoak erabiltzera. Errealitate sozialean hau ez da gertatzen natur zientzietan edo zientzia zehatzetan bezala, jendarteko errealitatea ezinbestez sinbolikoa, interpretatiboa, bir-eraikia, erreflexiboa eta hermeneutikoa delako. Baina horrek ez du kentzen metodologia zorrotz baten erabiltzearen beharra. Gertakariekin hasi behar da, eta hauen kontrastatzeaz bertsio egokiak eta koherenteak hautatuz eta frogatuta ez dauden egitateaz osatzen diren bertsioak baztertuz. Bertsio horiekin errelatoak, narrazioak sortzen dira, batzuk egiaztagarriak, eta besteak egia-ostekoak, non egitate batzuk estaltzen diren eta beste batzukbakarrik partzialki aintzat hartzen diren, edo egitate batzuk itxuraldatzen eta testuingurutik ateratzen diren.

Askotan datuak, egitateak, gertakariak, gertakizunak behartu egiten dira errelatoen barneko koherentzian sartzeko. Bestetan, estalita geratzen dira narratiba nagusiagoak gailentzen zaizkielako. Berriro esateko, egia-osteko testuinguruetan iritzi publikoaren eraikuntzan egitateek edo gertakari objektiboek eragin txikiagoa daukate sentimenduek, uste pertsonalek, grinek edo aurreiritziek baino. Alegia, egia-osteko munduetan iritziak sortzerakoan interpretazioak eta narratibak gertakarien gainean nagusitzen dira.

Gai horien inguruan hausnartu eta egia-ostearen kontzeptuaren benetako nondik norakoak zein diren ezagutarazteko mintegia antolatu dute UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon. Besteak beste, biologia, zientziaren filosofia, historia, zientzia politiko, psikologia, antropologia, nazioarteko harremanak, zuzenbidearen teoria, komunikazio zientziak, publizitate edo soziologiako adituek parte hartuko dute diziplina anitzeko bilkura honetan, Nekane Balluerka errektoreak irekiko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.