Danbor zalaparta

Zalaparta ez da falta izaten San Sebastian egunean. Donostian eta Azpeitian haurren danborradak egin zituzten atzo, eta kultur hiriburuan, gainera, Wroclawra begira astindu zituzten danborrak.

1 GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Itsasoa hurbil, eta eguraldi epela lagun. Udaberriko egun baten itxura zuen atzoko egunak Donostian. Gauerdian helduek bandera igota San Sebastian jaiari hasiera eman ostean, goizean, haurrek hartu zuten lekukoa. Pixkanaka-pixkanaka eskola askotako 5.000 haur inguru bildu ziren Alderdi Ederren. San Sebastian eguna izanda, emozioa ezin ezkutatuta zebiltzan haurrak. Easo Ederra. Kapitaina. Banderadunak. Kantinerak. Zuzendariak. Soldaduak. Zaldunak. Danbor Nagusia. Denetarik zegoen haien artean. Erlojuak hamabiak jotzeko zain ziren guztiak, danborrak astindu, eta San Sebastian martxa jotzeko irrikan.

Haur gehienei luze egin zitzaien 12:00ak iritsi bitarteko tartea. Batek komunera joan nahi zuela, beste bati txapelak traba egiten ziola. Urrutira lagun bat ikusi zuela eta, hari deika garrasika hasi zenik ere bazen tartean. Antolatzaileek kaosa ordenatzen izan zuten nahiko lan. Hamaiketakoa banatu zieten umeei, eta pixka batean behintzat, geldirik egon ziren.

Axular ikastolako 11 eta 12 urteko neskatoak, berriz, behar zen lekuan zintzo jarrita zeuden. Barrikak gerrira lotuta zeramatzaten, eta arropa dotoreak zituzten soinean. Danborradan irteten ziren bigarren urtea zuten, eta, haien iritziz, «urteko egunik politena» da San Sebastian eguna. Txis pun deitzen dioten abestia jotzea gustatzen zaie gehien, koreografia bat duelako. Animatuta zeuden, eta dantza nolakoa den erakutsi zuten: buelta bat eman eta «txis pun!» oihukatu zuten denek. Behin danborrada amaituta, bazkaldu, eta eguna familiarekin ospatzeko asmoa zuten.

La Salle ikastetxeko zenbait ikasle «penetan» zeuden, zazpi urtez jarraian danborradan jo ostean aurten azken aldia dutelako. Helburu bakarra jarri zioten beren buruari: «Oso ondo jotzea eta ahalik eta gehiena disfrutatzea».

Emozioen gorabeherak tarteko, garrasiak eta zarata ez ziren falta atzokoan. Talde bakoitzak bere eskolaren izena oihukatzen zuen ozen, alboko taldearena baino hobea dela aldarrikatu nahi balute bezala. Zurriola ikastola munduko onena dela esan nahian ari zen 6 urte inguruko haur bat, ahoa ondo zabalduta, goiko bi hortzak falta zituela.

Iritsi ziren hamabiak, eta baita danbor hotsa ere. 2016a urte berezia da Donostiarentzat, eta modu berezian hasi zuten haurren danborrada. Europako kultur hiriburua izango da aurten Donostia, eta San Sebastian egunak haren inaugurazio ekitaldiekin bat egitea erabaki dutenez, gogoan izan dute Europako beste kultur hiriburua ere: Wroclaw (Polonia). Bi pantaila handi jarri zituzten udaletxe kanpoan, hango 4.000 haur inguruk eta Donostiakoek danborra aldi berean jotzeko. Modu digitalean konektatuta, bi kultur hiriburuetako umeek San Sebastian martxa ez ezik Wroclawko ereserkia ere jo zuten.

Segidan, taldeak kale aldera abiatu ziren, desfilatzera. Haien atzetik zihoazen zaldiak, gurdiak eta karroza. Eta, karrozan, goi-goian eserita, eguneko protagonista: Easo Ederra. Hipikako konpainiako Ane Martinezek, koroa buru gainean, printzesa bat zirudien. Oso egun «garrantzitsua» zen atzokoa harentzat, danborradan leku pribilegiatua izateaz gain, udaletxeko balkoian hitz egin zuelako. Alvaro Larrea jeneralarekin batera, mezu bat helarazi zien herritarrei: «Ondo pasatu eta gozatu. Eta baita Wroclawko lagunek ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.