Nigeriako Gobernuak baieztatu du 110 neska bahitu dituztela islamistek

Astebete egin du Boko Haramek ipar-ekialdeko Dapchi herriko eskolari eraso zionetik

mikel rodriguez
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Atzo bete zen astebete Boko Haram muturreko talde islamistak Nigeria ipar-ekialdeko eskola bati eraso zionetik. Handik egun batzuetara argitaratu ziren lehenbiziko informazioak, dozenaka ikasle, neska adingabeak, bahituta eraman zituztela, eta gobernuak astebetera baieztatu du gertatutakoa. Lai Mohammed Informazio ministroaren arabera, Dapchi herriko eskolan matrikulatuta dauden 906 ikasletatik, 110 eraman zituzten muturreko islamistek. «Gobernuari erreguka ari gatzaizkio egoera agudo kontrolpean har dezan», adierazi dio BBC kateari Kachalla Bukarrek, bahitutako baten aitak.

Muhammadu Buhari presidenteak joan den astebukaeran adierazi zuen gertatutakoa «hondamendi nazional bat» izan dela, eta barkamena eskatu zien bahituen familiei. Ipar-ekialdera tropa gehiago bidaliko dituela erran du gobernuak, eta eskoletako segurtasuna hobetuko duela. «Nigeriarrei ziurtatu nahi diegu ez dugula utziko harri bakar bat ere azpian begiratu gabe, neska hauek aurkitzeko ahaleginean», erran du Mohammed Informazio ministroak.

Lekukoen kontakizunen arabera, Boko Harameko kideek eskolari eraso ondoren, ehunka ikaslek, irakaslek eta langilek oihanera jo zuten ihesean. Horregatik, gobernuak hasieran ukatu egin zuen neskak bahituta zeudela, eta oihanean galduta zeudela erran zuen. Bertsioa aldatu egin zuen, ordea. Lekukoen arabera, erasoaren ondoren armada ailegatu zen Dapchira, eta, borrokaldi baten ondoren muturreko islamistek alde egin zuten.

Bahiketek segidan gogora ekarri zuten Nigerian 2014an gertatutako antzeko kasua, Chibokeko nesken bahiketarena. 2014ko apirilean Boko Haramek Chibok hiriko eskola bati eraso zion, eta 270 neska eraman zituen. Gaur egun, haietako 100 baino gehiagok jarraitzen dute muturreko islamisten menpe. 2014an nazioarteko kanpaina handi bat sortu zen haien askatasuna eskatzeko, BringBackOurGirls (itzuli gure neskak) lemarekin.

Bukatu gabeko gerra

Roger Nicholas armadako jeneralak joan den urtarrilean adierazi zuen Boko Haram «erabat» garaitu zutela, baina iragan asteko bahiketaren aitzinetik ere, atentatuak egin ditu talde horrek. 2009az geroztik gutxienez 20.000 lagun hil dituzte haren aurkako gerraren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.