Charles Taylor eta Quebec

2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Euskaldunok eredu bila ari gara azken aldiotan. Irlanda, Quebec, Eskozia edota Katalunia aldera begira gaude behin eta berriz. Haien pausoak jarraitu nahi genituzke, nonbait.

Quebeceko filosofo ospetsua den Charles Taylorren jarrera politikoa aipatunahi nuke gaur hemen. Baina, horretarako, ezinbestekoa da bi hitz esatea haren pentsamendu filosofikoaz. Jarrera biak elkarri lotuta baitaude erabat.

80ko hamarkadan, liberalen eta komunitaristen arteko eztabaidan nabarmendu zen Taylor. John Rawls zenliberalen artean buru egiten zuena eta Charles Taylor, berriz, komunitaristen ordezkaririk puntakoena. Norbanakoari ematen zioten lehentasuna haiek; norbere komunitateko balore eta ohitura moralei, hauek. «Atomismo indibidualistaren» kritikatzaile zorrotza dugu Taylor.

Baina tradizio indibidualistarekiko kritiko izanik ere, modernitateari irekitako komunitate bat proposatzen digu. Erlatibismo moralaren kontra egon arren, berezitasun pertsonal nahiz kulturalak oso aintzakotzat hartzen ditu. Moralaren izaera «kokatua» aitortzeak ez omen du esan nahi, inola ere, kontestualismoak etikaren azken irizpidea izan behar duenik.

Joera kontrajarrien artean zubiak ezartzen ahalegindu da Taylor betiere: Ilustrazioa eta komunitarismoa, arrazoia eta fedea, filosofia eta ekintza politikoa, filosofia analitikoa eta filosofia kontinentala uztartzen saiatu da. Kulturaniztasunari buruzko haren ideiek eragin itzela izan dute. Alde horretatik, nahiko muturrekoak dira haren ideiak («eskubide kolektiboek» lehentasuna dute «eskubide indibidualekiko»).

Gizabakoaren identitate modernoa ikertu du Taylorrek guztiz bereziki. Ni-aren iturri moralen bila ibili da. Ni-a komunitateari lotuta dago esentzialki. Subjektu moralaren kontzepzio morala haragigabetzat jotzen du Taylorrek. Gizaki abstraktu, desustraitu eta mamigabetzat dauka. Pertsona bakoitza bere sorlekuan, bere tradizioan, bere iraganean, bere hizkuntzan eta talde balioetan sustraituta dago. Kultur berezitasuna funtsezko gauza da komunitate bateko bizitza politikoa antolatzerakoan.

Bere komunitatearekiko harremanak eratzen du norbanakoaren identitatea. Norbere buruari leial izatea nire komunitate propioari leial izatea esan nahi du. Identitate kolektiboa eta haren errekonozimendua elkarren eskutik doaz. Kultur komunitate bakoitzak bere errekonozimendurako eskubidea du. Nolabaiteko autonomia politikoa zor zaio. Horregatik, legeak ez direla neutralak dio Taylorrek: talde bakoitzak bere berezko helburu eta balioak hautatzeko eskubidea du, eta legeriak bermatu behar ditu aukera indibidual soilaren mende utzi gabe.

Gure identitatea, batik bat, komunitatearen identitateak definitzen duela dio Taylorrek. Komunitate linguistikoaren garrantzia azpimarratudu batez ere. Hizkuntzak moldatzen du, funtsean, komunitatearen identitate kolektiboa. Gutxiengo nazionalen biziraupen kulturala —bere kasuan, Quebeceko kultura frantsesduna— funtsezko baliotzat dauka. Quebec frantses-hiztunaren identitate propioaren aldezle sutsua da. Ingeles deitura duen arren, quebectar izateaz harro dago.

Kanadako federalismoaz eta nazionalismoaz saiakera bilduma bat argitaratu zuen 1992an,Bakardadeak elkartzenizenekoa (Acercar las soledades. Federalismo y nacionalismo en Canadá. Gakoa, 1999). Autodeterminazioa, subiranotasun politikoa, naziotasuna eta eskubide kolektiboak aztertzen ditu bertan. Arretaz irakurtzea merezi duten testuak dira, inolaz ere.

Estatuari, nazioari eta nazionalismoari buruzko Taylorren gogoetek Quebeceko kasuan dute aplikazio zuzena. Parte zuzena hartu du beti hango politikagintzan. Quebeceko Alderdi Demokratiko Berriarenhautagaia izan zenurte batzuetan. Gerora, parte-hartzepolitikoa pixkat alde batera utzi etaMcGill Unibertsitate anglofonoko irakaslea izan da luzaroan.

Elebitasuna eta kulturaniztasuna indarrean daude Kanadan, baina frantsesa da hizkuntza ofiziala Quebecen. Administraziorako, irakaskuntzarako, lanerako eta komunikazioarako hizkuntza komuna da. Frantsesa babesteko legeria berezia dago. 2007an, Gobernu kanadarrak Bouchard Taylor Batzordea sortu zuenkultur desberdintasunek eragiten dituzten desadostasunak kudeatzeko asmoz. Taylor filosofoa izan zen buru, Bouchard soziologoarekin batera. Kontuan hartu beharra dago, gainera, frantses-hiztunak ez direla hango jatorrizko biztanleak, cree, inuit eta gainerako indigena amerindiarrak baizik.

Taylor federalista da. Independentzia ez zaio aukerarik egokiena iruditzen.Ez dago, hortaz, Kanadatikbereiztearen alde. Nazionalista moderatua da, hitz batean. Federalismoak bermatzen ditu bai komunitate bakoitzaren identitate berezia eta bai hiritar guztien eskubide indibidualak.

Orain arte bi erreferendum egin dira Quebecen, 1980an eta 1995ean,eta biak galdu ditu independentismoak. Kanadako Federazioan jarraitzearen aldekoek irabazi zuten. Azken hauteskundeak Quebeceko Alderdi Liberal federalistak irabazi ditu gehiengo osoz. Ez dirudi, bada, hirugarren erreferenduma egingo balitz,sezesionistak nagusituko liratekeenik.Kanadako Parlamentuak Argitasunaren Legea onartu zuen 1999an. Lege horrek dioenez, argia izan behar du galderak, eta baiezkoak gehiengo nahiko bat lortu beharko luke.

Kanadak 35 milioi biztanle ditu eta Quebecek 8 milioi. Stephen Harper lehen ministro kontserbadorearen agintepean, Kanada asko aldatu da azken aldiotan. Gaurko Kanadak gero eta identitate pluraltasun handiagoa du. Gero eta gehiago dira etorkinak. Quebec eta haren eragina ahultzen ari direla ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.