Renaultek 15.000 langile gutxiagorekin hasi nahi du bere birmoldaketa

Ekoizpen gaitasuna txikitu nahi du, eta gastu batzuk partekatuko ditu Nissan eta Mitsubishirekin. Inbertsioak geratuko ditu Frantziatik kanpo

Renaultek itxiko duen tailer bat, Choisy-le-Roin. YOAN VALAT / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Carlos Ghosnen aroa danbateko batekin itxi nahi du Renaultek. Japoniatik ihesi Libanon babesa aurkitu zuen buruzagiaren helburua zen Renault eta haren bazkide Nissan eta Mitsubishi munduko auto ekoizle handienak bilakatzea, eta doi-doi lortu zuen 2018an. Baina beste garai batzuk ziren horiek. Dieselaren gainbeherak eta autogintzaren elektrifikazio prozesuak abiatutako erreforma bizkortu du koronabirusaren krisiak. Eskariaren etenak azken iltzea jarri dio bolumenaren estrategiaren hilkutxari: orain, Renaulten eta aliatuen helburua da ekoizpena eskarira egokitzea, eta negozioa berriro errentagarria egitea. Birmoldaketa horren prezioa langileek ordaindu ko dute: ia 15.000 langile kaleratuko ditu Renaultek hurrengo hiru urteetan. Beste erremediorik ez duela azaldu du Dominique Senard Renaulteko presidenteak: «Renaulten geroa dago jokoan», esan dio Le Monde egunkariari. «Renaulten eta lehiakideen arteko lehiakortasun tarteak arriskuan jarri gaitu».

Helburua neurria txikitzea da. Renaultek 5,5 milioi auto ekoizteko gaitasuna du, baina 3,8 milioi baizik ez zituen egin iaz. Gaur egun, gaitasunaren %60 erabiltzen du Frantziako lantegietan, eta %80ra iristea da helburua.

Uste askoren aurka, Renaultek ez du iragarri Frantzian hiru muntatze fabrika itxiko dituenik, nahiz eta horrek ez duen esan nahi halakorik ez denik gertatuko: arriskuan dago Dieppeko lantegia, eta Maubegeko ekoizpenak Douai auzoan buka dezake. Choisy-le-Roiko tailerra itxiko du eta han moldatzen dituzten osagaiak Flinsen egingo dituzte;Fonderie de Bretagne (Caudan, Bretainia) fundizioan irekita dagoen zatiak ez du aurrera egingo.

Iragarritako itxierak ez gertatu izanak iradokitzen du Renaultek kontuan hartu dituela Frantziako Gobernuaren presioak. Estatua da Renaulteko akziodun nagusia (%15), eta 8.000 milioi euroren plan bat iragarri berri du saldu gabe geratu diren dozenaka mila ibilgailu saltzeko eta Frantziako autogintza etorkizun elektrikorako prestatzeko. Plan horren hanketako bat da Renaulti 5.000 milioi euroren mailegu bat bermatzea. Iragarri duenez, ez du sinatuko enpresaren eta langileen arteko elkarrizketak amaitu arte. «Elkarrizketa eredugarri bat» agindu die Senardek sindikatuei, eta kaleratze gordinak saihesten saiatuko direla. «Haustura soziala eta desindustrializazioa» salatu dute sindikatuek.

Aurrezkia, bulegoetan

Senardek esan du saiatuko direla mailegu hori ez ukitzen, baina agian ez du beste erremediorik izango, likidezia aldetik estu dabilelako. Salmenten iturria bi hilabetez itxi izanari batu zaizkio iaz141 milioi euro galdu zituela —lehen galerak hamar urtean—, eta Nissanek ematen zion dibidendua ez dela iritsiko: Japoniako autogilearen %43 da Renaultena, eta hainbat urtez baliatu du haren ekarpena bere kutxak betetzeko. Iaz, ordea, 5.660 milioi galdu zituen.

Senarden asmoa da hiru urtean 2.150 milioi euro aurreztea; 650 milioi etorriko dira ekoizpen hutsetik, 800 milioi ingeniaritzatik eta ikerketatik, eta 700 milioi administraziotik. Hau da, ekoizpen katean baino gehiago, bulegoetan etorriko direla ahaleginak. Frantzian 4.600 lagunek galduko dute enplegua, eta 10.000 handik kanpo —lehen itxuraren arabera, ez die Espainiako lau lantegiei eragingo—. 180.000 langile Renaultek.

Marokon, Errumanian, Errusian eta Hego Korean inbertsioak geratuko ditu, Txinako merkatutik aterako da, eta Turkian eta Eslovenian egiten dituen osagai batzuk Frantziaratuko ditu.

Berregituraketak bat egiten du Nissanekin eta Mitsubishirekin negoziatutako estrategia berrian. Albo batera utzi dute Ghosnek nahi zuen fusioa, baina aliantzari eutsi diote, ingeniaritza eta ikerketa gastuak partekatu, eta indarrak bildu. Horrela, Renault izango da marka gidaria Europan eta Hego Amerikan, Nissan Txinan eta AEBetan, eta Mitsubishi Asia hego-ekialdean. Renault arduratuko da dieselaz eta auto txikiagoak garatzeaz, Nissan noranahikoez, eta Mitsubishi hibridoez. Hau da, modelo bat merkaturatu behar dutenean, lehenik hautatuko dute nork gidatuko duen proiektua. Birmoldaketa horren ondorio da Nissanek Kataluniako eta Indonesiako fabrikak ixtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.