Asier Serrano. Idazlea eta musikaria

«Pentsatzen dugu elkartuz gauzak lortuko ditugula, eta ez da egia»

Itzal aro batetik irteteko, poesia erabili du. Bi liburu plazaratu ditu aurten; biek sariketen bidez ikusi dute argia. Argi hori musika emankizun bat atontzeko baliatu du. Etzi azalduko du jendaurrean, Donostiako Poesia Orduak egitasmoan.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hamaikagarrenez bizilekua aldatu berri du, Eibartik Zarautzera mudatu da oraingoan. Irailaz geroztik lan berrian dihardu, Donostiako Larratxo auzoko Irale ikastegian, irakasleei euskara irakatsiko die aurten. Sorkuntzan ere azalberritua ageri da Asier Serrano (Eibar, 1975). Bere barneko minetik abiatuta idatzi zuen Ate osteko itzalak, eta gizarteari begirada kritikoa egiten dio, berriz, Linbotarrak-ek. Lehenarekin Kutxa-Irun Hiria poesia saria irabazi zuen eta bigarrenarekin Xabier Lete saria, biak ala biak diruz ondo hornitutakoak. Lehena Sevillako (Espainia) Algaida etxeak argitaratu zuen, eta ez zen batere gustura geratu edizioarekin: «Neure errua izango zen, ez bainion arretarik jarri». Bigarrena Pamielak plazaratu zuen: «Izugarri gustura nago egin duten lanarekin». Bi poemategietako piezetan oinarrituriko musika ikuskari berri bat prestatu du Antxon Sarasua musikari eta adiskidearekin eta Miren Fernandez kantariarekin batera. Etzi emango dute Donostiako Viktoria Eugeniako Club aretoan, 19:30ean.

Poesiak bizi zaitu oraindik?

Bai, batez ere ukendu izan delako azken urteotan. Erosotasun profesional batean bizi nintzen, kakotx artean, eta erortzen zarenean... konturatzen zara poesia ukendua izan daitekeela. Literaturak, eta poesiak berak, balio izan didate krisi egoeratan sartzeko, eta gero krisi horiek garaitzeko. Poesia entrenamendu bat izatea nahi dut, sorkari luzeago batentzako entrenamendua, eguneroko diziplinarako neurri egokia duelako, baina konturatu naiz poesiak gero bere bidea hartzen duela...

Berriro ahots poetiko baten jabe egin zarela esan berri duzu.

Konturatu naiz poeta begirada badudala, ez dela bakarrik hizkuntza edo gramatika kontu batera mugatzen. Beti esan izan dut euskalduna izan ez banintz ez nintzela idazlea izango, baina oraintxe zalantza daukat. Poesiak begirada hori eman dit, Uzbekistanen, Kanadan edo Nigerian jaioz gero ere, poeta begirada hori izango nukeela uste dut.

Kosta egin zaizu poeta begirada hori baduzula onartzea?

Iruditu izan zait beti harrokeria puntua hori esatea, baina suposatzen dut denok ere, idatzi edo ez idatzi, badaukagula begirada hori, eta egungo gizarteak horretarako sekulako aukera ematen digu. Kezkaguneak gero eta kausa txikiagoetan finkatzen ditugu, eta uste dut idazlearen zeregina hori dela, detaileez ohartzea. Buruan sartua daukagu mundua salbatu behar dugula, eta badago ikuspegi kolektibo bat dagoeneko nik ez dudana sinesten. Indibiduoan, begirada poetiko hori duen gizabanakoan, sinesten dut; gauza txikietan gero eta gehiago.

Norbanakoarentzako ukendua, baina gizartera iristen al da poesia?

Uste dut hartu dugula jarrera bat kolektiboetatik alde egiteko, lehen erabiltzen ziren esloganak desagertzen ari dira. Badira kontu txikiak adierazten dutenak poesia nahi bat. Nik sumatzen dut behar bat, komunikatzeko beharbat, geroz eta arrotzago egiten zaigu elkarrekin hitz egitea garaiotan, hezur-haragizko komunikazioa.... Baina, era berean, uste dut poetaren estetika aldatu egin dela eta gizarteak igarri duela hori. Poesia badago, eta sinesten dut poesian edo arte txiki honetan, iraultza txikietan sinesten dudan moduan.

Kurioski, bai Pako Aristik eta bai zuk, musikaren makulua erabiliko duzue Poesia Orduak jardunaldietan. Behar du poesiak musika, edo gizartera iristeko amu da?

Ez dakit beharrezkoa duen, nire kasuan gauza neurekoi bat izan da, hau da, neure buruari egindako opari bat. Nik izugarri disfrutatu nuen bi liburu hauek idazten, disfrutatu, sufrimenduaz ere disfrutatu daitekeelako. Ukendua geroz eta sarkorragoa zen, eta idazterakoan nabaritzen nion halako musikaltasun bat. Argi neukan bi liburu hauek bukatuko zutela ikuskari batean. Orain dela 23 urte egin nuen lehen poesia emanaldia, eta orduan bai behar nuela poemak paperetik altxatzea... Orduan, gehiago sinesten nuen. Esaten nuen poesia, niretzat, azukrea bezalakoa zela, solidoa, baina musikaren likidoa behar zuela aurrera egiteko. Oraingoan, aukera bat izan da. Garbi nuen lortutako diru sariarekin denbora erosi nahi nuela, eta denbora erosi nahi nuen ikuskaria gauzatzeko, lagunekin berriro elkartzeko... eta nire beste mamuak, beldur eszenikoak eta horiek, garaitzeko.

