Donostia gene terapiaren erreferentzia da Bayerri esker

Viralgenen laborategi berriak zabaltzeko, 70 milioi euroko inbertsioa egin du, Miramonen

Duque Espainiako ministroa eta Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria Viralgen bisitatzen, Donostian. IREKIA.
xabier martin
Donostia
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Kolaborazio publiko-pribatuaren gorazarrea bihurtu zen atzo Viralgenen planta berriaren inaugurazioa, Miramongo Parke Teknologikoan. Erakundeen eta ekimen pribatuaren elkarlanaren «emaitza» dira gene terapiaren esparruko Bayer taldearen instalazio ikusgarriak, Jude Samulski Asklepios BioPharmaceuticaleko fundatzaile eta presidentearen iritzian. Geneen bidez gaitzetan eragiteko goi teknologiaren aitzindarietako bat da Samulski, eta harekin bat dator Stefan Oelrich, Bayer Alemaniako multinazionaleko goi agintaria.

Biak ala biak egon ziren Viralgenen potentzialtasuna azaltzen EAEko agintari gorenen eta enpresa munduko hainbat eragileren aurrean: besteak beste, Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Donostiako alkate Eneko Goia, Adegiko presidente Eduardo Junkera, eta Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzinen aurrean. Espainiako Zientzia ministro Pedro Duquek ere eskertu zuen Bayer multinazionalak Viralgenen egindako inbertsioa, eta, une oro, Gipuzkoa eredu gisa jarri zuen ikerketa eta garapenaren alorrean eta esportatzeko gaitasunari dagokionez.

Viralgen 2016an sortu zuten, eta orain hilabete gutxi erosi zuenBayerrek. AEBetako AskBio ere erosketa prozesu berean bereganatu zuen. AskBiok zituen Viralgenen akzioen %50; izan ere, Jude Samulski ikerlariaren hauspoa funtsezkoa izan du bost urteotan. 4.000 milioi euroko operazioa izan zen, eta Stefan Oelrich Bayerren goi agintariak berretsi du Viralgenen inbertitzen jarraituko dutela, sinetsita daudelako «erabateko garrantzia» izango duela «mundu osorako». Hizlari guztiek azpimarratu zuten Donostia dagoeneko munduko erreferentzia dela terapia genetikoetan.

Luzerako etorri da Bayer

70 milioi euroko inbertsioari esker eraiki dute goi teknologiarekin baizik jarduten ez duen instalazioa. 130 langile ari dira han jadanik, ikerkuntzaren alorrean, baina merkatura bideraturik. Guztira, 260ko lantaldea osatuko da inbertsio fase guztiak amaitzean, 120 milioi eurorekin. Urkulluk garbi utzi zuen Europaren aitortza dutela berriro Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak berrikuntzaren alorrean. «Euskadik bere posizioa berreskuratu du berrikuntza handiko eskualde gisa». Viralgen martxan jarri zenean esandakoa gogoratu du agintariak: «Gure helburua da Europako farmazia enpresa handiek lurralde interesgarritzat jotzea Euskadi». Eta Bayerren apustua aitortzen eta eskertzen duela erantsi zuen.

Alemaniako konpainiako goi agintari Stefan Oelrichek esaldi biribila utzi zuen Bayerren asmoen inguruan: «Luzerako gaude hemen. Konpainiaren matrizetik etorri naiz esatera. Viralgenen gisako proiektuak dira medikuntzaren geroa». Oelrichek errepikatu zuen Viralgenek egiten duena «bakarra» dela munduan. «Laborategitik gaixoetara transferitzen ari dira ezagutza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.