Koldo Izagirre

Matarren txalupa, Gabrielen anbulantzia

2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Juanba Berasategiren oroiz

Lehorretik edo txalupan zoazela zigarrokina botatzen ikusten bazaitu, horrelakorik ez egiteko esanen dizu Matar txalupariak, ba ote dakizun zenbat denbora behar duen itsasoak filtroa errekuperatzeko. Beirazko botila bostehun urte, plastikozkoa bostehun. Aluminiozko lata berrehun. Poliestirenoa mila urte. Piedadeko eta Torreatzeko ontziralekuetan dauka emana informazio hori guztia, Pasaian, salbamenduko gurpila kristal barrutik ateratzeko egin beharrekoak esplikatzen dituen karteltxoaren ondoan.

Bokalearen bazter batetik bestera egun oroz pasatzen zuen gizon ihar errezale batek lagundu zion Matarri informazioa apain, kartel moduan, irudiz eta euskaraz ere ematen. Bertan ikasiko duzu hamar urte behar dituela itsasoak zigarro filtroarekikoa egiteko. Senegaldarra da Matar, asko daki gizon garratz honek itsasoaz. Garai batean, emakumezkoak ziren hemen txalupariak. Baina guk, egungo pasaitarrok alegia, ez genituen ezagutu. Artista eskuzabal haren aitona, aita eta bi osaba ere txalupariak ziren, alderik alde eramaten gintuzten putzuan barrena. Putzua esaten genion portu barruari. Orain badia esaten diote. Izen garbiagoa delakoan, agidanez. Kaiak ere gero eta garbiago daude, ez baforarik ez txatarrik ez langilerik. Tristura ematen dute zikinik gabeko kaiek.

Aste bi dira Matarren konplize hura hil dela.

1975eko irailaren azken egunean, arratsaldeko zortzietan, dei bat hartu zuten Gabierrotako gasolindegian Gurutze Gorriak zeukan postuan, Errenterian. Gurutze Gorria armadak kudeatzen zuen diktaduran, eta derrigorrezko soldadutza egiten ahal zen bertan, boluntario, kuartelen batean aginduak betetzen nazkatu behar izan gabe. Etxebestek hartu zuen telefonoa, bera zegoen buru. Ziztu batean heldu ziren larrialdietarako ekipoarekin Torreatzeraino. Gazte bat zegoen lurrean odolusten. Etxebestek hartu zuen anbulantziaren gidaritza ospitalerakoan. Geroztik, inork esaten bazion arinegi gidatzen zuela, «Zer uste duzu, horrela salbatu genuen Juanba!» esaten zuen beti.

Hil baino egun batzuk lehenago deitu zidan, azal nendila Torreatzera. Egin zioten analisiaren ondoko deia zen, zer pentsatua eman zidaten orduak eta lekuak. «Erretiratu naute» esan zidan diosal gisa, barrerdi batean, triste. Jangar eta mintsu egona zen egun batzuk lehenago lantxo batez eduki genuen bazkalizketan. Umore merkeko galdera egin nion zeharka adierazi zidanari, mila gauza irakiten buruan. Ez entzuna eginda, «Asuntoa azkar samar joango omen da» esan zidan. «Hau ez didate kendu, eta tira!» gaineratu zuen, bere baitarako bezala, itsasoari hamar urteko beharra ematen dion horietako bat atereaz. Ez zizkion hartuko hiru ke tabernaurreko barrika gainean zeukaten hautsontzian zapaldu zueneko. Kafe banarekin jesarri ginen, ni entzule. Bezperan mendi buelta bat egina zela, ondo pasatu zuela, egun bikaina. «Asuntoa». Behakoa tinko, ni ikertzen ari balitz bezala, gaitzaren zehaztasunak hasi zitzaidan ematen ahotsa ahul.

Matarren txalupan ontziratu zen ostera, eta hantxe ikusi nuen azkenekoz.

Txaluparia izan behar zukeen artista, ni nengoen hartan bertan hiltzekoa zen gazterik 1975eko irailak 30 zituen hartan, Txiki eta Otaegiren fusilamenduek sortutako dardara beroan, guardia zibil batek tiro eginda kanoiak uki. Anbulantzian zeramatela «Gora Polisario! Sahara libre!» egiten zuela marmar kontatu zidan Etxebestek, Gabrielek. Ez da hil zaharra, Juanba bera bezala ustekabean.

Matarren txalupan urruntzen zela ikusi nuen azkenekoz: pelikula baten planoa dirudi, topikoa. «Zuek segi ezazue zuen zinema baskoa egiten» zuzendari topaketa batean esana dena zekien bati, haserre, «Baina ez esan euskaldunoi, faborez, nola egin behar dugun gure zinema». Donibane jo zuten arte egon nintzen ukondoak eskudelean, lehorreratutakoan agur eginen ote zidan. Baina karrikaraino igo zenean ez zen nire aldera jiratu, ez zuen besorik altxa. Etxerantz hartu zuen, zigarroa pizten zuela seguruenik, nitaz futitua, eta horrek edertu zuen sekuentzia.

Nire laguna planotik irtendakoan karrikako idazki historikoetara egin zuen gorantz kamerak: Orreagako jazarra aipatzen duen plaka gaztelaniaz, latinez, Lafayetterena ondoan, Ipar Amerikaren independentziaren alde «borrokatzera joateko» ontziratu zenekoa, euskaraz, frantsesez, ingelesez. Historia hurbilagoko kontuak ezkerrera daude, bokalearen beste aldeko ontziola txipiaren parean. Hantxe tirokatu zituen poliziak Izar, Delas, Aizpuru eta Izura 1984ko martxoaren 22an, gauez eta atxilotuak zeuzkala. Plaka begipean daukazu, eta soslaiak beheko harkaitzen gainean margotuak zuriz, gorpuenak, itsasbeheran ikusgarri.

Zer etortzen ote zitzaion burura nire lagunari marrazki haiek ikusten zituenean?

Zenbat urte behar ote du historiak gure memoria errekuperatzeko?

Gaztigatu zioten udaletik, hartu zituen gutunak, komentatu zioten ez bik ez hiruk. Beti ezetza ordea, «Kalteek ez daukate preziorik» eta «Istripua izan zen, guardia zibil hura ni baino ikaratuagoa zegoen». Ez zuen nahi izan estatuaren bortizkeriaren biktimen zerrendan azaldu, «Heroiak beste batzuk dira». Balaren sarreraren markatxoa geratu zitzaion bularrean, eskuin birikaren erdian, irteerarena bizkarrean. Barruan apaltasun hori, duintasunaren kontzeptu bat, bihotza, bihotz handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.