Gipuzkoako zahar etxeen egoera salatzeko beste bi greba egun egingo dituzte

Irailaren 23an eta 24an egingo dituzte lanuzteak, ELAk eta LABek deituta. Egun horietara begira,. Zaintzaldia ekinaldia ere antolatu du ELAk

Langileak protestan, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
O. Puertas Ramirez
Donostia
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Aspaldi ari dira Gipuzkoako zahar etxeetako langileak lan baldintza hobeen eske protestan; ekainaren 14an egin zuten, adibidez, 250. greba eguna ELA sindikatuak deituta, LABek ere egin ditu hainbat, eta kalera irteteko deia egin zuten bi sindikatuek atzo: grebara deitu dituzte berriro langileak, irailaren 23 eta 24rako. LABeko ordezkarien arabera, bi greba egunak eta horietan egingo dituzten ekinaldi eta mobilizazioak «bateratuak» izango dira.Era berean, ELAko ordezkariek beste sindikatu guztiak eregonbidatu dituzte «indarrak batu» eta antolatuko dituzten grebetan eta mobilizazioetan parte hartzera.

Donostiako 69. Zinemaldiarekin bat egingo dute greba egunetan, eta, jaialdiaren harira, Zaintzaldia ekinaldia antolatu du ELAk, «manifestazio, kontzentrazio eta protestekin». Grebaren 251. eta 252. egunekin batera egingo dute. 2019an egin zuten lehenengoz Zaintzaldia, kanpaldi bat, eta, aurtengo osasun egoeraren ondorioz kanpaldirik antolatuko ez duten arren, «zerbait berezia» iragarri du sindikatuak. Zinemaldira joango diren «izar guztiei» egitasmoaren barruan antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbita egin die sindikatuak.

Lan baldintzak, okerrera

ELAk adierazi duenez, egoera «gero eta larriagoa» da, pandemia aurretik zeukatena baino «okerragoa»: «Langile falta ikaragarria dago; ez da jartzen gaixoaldian dauden langileen ordezkorik, oporretan daudenenak ere ez...». Udak, gainera, ez du lagundu egoera hobetzen: «Langileen lan baldintzak gogorrak dira, eta egoiliarren bizi baldintzak, oraindik eta gogorragoak». Ondorioz, greba egiteko beharra «handiagoa» dela aldarrikatu du.LABek ere nabarmendu du egoeraren «larritasuna», eta «jasanezina» dela esan du.

ELAk salatu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia «ez da gai langileekin biltzeko». Horregatik, sindikatuaren arabera, diputazioak zahar etxeetako langileen lana «gutxiesten» du, eta langileak «umiliatu» nahi ditu.Era berean, LABek nabarmendu du egungo egoeraren «erantzukizun osoa» Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta patronalarena dela: «Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu soziala gutxitzea lehenesten dute».

Bi sindikatuek adierazi dute alorra «publifikatzearen» garrantzia. Egoitzen egoera «zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan baldintzen prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomikorik ezaren ondorio» dela azaldu du LABek. ELAren arabera, «gizartea kudeatzen dutenek» zaintza «negozio huts» bilakatu dute.

Greba eskubide «zapuztua»

Ia hiru urte daramatzate greban zahar etxeetako langileek lehenengo greba 2018ko irailaren 28an egin zuten, baina, pandemiaren etorrerarekin batera, greba eten eta lanera bueltatu ziren. Pandemian lan baldintzek okerrera egin zutela ikusita, lanuzteak egiten hasi ziren berriz iazko urrian.

ELAk salatu du gutxieneko zerbitzuak ezartzen dizkietela bidegabeki: «egoiliarren ongizatea bermatzea» ez da xedea; langileen greba eskubidea «zapuztu» nahi dute. Izan ere, sindikatuko ordezkarien arabera, irailean %100eko zerbitzua izango duten «egun bakarrak» irailaren 23a eta 24a izango dira, «segur aski».Sindikatuko ordezkarien aburuz, hor ikus daiteke «zein perbertsoa den sistema», eta aldundiak, enpresek eta Eusko Jaurlaritzak «interesbera» dutela uste dute: «Greba zapuztea, beren ereduak jarraitzea, eta ahal duten diru guztia eramatea poltsikora». LABen arabera, «borroka sindikala aurrera ateratzea oztopatzen» ari dira. Izan ere, «gutxieneko zerbitzuak direla eta», greba egunetan lan egin behar duten langile guztiek ezingo dute mobilizazioetan parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.