Prekaritatea jomugan jarri dute sindikatuek aurtengo Maiatzaren Lehenean

ELAk Bilbon eta Iruñean egingo ditu manifestazio handiak, eta LAB eskualdez eskualde ariko da. CCOO eta UGT batera aterako dira

Maiatzaren Leheneko ELAren manifestazioa, iaz, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak eta pentsiodunek «kalera eraman duten erreibindikazio oldea indartzeko» aukera egokitzat jo dute sindikatu abertzaleek aurtengo Maiatzaren Lehena. Lan esparruko erreibindikazioek alboan izango dituzte «eraldaketa sozialarekin» lotura duten eskaerak. Euskal hiriburuek, eta hainbat eta hainbat hirik eta herrik sindikatuek deitutako manifestazioak eta elkarretaratzeak hartuko dituzte, gaur; lan hobekuntzak erreibindikatzearekin bat, «eredu sozial berri bat» bultzatu nahi dute ELAk eta LABek. Pentsioak, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala, lan baldintzen prekaritatea... Maiatzaren Lehenaren musikari ez zaio faltako hitzik. Sindikatu abertzaleak bakoitza bere aldetik manifestatuko dira. CCOOk eta UGTk, berriz, deialdi bateratuak egin dituzte.

ELA

Pobreziari gerra; sobera inor ez lelopean egingo ditu manifestazioak ELA sindikatuak, Bilbon (11:45) eta Iruñean (12:00). Adolfo Muñoz idazkari nagusia Bilbon izango da, Jesusen Bihotza plazatik abiatzeko Plaza Biribilaren aldera. ELAk gogoratu du asteon euskal erakundeek diotela krisia gainditu dela, «baina gure gizartean pobrezia, prekaritatea eta desberdintasun sozialak areagotzen ari direla». Sindikatuak dio aberastasunaren banaketa «gero eta bidegabeagoa» dela, eta enplegua izatea ez dela jada «bizitza duin bat izateko bermea». Langile pobreak gero eta gehiago dira, Muñoz gidari duen sindikatuaren arabera. Aurtengo Maiatzaren Lehena «aukera bikaina» da ELAren ustez, feminismoak eta pentsiodunek ekarritako «erreibindikazio oldea indartzeko». «Parean daukagun erronka ez da nolanahikoa», dio sindikatuak, eta abisua eman du: «ELAk erabaki du borrokatu egingo dituela pobrezia eta beldurra».

LAB

LAB eskualde guztietan mobilizatuko da Hegoaldean, eta Baionan zein Maulen, Iparraldean (CDFT eta UNSArekin batera). Lan, bizi, herri duina leloarekin egingo ditu manifestazioak sindikatu abertzaleak, eta bi erronka izango ditu ardatz: «Eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea, eta aldaketa sozialerako gogo hori burujabetza prozesuarekin lotzea». Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Bilboko martxan egongo da (Zabalburu, 12:00etan); haren hitzetan, «eredu berri bat eta aldaketa soziala aldarrikatzen duen mobilizazio soziala bizi-bizirik dago». «Emakumeak kalera atera gara», esan du idazkari nagusiak asteon; «pentsiodunak kalean dira, eta asko dira lantokiz lantoki borrokan dabiltzan langileak». Aranburuk dio LABek lan munduan eragitea duela helburu, «borroka eta grebak sustatuz». «Baditugu proposamenak eta badugu zer borrokatu»: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, soldata arrakalaamaitzea, pribatizazioa eta azpikontratazioari aurre egitea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa...

CCOO-UGT

CCOO eta UGT elkarrekin aterako dira Irabazteko garaia da lelopean. Hegoaldeko hiriburu guztietan deitu dituzte martxak, «enplegu eta soldata hobeen alde, eta pentsio duinen alde». Loli Garcia eta Raul Arza, Euskadiko CCOO eta UGTko idazkari nagusiak, Bilbon izango dira. Iruñean, 12:00etan aterako da martxa, Zaragoza etorbidetik.

BESTEAK

ESK eta Steilas beste hainbat sindikaturekin manifestatuko dira Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan. Han izango dira CNT eta CGT, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.