Gehituk ikerketa «zorrotzena» nahi du Bilboko hilketen auzian

Fiskaltzari «biktimen eskubideen aurka» aritzea egotzi dio, gizon homosexualen hilketen harira

Oskar Arroyuelo, Maitane Arzalluz eta Saul Castro, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
xabier martin
Donostia
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak herri akusazioa baliatzea erabaki zuen iazko uztailean, komunikabideek jakinarazi zutenean ikerketa polizialak eta judizialak abian zeudela Bilbon, gizon gay eta bisexualen aurka egindako ustezko hilketa eta hilketa saio batzuk zirela eta. Erabaki horren berri atzo eman zuen elkarteak, eta azaldu zuen zergatik dagoen herri akusazio gisa prozedurotan. «Larriturik» ikusi du Saul Castro Perez abokatuak auzi bakoitza bere bidea egiten ari dela, eta fiskaltzak ez duela haiek metatzeko eskatu, «nahiz eta patroi komun bat» dagoen guztietan.

Guztira, Bilboko instrukzioko zenbait epaitegitan bideratutako zazpi prozeduratan azaldu zen Gehitu iazko uztailean, herri akusazio gisa. Zehazki, bi hilketaren saiakera eta ustezko bost hilketa egin eta ondorengo delitu ekonomikoak zirela-eta abiatu dira horiek. Heriotzak naturaltzat jo zituzten hasieran, baina, pixkanaka, eta hori da Gehituren tesia, «zantzuak azaldu dira susmatzeko heriotza horiek itotze mekanismo baten bidez eraginak izan direla». Tesi hori objektiboki peritatzea badela uste du Castro abokatuak, «lesiorik uzten ez duen itotze mota bat» tarteko.

2021ean aurkitutako gorpuak heriotza natural gisa ebaluatu ziren, eta denen artean «antzeko patroia» egiaztatu arte ez ziren atzera ikerketak zabaldu. Gehituko kide Maitane Arzalluzek azaldu zuen patroi horren arabera, hildako guztiak zirela «adin jakin bateko gizonak». «Gainera, bakarrik bizi ziren; gizonen arteko kontaktu aplikazioak erabiltzen zituzten; eta haien banku kontuetan, hil ondoren, pertsona beraren aldeko diru mugimenduak hauteman zituzten». Arzalluzek «ikerketa bide guztiak agortu beharra» azpimarratu zuen, eta horretarako, autopsiaren jatorrizko txostenak zabaldu behar direla uste du.

Erantzun kontrajarriak

Izan ere, Oskar Arroyuelo Gehituko kideak ez du baztertu oraindik ere ustezko hiltzaile berarekin lotutako kasu gehiago azaltzea. 25 urteko pertsona horrentzat ia hemezortzi urteko kartzela zigorra eskatu du Gehituk epaiketa fasera iritsi den haren aurkako kasuetako batean, eta fiskaltzak, berriz, bederatzi. Iazko maiatzean, Irungo polizia etxea batera joan zen, eta han atxilotu zuten zenbait hilketaren susmagarri gisa. Ordutik kartzelan da.

Edonola ere, Gehitu «larrituta» dago antzekoak diren kasu batzuen aurrean «erantzun judizial guztiz kontrajarriak» egon direlako, Castro abokatuaren arabera. Esaterako, zazpi kasu horietatik hiru artxibatu egin dituzte, eta elkarteak atzera egin dadin helegiteak sartu ditu epaitegietan. Horietako bat Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarri du, babes helegite moduan. Castro «baikor» da helegite horiek izango duten erantzuna dela eta, baina hausnarketa batera deitu zuen gizartea: «Biktimen soslaiak kalte egin dio ikerketari, eta, horrekin batera, biktimen eskubideei: LGTBIfobia islatu da». Eta galdera bat egin zuen: «Adin bateko homosexualak eta bisexualak izan beharrean, harremanetarako aplikazioak erabiltzen, neska gazteak izan balira, erakundeek izan duten pasibotasuna izango zuten?» .

Horiek horrela, Castrok «harrigarritzat» jo zuen «benetako babeserako oinarrizko eskubidearen aurka» aritu izana zenbait epaitegitan eta fiskaltzan. Gehituko kide Arzalluzek, berriz, exijitu du «instrukzio epaitegiek eskatutako froga eginbideak egin ditzatela eta fiskaltzak egoki diren eginbide guztiak gauzatzeko eska dezala, ikerketa ahalik eta zorrotzena izan dadin eta egitateak guztiz argitu daitezen».

Informaziorik ez senideei

Hildakoen senide eta lagunei «besoak zabaldu» zizkien Gehituk, «ikusirik zenbait prozeduratan ez zaiela akzio eskaintzarik egin, ezta garrantzizko ebazpenak jakinarazi ere», nahiz eta horiek ezagutzeko eta helegitea jartzeko eskubidea baduten senideek. «Gehituk borrokatzen jarraituko du egia lortzeko duten eskubidearen alde eta, hilketak izan badira, egoki diren erantzukizun penal eta zibilak zehazteko eskubidearen alde», esan zuen Arzalluzek.

Hala, elkarteak galdegin zuen gizon gay eta bisexual horien heriotzen eta heriotza saiakeren inguruko ikerketa judiziala «sakona» izan dadila, eta ikertzeko «aukera guztiak» agortu daitezela, hipotesi guzti-guztiak aintzat hartuz.

Egon litezkeen erantzukizun penalak zehaztea nahi du elkarteak, «biktimei dagozkien erreparazioak» egiteko, eta, hobetu daitezen «LGBTIfobia prebenitzeko eta lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen funtsezko eskubideak babesteko neurriak, protokoloak eta politika publikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.