Sedizio bermatua

2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Irailaren 20a, sentimenduen kontrako eguna Katalunian. Estatu arrazoi ergel eta miopearen eguna ere bai. Gertaerak arrapaladan, eta adierazpenen eta analisien erauntsiak etenik gabe doaz. Ez dirudi atertuko duenik.

Analisietan bitxienak juristenak suertatzen ari zaizkit. Salbuespen batzuk izan ezik, gehien-gehienak entzun ditut teologo zaharren antzera Legearen misterioak Jainkoarenak izango balira bezala aztertzen eta miatzen: xehe, sakon, ñabarzale, eta dogmatiko. Legearen indarraz, izaeraz, ahalmenaz, edo zentzuaz eta formaz hitz egiten dute barra-barra. Baina teologo zailduen antzera ez dute federik. Sinesten dute, hori bai, estatuarengan, haren indar betearazlea dela Legearen indarra. Otoitz egiten diote Legeari, eurek deszifratzen duten ahalmen hari, baina badakite jainko horrek ez duela berez ez indarrik, ez kemenik, ez eraginik. Horregatik nahasten dituzte, lotsa barik, legezkotasuna eta legitimotasuna; hurrenez hurren: indar behartzailearen arrazionaltasuna eta sentimen sozialetan umotutako onespena. Legea betearazi ahal da indarrez, finean, indarraren eta indarkeriaren transfigurazioa delako, baina legitimotasuna sentimenduetan errotu behar da, argudioz, liluraz, pertsuasioz, ohituraz, hezkuntzaz...

Estatuak, juristen eskutik eraiki diren neurrian, hertsapenaren kontzentrazio eta burokratizazio arrazionalak izan dira. Estatu oro jaio da lege esparru beregaina sortuz, herrialde batean subiranoa dela aldarrikatuz. Eta horretarako aipatu bi indarrak, hau da, legea betearazten duten estatu-aparatuen indarkeria eta mendekoen onarpena, hala moduz batu, beretu eta landu behar izan dituzte. Bien arteko gatazkek eta antagonismoek idatzi dute estatu modernoen historia. Legea mendekoen eskubidea bihurtu da maiz, boteretsuen indar hutsa mugatu ahal izan dutenetan. Halakoetan subiranotasuna, botere efektiboari egotzi barik, herriaren sentimenduetan bizi den ahalmenari egotzi zaio, herri legitimotasunari hain zuzen.

Ez dago demokraziarik herri sentimendu hori gabe. Baina gogora dezagun demokrazia subiranoen kontrako mugimendua izan dela gehienetan. Eta demokraziari oldartu zazkio legez eta armaz herririk gabeko subiranoak. Justinianoren Corpus iuris civilis hark zioen bezala «Imperatoriam maiestatem non solum armis decoratam, sed etiam legibus oportet esse armatam», alegia: enperadore gorena, subiranoa, legez ere armatu behar da. Izan ere, legegileek eta beren morroiek jendeen onespena ez dutenean, legea menderatze eta zapaltze arma bat baino ez da. Orduan, onespenik gabe, legea betearazteari eusten dion agintea autoritatea galdu eta botere gordina bilakatzen da; oso legezkoa izan arren, indarkeria ez-legitimoa.

Katalunian ez dago legitimotasun talkarik. Katalunian estatu espainarraren legea eta kataluniar legitimotasuna ari dira elkar joka. Kasu, legitimotasuna ez da legeen berezko ezaugarria legearen egite eta ezartzearen ezaugarria baizik, eta ez da juridikoa, politikoa da, zehatzago ere: politikaren funts emozionala da. Afera horretan dago. Katalunian jende askok eta askok egina du, burututa, espainiar estatuarekiko deskonexio emozionala. Eta ikusita zein izan den orain arteko espainiar nazionalisten erantzuna esango nuke berdin zaiela, ez dituztela kataluniarren gogo-bihotzak limurtu nahi, aski zaiela katalanen gorputzak kate motzean edukitzea.

Katalunian iraultza emozionala gertatu da. Urteak eman dituzte herri legitimotasuna lantzen, hau da, ukazioaren aurrean, frustrazioari eta umiliazioari buruonespena eta duintasuna kontrajartzen eta behin eta berriro masiboki agerrarazten. Espainiar nazionalistek elite ustel batek manipulatutako masak baino ez dituzte ikusi nahi agerraldi horietan. Masa eragabea izanagatik gutxiengoa dela diote behin eta berriro. Zinez hori sinesten badute, ez dago ulertzerik zertan debekatzen dieten botoa, zergatik ez duten entzun nahi jendaila albarazalearen ahotsaren ordez, boz arrazionalizatua, banakatua eta kuantifikatua.

Subiranoa beldur da. Albarazale burugabeak gupida gabe zapaldu behar ditu, deskonexio emozionala noranahi zabaldu baino arinago. Albaramendua, sedizioa, hedatu baino lehenago. Zigor Kode espainiarrak ederki dio: sedizioa, «ordena publikoaren aurkako delitua, agerian eta modu nahasian altxatzea... legeen aplikazioa eragoztea...». Katalunian, sedizioa estaturik gabeko legitimotasuna lege bihurtzeko ausardia izan da, bere gaineko legea bere buruz eta beregain egiteko ausardia. Sedizioa, labur esan, estatuaren gainetik herria jartzea da. Herri altxamendua, lege iraulketa.

Nazio foralean, berriz, euskal legitimotasuna lantzeari batzuen ukoa gero eta argiagoa da. Urkulluren berbak lekuko. Zuhurtasun plantan, eta pragmatismo erretoriko eta alfer hutsetik, espainiar estatuarekin aldebikotasuna posiblea dela amestu behar dugula dio. Amestu dezagun bai, begiak irekita ez baitago hori sinesterik. Kataluniako erreferendumak ez du bermerik, sedizio kolektiboa, berriz, ondo bermatuta dago herri sentimenduan. Aldean, euskal kausa sorgor, lo minean bezala, nahi dute neoforalistek. Hala balego, gure lotsagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.