Siriako gazteen artean gora egin dute suizidio saiakerek

Indarkeria «nabarmen» areagotu da Idliben, Nazio Batuen Erakundearen esanetan

Hiru haur eta emakume bat, desplazatuentzako kanpaleku batean, Sirian. AK / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Hamarkada bat baino gehiago igaro da Siriako gerra hasi zenetik, baina herrialdeko armadaren eta talde jihadisten arteko borrokek ez dute etenik herrialdearen ipar-ekialdean, nagusiki, Idlib eskualdean. Han, nabarmen egin dute gora suizidio saiakerek, batez ere gazteenen artean, Save the Children GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Iazko azken hiruhilekoan, bere buruaz beste egin zuten 246 lagunek, eta beste 1.748 saiakera zenbatu zituzten. Horien artean, %18k 16 eta 20 urte artean zituzten; eta %2,5ek —42 lagun—, 15 urte edo gutxiago.

Erakundeak eremuko bizi baldintzek okerrera egin izanaren ondoriotzat jo du bere buruaz beste eginiko herritarren kopuruak %86 gora egin izana, 2020ko lehen hiruhileko datuekin alderatuz gero. Izan ere, horien gehiengoa, 187 lagun, euren etxea uztera behartutako herritarrak ziren. Egun, 6,2 milioi desplazatu baino gehiago daude herrialdean, gatazkaren ondorioz, eta beste bost milioi baino gehiagok Siria utzi dute.

Gatazkari, gainera, krisi ekonomiko larri bat gehitu zaio, herritarren %80 pobrezia atalasearen azpitik utzi duena. Haurren egoeran zentratuz gero, bost milioi inguru dira laguntza humanitarioaren beharra dutenak Sirian, eta 2,1 milioi eskolara ez doazenak, GKEaren arabera. Egoera horrek «oldarkorrago, bakartiago eta mendekariago» bilakatu dituela uste du Hurras Network erakundeak, eta nabarmendu du Idliben osasun mentaleko arta jasotzen dutenen artean %15 inguru direla «pentsamendu suizidak» dituztenak.

Save the Childreneko Erantzun Humanitariorako zuzendari Sonia Khusek azaldu du egoera «kezkagarria» eta «etsigarria» dela: «Oso tristea da nola iristen diren puntu horretara, non ez dioten ikusten beste irtenbiderik hezkuntza, nahikoa elikagai eta etxebizitza egoki bat lortu ezin dituzten bizitza bati». Horiei beste hainbat faktore ere gehitu behar zaizkie: lan falta, etxe barruko indarkeria, haurren ezkontzak, familien banaketak… Hala, GKEak 14 urteko mutiko baten suizidioaren berri eman zuen aurreko astean, Hama errefuxiatu kanpalekuan. Egun batzuk geroago, 15 urteko neskato batek ere egin zuen bere buruaz beste: «Eztabaida bat izan zuen senarrarekin, eta hura etxetik atera zen. Itzultzean, neskatoa hilik zegoen».

Herrialdeko lurraldearen %80 inguru Damaskoren kontrolpean dagoen arren, Idliben eta herrialdearen ipar-mendebaldeko hainbat eremutan borrokek jarraitzen dute. Armadaren eta Hayat Tahrir al-Xamen —Al-Qaedaren adar bat da— artekoak lehen eremuan, eta Damaskoren aldeko milizien eta kurduen artekoak bigarrenean. «Lasaitasun erlatibo bat izan duen urtebeteko epearen ostean, azken hilabeteak erakutsi digu egoerak azkar egin dezakeela okerrera», azaldu du NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezi Geir Pedersenek: «Indarkeriak nabarmen egin du gora, batez ere Idliben».

Eremu hura Siriako armadak inguratuta dago hegoaldetik eta ekialdetik, eta Turkiarekiko mugak ditu iparraldean eta mendebaldean. Egoera horretan, «berebiziko garrantzia» du zona hartara laguntza humanitarioa bidaltzeak, Pedersenen esanetan. Laguntza hori bidaltzeko moduak, baina, gatazkan sartuta dauden aktoreen arteko desadostasunak azaleratu ditu. Besteak beste, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek Turkia eta Siria arteko muga erabiltzearen alde egin du, baina Moskuk eta Damaskok ez dute begi onez ikusten, argudiatuta Ankara dela eremua kontrolatzen duten talde jihadisten aliatu nagusia.

Herrialdearen ipar-ekialdean, berriz, egoera bareago dago; batez ere, astelehenean milizia kurduek eta NDF Defentsa Nazionaleko Indarrek —Damaskoren aldekoak— su-etena sinatu ostean. Aurreko astean, hainbat liskar izan zituzten Qamixli hirian, polizia kurduak Baxar al-Assad presidentearen aldeko miliziek kontrolatutako Tai auzoan sartu ostean; 40.000 lagun inguruk ihes egin zuten. Egun, kurduek kontrolatzen dute eskualdearen zati handiena, baina Siriako armadaren eta Poliziaren esku dago, besteak beste, hiriko aireportua.

Hilabete bozetarako

Egoera horretan, maiatzaren 26rako presidentetzarako bozetara deitu du Damaskok. Herenegun amaitu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta 51 lagunek eman dute izena; tartean zazpi emakume daude. Horien artean, ordea, Al-Assad da karguan jarraitzeko faborito argia.

Zerrenda, gainera, nabarmen murriztuko da datozen egunetan. Boto paperetan agertu ahal izateko, beharrezkoa da Siriako Parlamentuko 250 kideetatik gutxienez 35en babesa izatea —diputatu bakoitzak boto bat emandezake—. Beraz, azken zerrendan egotea bermatua duen bakarra Al-Assad bera da, haren alderdiak, Baathek, 177 eserleku baititu.

Pedersenek adierazi duenez, ordea, NBEk ez du bat egiten hauteskunde horiekin. Kontalari bereziak uste du gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazioekin aurrera jarraitzea delagatazkari amaiera emateko bidea: «2.254. ebazpenak Konstituzio berri batekin bat egingo duten hauteskunde askeekin amaituko den prozesu politiko bat erraztea agintzen dio NBEri». Hala, negoziazio mahaira itzultzeko exijitu die bi aldeei, eta elkarrizketak bideratzeko laguntza eskatu NBEren Segurtasun Kontseiluari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.