Azaroan 1.006 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hegoaldean

146.193 pertsona daude langabezian. Gizarte Segurantzak 1.494 kotizatzaile irabazi ditu

Irune Lasa.
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Azaroa hilabete mesedegarria izan ohi da langabeziaren eta enpleguaren datuentzat, eta aurtengoan ere hala izan da, nahiz eta aldaketa oso handirik ekarri ez. Urriarekin alderatuta, langabeen kopurua apaldu egin da Hego Euskal Herrian, 1.006 langabe gutxiago baitaude. Hazi egin da, ordea, Gizarte Segurantzako afiliazioa: 1.494 afiliatu gehiago.

Urteko bilakaerari erreparatuta, joan den urteko azaroan baino 8.321 langabe gutxiago daude, eta 27.853 afiliatu gehiago. Azaroan, orotara 146.193 pertsona zeuden langabezian Hegoaldean, azken urteetako minimotik nahiko gora oraindik, ekaineko 141.179 langabeetatik. Langabezia tasa %10,90ekoa da.

Gizarte Segurantzarako afiliazioak, berriz, urriko igoera handiaren ostean —19.000 gehiago izan ziren—, gorantz jarraitu du azaroan ere, eta azken hamabost urteetako datu onena eman du Hegoaldean: 1.271.135 afiliatuko batez bestekora iritsi da.

Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera, joan den hilabetean sektore guztietan murriztu da langabeen kopurua, eta zerbitzuetan izan da jaitsierarik handiena, alor horrek murrizketaren erdia baino gehiago hartu baitu, 611 langabe gutxiagorekin. Hala ere, azpimarratzekoa da industrian langabeziak izandako jaitsiera ere, 236 langabe gutxiago baitaude.

Herrialdeka, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emaitza positiboen aldean, Nafarroak zenbaki gorriak eman ditu. 558 langabe gehiago zenbatu dira herrialdean, eta Gizarte Segurantzako afiliatu kopuruak ere behera egin du (240).

Langabezia gora Nafarroan

Hego Euskal Herriko datuarekin ez bezala, Nafarroan ohikoena izaten da azaroan langabeen kopuruak gora egitea. Hori azpimarratu du foru gobernuko Eskubide Sozialen Departamenduak, enpleguari buruzko zenbakien balorazioa egiterakoan. «Azken hamalau urteetan, hiru urtetan soilik jaitsi da langabezia azaroan Nafarroan [2015ean,2017an eta 2018an]. Beraz, oraingo datuek azken urteetako dinamika hori hautsi dela erakusten dute, azaroak ohikoagoa zuten joerara itzuli direla, langabeziaren igoeretara». Nafarroako Gobernuak azken urteetako daturik okerrenei begiratzea hautatu du langabeziaren azaroko datuei buruzko iritzia ematean: «Ez da komeni ahaztea Nafarroak 2013ko otsailean iritsi zuela langabezia handiena: 56.524 langabe». Ordutik erkidegoan 24.108 langabe gutxiago daudela azpimarratu du departamenduak. Afiliazio datuekin ere, foru gobernuak nahiago izan du urte arteko igoera positiboari begiratu, hilabeteko afiliazioaren jaitsierari baino.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu Beatriz Artolazabalek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu hobeagoak izan ditu eskuartean, eta horri esker azaroa «hilabete ona» izan dela ondorioztatu ahal izan du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.237 emakumezko langabe gutxiago egotea ere azpimarratu du. Gizarte Segurantzako afiliazioren bilakaera ona ere aipatu du, nabarmenduta 2008. urteko zenbateko errekorren gainetik dagoela.

Zenbaki handiez, ELA sindikatuak kontratazio mugagabeak hilabeteko epean izandako %25eko murrizketa aipatu du. Era berean, gogoratu du langabezian daudenen %54k (78.829) ez dutela jasotzen ohiko prestaziorik, eta hori ere gaitzetsi du ELAk.

LAB sindikatuak, besteak beste, langabezian urtebetetik gora daramaten 65.000 pertsonak izan ditu gogoan. Bestalde, LABen ustez, langabezia «kalitate txikiko enpleguaren» ondorioz murriztu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.