Likidoa solido

2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Likido oro solidoa bilakatuko da. Nirekiko ari naiz Trumpen politika holako metafora baten bidez ikusi beharko ote genukeen. Fluxuen garaian, harreman likidoen aroan, sare hedakorren orduan, Trumpek hormak, mugak eta harrizko hesiak eraikiko ditu amerikar fortress handian. Ez da bakarra, mexikar uholdearen antzerako fluxu, olatu, izurrite, jario eta mota guztietako hedapen eragabeei hormak kontrajartzeko deia nonahi entzuten da.

Dei horrek dio, mugimendu kontrol gabeak gelditu eta nahas-mahas gaseosoen ordez, solido irmo eta egonkorrak ezarri behar direla. Ez da soilik populazio kontua, ez soilik jende higidura eta higadura. Kapital errariak ere auzitan direla, enpresa likidoek Trumpi egingo diote aurre. Jadanik, ezagutza likido partekatu eta sakabanatuaren apostoluak Trumpen hormakeriaren kontra altxatu dira. Badirudi likidotasun globalen erreakzio orokor baten aurrean gaudela. Nork defendatuko ditu jario eta isuri hedakor libreak? Joango ote dira garai likidoak, metaforaren egilea hil denez gero? Eraman al du Z. Baumanek berekin postmodernitate likidoa?

Berrogei urte pasa dira, sedentarismo solidoen kontrako profetak, Deleuze eta Guattari, orain zaharmindutako hitzak aldarrikatzen hasi zirela: sakabanatze nomadak, bilakaera errarien desirak, erdigune gabeko sare hedakorrak, albo hazkunde geldigaitzak, ihes-lineak, askotariko askotasunak, fluxu eta isuri biziak... Itsasbehera heldu zaie, errefluxua. Iseka tonuaz dio Sloterdijkek, hobi esferikoen eta abaro segurtatuen filosofo hark, neoliberalismoaren goraldian profeta haien esanetan «freno gabeko finantza-kapitalismoaren ereserkia» entzun zitekeela, Deleuze-Guattariren unibertsoa diru birtual, hegalari, amoral eta inflazionatuaren etengabeko mugimenduetan baino hobeto ezin zela inon gauzatu. Idatzi ote zuten, nahi gabean, kapitalismo globalizatuaren filosofia? Edo urrunago ikusteko dohaina izan zuten? Esan nahi dut, ez al ziren Trump eta halako hormazaleen bukaeraz arituko? Ez al zuten kapitalismo solido eta likido guztien osteko askatasun barbaroa hauteman?

Bistan da, Trump eta eskumako neonazionalistek ez dute kapitalismoaren kontra egiteko inongo asmorik. Esango nuke, besterik gabe, oligarkien arteko gerra baten aurrean gaudela: nazio-estatu eta inperioen mugetan barneko kontrola nahi dutela oligarkia lurraldetar zaharberrituek eta, aldiz, muga horiek gaindituz bestelako kontrol bat, kontrol zibernetikoa, nahi dutela oligarkia postmodernoek, hauek bai neoliberal esplizituak eta aski filantropikoak direlarik. Itsu genbilzke bando baten edo besteren alde egingo bagenu. Desira zuhur bat baino ez zait otu: akaba dezatela elkar, gu tartean akabatu barik. Hori izan liteke jende xumeen programa xumea. Ideologia antikapitalistatik, berriz, gerra hori bizkortzeko taktikak landu beharko lirateke: orain baten alde eginez, segituan bestearen alde, geroago aurrenaren alde ... euren indarrak ahitu arte.

Badakit erraldoi botadun ezker antikapitalistak biharko nahi duela kapitalismo osteko mundu berria, hori zer izan daitekeen eta egunetik egunera nola eraiki genezakeen ondo esplikatu barik. Desira hutsa da. Errez makurtzen dena ezker ukituko harrizko estatu eta partiduen fetitxismora. Hain ziren boteretsuak, kementsuak, solidoak! Baina lilura fetixistaren ustetan izan litekeenak gerta daitekeena zapuzten du.

Eta zer da gerta daitekeena? Kapitalismoaren azkena gaur bertan gertatzen ari da segur asko, kontzientzia gutxirekin ari gara gauzatzen, maiz erresistentzia eta bizimodu arrunt askoak diren horietan, oso gureak direnetan. Bestela esan, historiako gatazka guztiak gaindituko dituen iraultzaren zain egon beharrean, gauden-gaudenean jokatu beharra dugu, han posiblea den bestelakoa izaten eta egiten. Politika praktiko zuhurra eta praktikaren politika zalua da hori. R. Senneten antzera esateagatik, artisauen politika bat: eraldatu nahi duen materia txikitu gabe eraldatzen duena, sortu nahi duen obra printzipiotzat hartuz obra sortzen duena. Temati ikasi eta hobetu, ezarian landu eta asmatu, burua eta eskua gaitu eta trebatu.

Printzipioei dagokienez, badakigu zein olatu handitik datorren ezkerra: jende ororen duintasuna, berdintasuna eta askatasunaren aldeko ahalegin, borroka eta lanetan zaildu da beti. Maizegi tronpatu da, halako gehienetan botereak eta kontrolak zentralizatu guran, subjektu ahalguztidunak sortu nahian... Nire ustez, aldiz, solidotze horien tentazioari eutsita, jario etengabearen politika zalua eta zuhurra da egunero kapitalismoari iraungitze data jartzeko aukera. Artisautza zuhurrak eraikiz, sortuz eta eratuz eraldatzen du materia gogorra, elkartzen ditu piezak, antolatzen ditu jendeak. Likidoa da, jardun eta jardun denboran eraldaketaren artea lantzen duen jarioa.

Gaur gero, likidoak kontrolatu eta solido bihurtzeko politikak ezarriko dituzte oligarka neonazionalistek, eta herriaren burujabetzaren izenean egingo dute, jende saldo frustratu batzuei kasta eskubidedun harroak izan behar dutela esaka, hots, horma eta hesi barneko leinuen ethosa harropuzten eta beste izan daitekeen ororen kontrako herra hauspotzen. Politika horren bertsio asko ezagutuko ditugu, guztietan neoliberalismoa biziberrituko da: muga barruko kapitalismo basatia, muga arteko kapitalismo malgu totalitarioa.

Geroak barbaroa behar du, dio Joseba Gabilondo euskal deleuziarrak, edo ez gara izango eta ez-subjektu feudala, morroi neoliberala bihurtuko gara. Politika barbaroa, diot nirekiko, ez zen berehalako inbasioarena, likido hedakorren eta solidotze prekarioen konbinazioa baizik. Hala, bada, erresuma berriak eraiki aitzin, lehengoetan jabetu aurretik, izan gaitezen errariak, orain ur lasterra, orain harri astuna, orain itsas uhina, orain zuhaitz erroa... Burujabetzea hartan da: botere burujabeak eraikiz estatu eta inperioen hormak hautsiz eta kapitalen fluxu eta kolonizazioak geldiaraziz, botere harrapaketan ibiliko dira barbaroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.