Siriako milioi erdi errefuxiatu etxera bueltatu dira azken urtebetean

NBEren arabera, atzerritik 31.000 itzuli dira. Estatu Islamikoa Alepo probintziatik bota dute

mikel rodriguez
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Siriak 23 milioi biztanle inguru zituen 2011n, gerra hasi zenean. NBE Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera, sei urteotan ia erdiek ihes egin behar izan dute etxetik. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi du azken urtebetean milioi erdi itzuli direla etxera, «joera eta kopuru nabarmenak», Andrej Mahecic bozeramailearen iritziz. Horietako gehien-gehienak, 440.000 inguru, herrialdearen barreneko desplazatuak dira, eta 31.000 inguru, berriz, atzerritik bueltatutakoak —bortz milioi inguruk alde egina dute Siriatik—. Gehienak Alepora, Hamara, Homsera eta Damaskora itzuli dira; hain zuzen, armadak berreskuratu dituen eremuetara. «Jende gehiena itzuli da jabetzak nola dituen jakiteko, senideak ikusteko... Pertzepzio propioa dute segurtasunaren egoerari buruz», erran du Mahecicek.

Siriako armadak mendebaldean, eta SDF Siriako Indar Demokratikoek ekialdean gero eta lurralde gehiago hartu ahala, borroka fronteak gutxitu egin dira, eta horrek eragin du milaka herritarrek itzultzeko erabakia hartzea, nahiz eta oraindik hagitz kopuru txikia izan. Borroka eremu nagusia Raqqan dago orain, EI Estatu Islamikoak 2014an Sirian ezarri zuen hiriburuan. Reuters agentziaren arabera, EIk kontraeraso bat egin zuen atzo, baina SDFek adierazi zuten «gibelera eginarazi» zietela muturreko islamista sunitei. Raqqatik mendebaldera, berriz, EIk Alepo probintzian zuen azken lurraldea berreskuratu zuen atzo Siriako Gobernuak, armadako iturri batek Reutersi jakinarazi zionez.

Hurrengo astean Siriako gatazka konpontzeko helburuz nazioarteko elkarrizketak egitekoak dituzte Astanan. Mendebaldeko herrialdeak ez dira joatekoak, baina azken egunotan Frantziak eta Alemaniak onartu dute Siriako Gobernuarekin negoziatzeko beharra dagoela.

Eraso kimikoaren ikerketa

Dena den, Errusia eta Mendebaldea liskar diplomatikotan murgilduta daude oraindik. OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak egindako txosten bat filtratu zuen atzo Reutersek, eta, horretan, ondorioztatzen du apirilan Khan Xeikhunen Siriako armadak eraso kimiko bat egin zuela —AEBek armadari egotzi zioten erasoa, eta base militar bat bonbardatu zuten—. Errusiak erantzun du OPCWren frogak «hagitz zalantzagarriak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.