Egun badago taldetasunaren aldarriasorkuntzan. Oraintsu Oier Guillanek esan du autorea hiltzea izan dela bere bidea. Talkan dago zure ikuspuntuarekin?

Ikuskarian garbi ikusiko da badagoela lan pertsonal bat, testuak nireak dira-eta, baina badago sormen lan kolektibo bat ere, hitz horien zentzua aldatuko dutenak. Arteak helburu bakarra dauka, konpartitzea. Ez dauka beste misteriorik. Horren arraro sentiaraziko ez gaituzten kontuak partekatzea. Zentzu horretan ikusten dut Oierrek arrazoia daukala, bai. Baina konturatzen naiz gizarte modura badagoela kuadrillismo-aren joera gurean. Gatazka batetik gatoz. Herri oso politizatua da oraindik ere hau. Saiatzen gara kuadrilla bat osatzen, ez herri bat. Saiatzen gara kolektibo batean sartzen dena. Eta badaude gauza batzuk funtzionatzen dutenak, bai. Adibidez, aurtengo udan jaietan eraso sexisten inguruan egon den jarrera, batzearena. Min bat partekatzeko, horrek batu egiten du. Baina beste zenbait jarrera kolektibo behartu egiten ditugu. Nolabaiteko kuadrilla artifizial bat muntatzen saiatzen gara. Uste dut ez duela funtzionatzen, eta ez duela funtzionatuko. Pentsatzen dugu elkartuz gauzak lortuko ditugula eta ez da egia.

Nola, orduan?

Gizabanakoen elkarrizketa txikietan egingo dira urratsak ematekotan. Gizabanakoan benetan sinesten dut. Baina geroz eta urrunago nago kuadrilletatik...

Baita sorkuntzan ere?

Sorkuntzan gertatu zait ni bilakatu naizela geroz eta indibidualistagoa. Bazegoen garai bat, eta gainera harro esaten nuen, bilatzen nuena leku bat euskal kulturan ni artistarentzat, Asier Serrano sortzailearentzat. Zorte handiz lortu nituen helburu batzuk, plazan egotea, adibidez. Gero konturatu nintzen aukera hori partekatu egin behar nuela. Orduan kolektibo artistikoei garrantzi handia ematen nien. Sinesten nuen. Orduan esaten nuen: «Orain bilatzen dudana da euskal kulturarentzat lekua Euskal Herrian». Egia esan, sinesten dut gauza ederrak egiten direla. Oraintsu egona naiz Itu Bandakoekin, eta ikusten dut zein ondo ari diren; besteak beste, egungo baliabideak erabiliz euren sorkuntza lanak zabaltzeko, eta abar. 25 urte igaro dira ia gu Lubaki Bandan ibili ginenetik. Orduan elkartzen ginen baliabide teknologikoen beharrik gabe... Baina galdu egin dut interes kolektibo hori neuk, ez dakit digitalizazioaren eraginez edo zer... Oierri ez diot arrazoirik kentzen, baina autorea akabatu egin behar bada, une honetan, ni ez nago autore moduan hiltzeko [barreak]. Geroz eta indibidualistago sentitzen naiz, baina eroso nago sormen horretan.

Argitaletxeen babesa eduki izan duzu. Zergatik jo sariketetara?

Motibo nagusia zen ilusio ekonomikoa. Diru arazorik ez nuen, baina denbora erosi nahi nuen. Funtzionarioa naiz, eta, horregatik, ikuspegi bat daukat, diru publikoaren erabileraren perspektiba konprometitu bat. Ilusioa ez zen argitaratzea, baizik eta sari ekonomiko bat irabaztea. Horrek aukera emango zidalako denbora erosteko, eta nik denbora erosi behar dut...

Denbora erosi behar izateak lotura txikia du aipatzen duzun begirada poetikoarekin...

Bai, baina ez daukat horrekin kontraesanik. Apustu egin nuen askeago izateko dirua behar nuela. Ni, poeta, ez naiz rolbaten aurrean jartzean soilik. Poeta naiz une oro; hori sinetsita daukat. Liburu bati egunero bi ordu eskaintzen badizkiot, beste 22 ordu ditut poeta begiradarekin jarraitzeko.

Garbi zenuen, saria musika ikuskizun baterako erabiliko zenuela. Balio izan dizu berriro ere musikarekin adiskidetzeko, musikari sentitzeko?

Duela 11 urte utzi nion diskoak grabatzeari. Oso gaizki pasatzen dut kontzertuetan, eta konturatzen naiz beti pasatu izan dudala gaizki. Harrokeriarekin identifika daitekeen jarrera bat, guztiz kontrakoa zela ikasi dut. Lotsa zela, eta gutxiespen sentimendu asko nituela neure buruarekiko. Niretzat apustua zen oholtzara igotzea Lexatinik hartu gabe, alkoholik edan gabe eta gehiegi erre gabe. Apurka joan naiz onartzen zein naizen, nire mugak zein diren: musikarientzat idazle eta idazleentzat musikari naizela onartu behar dut. Argi daukatnahiko mediokrea izan naizela alor guztietan. Bostekoa izan naiz nire bizitzako alor desberdinetan. Gauza askotaz gutxi dakien pertsona bat naiz.

Baina, orain, berriz ere animoz?

Orain oso eroso nago, lokalean estudioan, lagun artean, grabatzen, eta abar.... Hartu dut horrelako patxada bat, eta ikusi nahi dut nola moldatzen naizen zuzenekoan. Viktoria Eugeniakoa aukera paregabea da horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.