EH Bilduk «urrunago» ikusten du orain DSBEa erreformatzeko akordioa

«Murriztailea» iruditzen zaio jeltzaleek eta sozialistek aurkeztu duten lege proposamena. Koalizioak ezberdintasun sakonak ditu edukietan

EH Bilduko Casanova eta Kortajarena, atzo, legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
EH Bilduk berak jakinarazi zuen, orain dela hilabete, hasiak zituela lehen hartu-emanak Eusko Jaurlaritzarekin DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma negoziatzeko. Itun hori orain «urrunago» dagoela ohartarazi du koalizioak, gobernua sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, aurkeztu duten lege-proposamenaren xehetasunak ikusi eta gero.

Filosofia orokorrarekin ez dator bat EH Bildu. Jeltzaleena eta sozialistena testu «murriztailea» dela iruditzen zaio, laguntzaren kudeaketari eta iruzurraren kontrolari garrantzi handiegia aitortzen diena. Errentaren onuradunak hatz marka batez identifikatzeko betebeharra ezarri nahi izatea litzateke horren erakusle. Neurri «erabat desegokia», Iker Casanova koalizioko legebiltzarkidearen aburuz, ordaina kobratzen dutenenganako «susmoa zabaltzea» helburu duena.

Batzuek eta besteek defendatuko dituzten edukietan desadostasun oso sakonak daude. Lehenik eta behin, baldintzetan. EH Bilduren ustez, beharrezkoa da DSBEa jaso ahal izateko gutxieneko adina 18 urtera jaistea, eta, horrekin batera, soilik urtebeteko erroldatzea exijitzea. EAJk eta PSEk orain arte bezala segitzea nahi dute: 23 urte gutxieneko adina, eta hiru urteko errolda, salbuespenak salbuespen.

Beste desadostasun garrantzitsu bat dago elkarbizitza unitateen definizioan. Jaurlaritzaren asmoa da etxebizitza bakoitzeko errenta bakarra egotea. Etxea partekatzen duten pertsonentzako osagarri bat egoteko aukera mahai gainean jarri du, baina ordain txikiago batekin, eta denboran mugatua. Soilik familia eredu tradizionalari begiratu zaiola salatu du Casanovak: «Biolentzia matxistaren ondorioz etxea partekatzen duten emakumeek ez lukete ordainak banaka jasoko».

Ordainaren kalkuluan, EH Bilduk exijituko du 2012. urtetik aurrera indarrean egon den %7ko murrizketari buelta ematea, eta errentaren eta gutxieneko soldataren arteko loturari eustea, gaur egungo legedian ezarrita dagoen modura. Jeltzaleen eta sozialisten proposamenak aurreikusten du gutxieneko soldatatik bereiztea ordaina, eta eguneratzeko erabakia urtero aurrekontu orokorren bidez finkatzea.

Haurrak dituzten elkarbizitza unitateen kasuan laguntza indartzea begi onez ikusi du koalizioak. Hala ere, EAJk eta PSE-EEk egin duten proposamena «erregresiboa» dela uste du. Horren ordez, adingabeko bakoitzeko 120 euroko osagarria egotea eskatu du.

Botoa, erabaki gabe

Nerea Kortajarena legebiltzarkideak onartu du akordiorako bidea «trabatu» duela EAJren eta PSE-EEren testu artikulatuak. Hala ere, negoziatzen jarraitzeko eta akordioak lortzeko prest jarraitzen dutela ziurtatu du. Horretarako, ezinbestekotzat jo du oinarrizko errenta sortu zen garaiko «espiritua berreskuratzea», eta baldintzak gogortzeko joera «alboratzea».

Erreforma legebiltzarrera eramateko erabili den prozedurak ezinegona piztu du oposizioko alderdien artean. Gobernuaren lege proiektu moduan aurkeztu beharrean, lege proposamen gisa joateak «pobreago» egin du, hainbat memoria ekonomiko eta txosten juridiko falta zaizkiolako.

Tramiterako onartzeko, edonola ere, jeltzaleek eta sozialistek beharrezkoa dute beste alderdiren baten babesa. Kortajarenak aurreratu du oraingoz ez dutela erabaki zer boto eman. «Lege berme guztiak dituen prozedura exijituko dugu», ohartarazi du.

Datozen asteotan eztabaidatuko da lege proposamena. Ez da EH Bildu kritiko agertu den bakarra. Asteon ere Elkarrekin Podemosek ziurtatu du «inoiz ez bezalako atzerakada» dela gobernuko alderdien nahia, eta eskubideak «prekarizatzea» egotzi die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.