2016: urte baten hitzografia

Esan zein hitz berri erabili diren urte batean, eta esango dizut nolakoa izan den urte hori. UZEIk zerrenda batean jarri ditu urte honetako 25 hitz eta kontzeptu berri edo asko aipatutakoak.

Edu Lartzanguren.
Donostia
2016ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Joxean Zapirain terminologoa da, eta hitzak maite ditu. Baina zer da terminologo bat? «Jakintza arlo espezializatuetan erabiltzen diren hitzez arduratzen gara terminologook», esan du. Hitz teknikoez, azken batean. UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroan lan egiten du Zapirainek, eta aurten mintzagai izan diren hitz berrien zerrenda osatu du. Aurten jendeak ahotan izan dituen 22 hitz berribildu ditu, eta hizpide izan diren hiru kontzeptu. Urtearen erretratua egin du, hitzen bidez.

UZEIren lanaren laburpena baino ez dute egin zerrendarekin: urte osoan aritzen dira atentzioa eman dieten hitzak biltzen. «Gure lana jendearengana umore puntu batekin helaraztea da honen helburua».

Izan ere, hitzak harrapatu egin behar dira, haizeak eramaten baititu batzuetan. Horren adibidea da jaso duten lehena: hoverboard. Nork gogoratzen ditu urte hasieran sonatuak izan ziren patinete motordun haiek? Bertsiorik merkeenek sua hartzen zuten, bateria arazoengatik. «Hitz hauek guztiak ez dira hiztegietara helduko, oso pasakorrak direlako, baina gero hiztegietara sartzen diren hitzak ere horrela hasten dira», esan du Zapirainek.

Bateriekin lotuta, bigarren hitza: ampere. Korronte elektrikoko intentsitatearen oinarrizko unitatea da, eta, orain arte, anpere erabakita zeukan Euskaltzaindiak. Baina Hiztegi Batuaren azken bertsioan, erabaki dute zorrotzago errespetatzea unitatea formulatu zuen Andre-Marie Ampere fisikariaren abizenaren ortografia. UZEIkoek sare sozialetan ematen dute aldaketen berri, eta urtero laburpena egiten dute, jendearen arreta termino horiengana bideratzeko.

Beste hitz berri batzuek eutsi egiten diote, ordea. Zapirainek eta lankideek Etzegarate toponimoa sartu zuten 2014ko zerrendan, Etxegarate zaharra ordezkatu duena. Mozal lege sartu zuten iazkoan, nola esan behar zen askotxo eztabaidatu ondoren.

Beste toponimo aldaketa bat sartu dute 2016ko zerrendan: Ezkio-Itsaso zenak Ezkio eta Itsaso eman ditu aurten, bi herriak banantzea erabaki dutelako erreferendum baten bitartez.

Barbalada ederra

Nondik ateratzen dira, ordea, hitz berriak? Ingelesetik da erantzun azkarra. Horren lekuko diraheelys oinetako gurpildunak; baita presidenteak agintetik kentzeko impeachment prozesua ere —aurten Brasilgo Dilma Rousseffi eginikoa, kasurako—, edo telefonoetan erabiltzen hasi diren SIM birtual-ak.

Baina ez da dena ingelesa. Badira euskarazko hitz sortzaile iaioak. Angel Erro idazleak sorturiko bi sartu dituzte teminologoek aurtengo zerrendan: heteromalgu. Euren burua homosexual jo gabe sexu bereko jendearekin sexu harremanak izan nahi dituzten pertsonak dira. Kolonbiako bake ituna sinatzeko erabili zituzten gailuak balaluma izendatu zituen Errok. «Gure zerrendak ez du irizpide zientifikorik», esan du Zapirainek. «Oreka» bilatzen saiatzen dira, eguneroko lexikokoak eta zientziaren arlokoak, «Ipar zein Hego Euskal Herriko hitzak eta nazioartean sona izan dutenak».

Azken horien adibide da grabitazio uhinak terminoa. Bistan denez, uhinak ez dira berriak, unibertsoaren hasieratik baitaude hor; ezta kontzeptua bera ere. Baina iaz behatu zieten lehen aldiz, eta aurtengo otsailean iragarri dute aurkikuntza. Zientzia arloan jarraituta, taula periodikoan sarturiko azken lau elementuak jaso dituzte zerrendan: nihonio, moskovio, teneso eta oganeson terminoak.

Bi animalia daude zerrendan: Japoniako Koben haragi preziatu bihurtzen duten idia wagyu arrazakoa dela jaso dute. Zerrendan sartu da, Araban hazten hasi direlako aurten. Ezpel-sitsa da bestea: Irundik (Gipuzkoa) Donostiara zabaldu da zomorroaren izurritea.

Anjel Lertxundi idazleak Barbalada hitza eskertu dio 2016. urteari. «Arrain sarda batek itsas arrasean egiten duen distira fosforeszenteari» deitzen omen diote horrela Hondarribian (Gipuzkoa), Lertxundik abuztuan idatzi zuenez. Barbalada izeneko pintxo batek irabazi zuen orduan Euskal Herriko pintxo lehiaketa, eta horri esker atera da hitza arrantzaleen hiztegien sakonetatik. Bat hautatu beharko balu, barbalada aukeratuko luke Zapirainek, 2016ko gogokoen gisa.

Megakamioia apirilean jaso zuten UZEIko terminologoek, trafiko araudian sartu zutelako kontzeptua. Azaroan, berriz, hedabide guztiek ibili zuten bolo-bolo, Pasaiatik (Gipuzkoa) Zangozarako (Nafarroa) bidea egin zuenean. Bide batez, Nafarroara sartu ezinik Etzegaraten geratu zen hainbat egunez.

Urte amaieran edo, hobeto esanda, Donald Trumpek AEBetako presidentetzarako bozak irabazi zituenetik, bolo-bolo dabil egia-oste kontzeptua. Garaiotan egiak eta datuek balioa galdu dutela jendearen iritzia formatzeko orduan, emozioen edo aurrejuzguen aldean: hori adierazi nahi da kontzeptu horrekin.

Politikako beste bat. Hitz arrunta izan arren bestelako kutsua hartu dutenak ere sartu dituzte: PPk, erdarazko a favor euskaraz emateko, alde aukeratu zuen. «Eztabaida handia egon zen haren inguruan», azaldu du terminologoak. Rajoyren alde, edo alde,Rajoy! Hori zen kontua. «Horrek erakusten digu hitzek uste baino garrantzi handiagoa dutela denon bizitzan, ez direla liburuen artean dabiltzan lau zororen kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.