Espainiako ministro ohi Zaplana atxilotu du Poliziak, ustelkeriagatik

Valentziako presidente zela eginiko legez kanpoko adjudikazioengatik ari dira ikertzen

Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Lan ministro ohi Eduardo Zaplana atxilotu zuen Guardia Zibilak atzo goizean. PP alderdiarekin lotutako beste operazio batean atxilotu zuten, Erial operazioan, beste bost lagunekin batera. Kapitala zuritzea, funtsak desbideratzea eta diru publikoaren erabilera bidegabea egitea egozten dizkiote Zaplanari. Valentziako (Herrialde Katalanak)8. Instrukzio Epaitegiak agindu du operazioa.

Ustez, lortutako diru beltza paradisu fiskaletatik Espainiara eraman zuen Zaplanak. Legez kanpoko adjudikazioen bidez kobratutako eskupekoetan egongo litzateke diru horren jatorria. Ikertzen ari diren adjudikazio gehienak Zaplana Valentziako Generalitateko presidente zela eginak dira, 1995. eta 2002. urteen artean. Valentziako Plan Eolikoa eta Valentziako Erkidegoko IAT ibilgailuen azterketa teknikoen adjudikazioa dira nagusietako bi. Guardia Zibilak bi adjudikazioen txostenak eskatu ditu, eta ministro ohiaren etxea ere arakatu zuen.

Zaplanaren izena atera izan da PPri lotutako beste ustelkeria kasu batzuetan ere, Lezo eta Punica kasuetan. Ez da ustelkeria egotzi dioten Valentziako Generalitateko presidente ohi bakarra. Aurretik, Francisco Camps eta Jose Luis Olivas ikertu ditu Poliziak. Hiruren artean Generalitatea zuzendu zuten 1995etik 2011ra.

Atzoko sei atxilotuen artean Vicente Cotino enpresaria ere badago, Espainiako Poliziaren zuzendari ohi Juan Cotinoren iloba eta Valentziako beste hainbat ustelkeria kasutan ikertua. Juan Francisco Garcia ere atxilotu dute, Zaplanaren kabineteko zuzendari izana eta Estudiantes saskibaloi taldeko presidente ohia. ACBko presidente izateko hautagaia zen, baina ligak bertan behera utzi du aukera.

PPtik kanpo

Zaplana Benidormgo (Herrialde Katalanak) alkate izan zen lehenik, eta Valentziako Generalitateko presidente ondoren. Jose Maria Aznar Espainiako presidentetzara iristean, ordea, harekin batera joan zen, lehenik Lan ministro gisa, eta gero gobernuko bozeramaile gisa. 2008an politika utzi zuen, Telefonican lan egiteko. Ordutik, enpresa hartan aritu da, baina Telefonicak ministro ohiarekin duen lan harremana eten du atxiloketaren berri izatean. PPko koordinatzaile nagusi Fernando Martinez-Maillok ere adierazi zuen alderdiak Zaplanaren militantzia etengo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.