Italiak «immigrazioaren negozioa» amaituko duela hitzeman du Contek

Italiako lehen ministroak programa hibrido bat aurkeztu du, populismoa eta sistemaren kontrako mugimenduaren politikak uztartzeko saioan

Giusseppe Conte Italiako presidentea, atzo, Senatuan. ANGELO CARCONI / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Giusseppe Contek ordubete eta hamaika minutuko hitzaldia eman zuen atzo senatarien aurrean euren konfiantza botoa jaso aurretik. Italiako lehen ministroa diputatuen aurrean mintzatuko da gaur, eta, euren babesa ere jasoko du; izan ere, orain arte guztiz ezezaguna zen abokatuak eta zuzenbide irakasleak aski du boterera eraman duten bi alderdien sostenguarekin —gehiengoa daukate— nekez osatu duten gobernuaren agintaldiari ekiteko.

Lega Nord eta M5S alderdien ildo politikoak uztartuz programa hibrido bat aurkeztu du lehen ministroak, populismoaren eta sistemaren kontrako mugimenduaren politikak sustatzea leporatzen diotenen ahotsak isilaraziz. Epiteto horiek, populista eta antisistema izatea, ontzat eman ditu bere lehen agerraldi publikoan, «populista izatea herritarren beharrak entzutea baldin bada, eta antisistema izatea pribilegio zaharrak astintzea baldin bada». Conteren esanetan, «haize berri batek» jotzen du herrialdean, «aldaketa erradikal bat» dakarrena, «guztiz identifikagarriak diren sistema ideologikoak gain behera» doazelako, eta «eskuina, ezkerra» eta halako parametroak zaharkituta daudelako.

Agintariak Italiako Gobernuaren programa aletu zuen, baina, bi alderdiak agintera eraman duten mezuan arreta berezia jarriz, kanpainan etengabe baliatu duten diskurtsoa garatuz. Contek immigrazioaren kontrako diskurtso zorrotza egin zuen, esanez «immigrazioaren negozioa» amaituko duela «elkartasun faltsuaren abaroan modu neurrigabean hazi» delako.

Europarentzat ere hitz gogorrak izan zituen; haren ustez, «estatuak modu berekoi» batean aritu dira «mugak itxiz» eta «erantzukizuna» herrialde bakar batzuen esku utziz. Immigrazio mugimenduen kudeaketa «porrota» izan da, haren hitzetan, eta, horren aurrean, banaketa «justu» bat aldarrikatuko duela iragarri zuen. Dublingo Hitzarmena atzean utzi behar den formula dela uste du; izan ere, zuzentarau horren arabera, iristen diren herrialdean egin behar dute asilo eskaera errefuxiatuek, eta formula horrek hegoaldeko herrialdeei egiten die kalte.

Matteo Salvini Barne ministroa mezu hori helaraztekoa zen atzo Luxenburgon. Europako Batasunak asilo arauak aldatzeko egitasmoa dauka esku artean, baina ez dirudi prest izango denik aurreikusitako datarako, ekainaren 28-29rako. Stephan Mayer Alemaniako Barne Ministerioko ordezkariaren hitzetan, ez daude «prest» plana onartzeko, «negoziazioen egoera onartezina» baita.

Salvinik «arauak» aldatzeko asmoa agertu du, eta horretarako konplize bila ari da. Viktor Orban Hungariako lehen ministroarekin mintzatu da, eta iragarri du harekin eskuz esku lan egingo duela. Ministroak egunotan adierazi du Italian ez dagoela denentzako «lekua, lana eta etxea», eta errepikatu du «italiarrak lehentasuna» dutela.

Etxeko kontuak

Giusseppe Contek, hala ere, etxeko kontuetan ere jarri zuen arreta, eta kanpainako promesei eusteko asmoa agertu du, langabeentzako errenta bat bermatuko duela aginduz. Italian %11koa da langabezia tasa, eta lana sustatzeko programak agindu ditu Contek.

Programan neurri ekonomiko ugari jaso ditu: besteak beste, ustelkeriari aurre egitea, mafiaren kontra borrokatzea, zerga ihesa eta iruzurra saihestea, zor publikoa murriztea, pentsioen erreforma gauzatzea, eta orduko gutxieneko soldata bat ezartzea. Osasunaren alorrean itxaron zerrendak murriztea izango da lehentasuna. Eta atzerri politikan norabide aldaketa bat iradoki zuen. AEBak «bazkide pribilegiatuak» badira ere, «Errusiarekiko irekiera» sustatuko duela hitzeman zuen lehen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.